Leuropa
Leuropa
2002, nobela
196 orrialde
84-95511-51-7
azala: Anthony Russo
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2006, nobela
2004, nobela
2000, nobela
1996, ipuinak
1992, ipuinak
1990, ipuinak
1986, nobela
1984, nobela
 

 

Kafeteriako sarreran zahar mehe mehe bat zegoen karrito edo hemen esaten dena karrosa batekin txutxeriak eta holakoak saltzen, gizonak eskuak seko makalduta zeuzkan, gero kafesnia eraman zioten baso batian eta pajita batekin edaten zuen eta tartian tartian lixtu egiten zuen paperezko kukurutxo batian.

        Barruan hogei baino gehiago gizon bazeuden, mahaietara jarrita, batzuk telebistari begira, alemanez edo pelikula bat zegoen, hor bi gazte partxisian, han kuadrilla bat zaku telarekin jantzita solasian, beste batzuk beren buruarekin marmarrian ari ziren, giro ilun samarra zegoen, izkina batian eseri ginen, ni nere artian: eztik ba oso diskretoa ematen toki honek...

        Ba, esertzia egin genuen eta kaletik tipo gazte bat sartu zen gure atzetik, arropa zikin zikinekin, hura nere ondoan jarri zen eta zerbait esan zidan arabez, nik enion entenditu, Mohamed eztakit zer, esan zuen, Mohamedi buruz zerbait ari zen, eta Sakik: Mohamed? galdetu zion. Bai, ni Mohamed, esan zuen bestiak. Eta Sakik berehala: Hi Mohamed zera izango haiz, noski dena espainolez. Eta bestiak, larri larri: Ez, ni ez Mohamed, ni Mohameden laguna, zuek nerekin etorri. Sekretuan bezala, eta ya jeikitzekoa egiten, berarekin joatekoa egiten zuen, baina Saki muittu ere ez, begira begira, eta bestiak: Mohamed gaixo dago, nik eraman, zuek nerekin etorri. Baina Saki etzen fiatzen eta halako batian beste tipo bat etorri zaigu, tipo helduago bat, eta bestiak hori ikusi du eta, besterik gabe altxa eta ziztu batian aldegin du!

        Gu hartaz gero komentatzen: zein ote zen hura? Igual espontaneo bat zen eta etzuen zerikusirik gure mobidarekin, zergatik hemen edozein da Mohamed, ez dakitenian bati nola deitu Mohamed! esaten diote... Dena dela, esan beharrik eztago gertakari horrek etziola Sakiri batere graziarik egin. Baina Mohamedekin ez genuen hitzik egin hartaz.

        Mohamed, hala baitzen, ustez beti ere, bigarrena sartu zen hura, gugana etorri zen eta, Sakiri: Jose? galdetu zion, eta Sakik: Mohamed? Bera zela, harek, harekin hitz egin zuen Sakik telefonoz. Saki etzegoen oso lasai, Mohamedek berriz, guri bostekoa eman eta gabe, kafeteriako gizonari etortzeko keñua egin zion, jarri zen, esan behar da horrek ere batere pinta onik etzuela, horregatik etzion Sakik deus esan beste tipoaz, lehenago sartu zenaz, total, agidanez hauxe zen benpein gure gizona. Edade batekoa, jilabarekin jantzita, buruan txano txiki bat, begirada kristalezkoa, makurra.

        Etorri zen kamareroa, Mohamedek tea eskatu zuen eta, guk zer nahi genuen, Sakik limonada eskatu zuen! Nik uste, diferentziak markatziagatik eskatu zuela limonada, eta nik ere berak bezala eskatu nuen. Gero tipoa ixil ixilik inora begira gelditu zen, eta Sakik:

        Non da Abdul? galdetu zion.

        Abdul hori zen Sakik ezagutzen zuena, aurrekoan negozioaz harekin mintzatu zen.

        Abdul preso dago, esan zigun Mohamedek. Ni naiz bere jendia, esan zigun. Bihar inxallah jendia dagoen tokira eramango zaituztet.

        Gero jakin genuen hori egia zela, Abdul egun batzuk lehenago Cabo Negron kontrabandoan zerbait ari zela detenitu zutela, baina momentuan esan behar da Saki oso moska zegoela.

        Esan behar da gero hitz egin zutenaz enintzela enteratu oso ondo, zergatik tipoa oso ixilka eta ni han izango ez banintz bezala, Sakiri bakarrik ari zitzaion, bestalde Sakik esan zidana, etzen batere garbia, esan nahi da gauzak erdizka eta ilun antxa esaten zituela. Benpein harek egin omen zuen kamionaren galde, paperak ekarri al genituen ere galde egin omen zuen, Sakik detailetan asko sartu gabe esan zion dena en regla zegoela, eta galdetu zion aber zenbat jende zegoen biajia egiteko.

        Eta Mohamedek: Badira bost arima oraintxe. Halaxe esan zuen, «alma» hitza ibili zuen.

        Bost? harritu zen Saki. Hamar ziren eta! Hala hitz egin zuen Abdulekin berak. Eta bestiak? galdetu zion.

        Berak etzekiela Abdulek zenbat esan zuen, berak zekien tokian bost lagun zirela zekiela bakarrik, esan zuen Mohamedek.

        Zer ari zarete, adarra jotzen? bota zion Sakik, eta: karga gutxienez hamar lagunekoa zela, hori zela hitza.

        Batzuk «desaparezitu» zirela, esan zuen Mohamedek, berak etzekiela nora. Baita, gure biajia oso garestia zela. Baita, batzuk barkuan joan ote ziren... Etzuen, ez, oso garbi hitz egiten.

        Baina, bostekin eztugu ezer egiten, esan zion Sakik. Pixka bat pentsatzen egon zen eta, bestiak ez baitzuen ezer esaten: Bostekin eztago negoziorik, erabaki zuen.

        Mohamedek orduan: noski bazela jende gehiago, esan zuen, baina prezioa jeitsi egin beharko genuela.

        Eta Sakik: Jeitsi? Zenbatera?

        Arima bakoitzak, zuretzat berrehun, esan zuen Mohamedek.

        Hainbesterekin Sakik usaia hartu omen zion, gero esan zidana: hura noski kilo erdia kobratuta egongo zen eta, guri horren erdirik ere ez emateko ari zen hala, alegia, hitz hartutakoa baino gutxiago eman nahi zigun. Errealidadia, biharamunian ikusiko genuenez, askoz ere zatarragoa zen.

        Sakik, berriz, musua bihurritu eta eutsi egin zion: prezioa Abdulekin jarritakoa zela, paperak hortako ekarri genituela, hori etzela negoziablia, eta kondizio haietan joan nahi zuenak izango zuela joatia, eta nahi etzuenak batez.

        Mohamed, berriz, jartzen etzaigu ba orduan pipa luzetik erretzen. Sartu baitzen, han ari ginela, kafian tipo gazte bat larruzko kazadora erdi puxkatu batekin eta buruan turbante bat zuena eta jarri zen ondoko mahaian beste gizon batekin pipa batetik erretzen, kifa, eta beraiek erre eta gero gazte horrek Mohamedi pasatu zion pipa eta honek pixka bat erre zuen eta Sakiri eskeini zion eta Sakik ezetz eta nik ere ezetz eta Mohamed ixilik, pipa hustu eta berriz ere piztu, gero pipa beste batek hartu zuen, hala zebilen eskuz esku pakiaren pipa bezala, eta han inor etzen ezer edaten ari, hemen ez baita han bezala tabernan edateko beharrik, eta batzuk hizketan ari ziren baina jeneralian etzen jendia batere berritsua, eta Mohamed ere ez, hala gelditu zen lurrera begira, ni nere artian: hau zeharo kolgatuta ziok!

        Saki bere limonadatik edaten eta nik ikusten nuen barrenak irakiten ari zela, normala da ezta? ze karga oso baten ustez bapatian haren erdia besterik ez genuen, gu bai geunden ederki kolgatuta! Eta denboraz larrixko gainera ze astearte edo asteazkenian buelta egin beharra geneukan.

        Kontua da, gure zerrendan hamar lagun bazirela, eta klaro, bost lagunekin, hitz egindakoa bete ezkero beti ere, guretzat kilo t'erdia gelditzen zen kasurik onenian, gehiago ezin zen espero, bai ordia bata zela bestia zela dexente gutxiago seguruenera. Gero hotelian komentatu genuenez: neskak aparte, behar ziren beste hamar bat lagun, lau bat kilo aseguratzeko, zergatik Mohamed kilo baten koska kendu gabe etzen benpein egongo: berarentzat eta majzenarentzat edo dena delakoarentzat. Noski neskak ere baziren eta haiek ere porzierto nondik edo handik altxatu beharko genituen baina gauzak ze joera hartzen ari ziren ikusita eta Mohamed nolako temosoa zegoen Sakik etzion neskena aipatu ere egin, eta gero mintzatu ginenez: beste zerbait pentsatu behar genuen, beste nolabait beharko genituen bildu gure pasajeroak, alegia, guk ibili beharko genuen jendiaren bila nolabait.

        Eta Mohamed, zerbait ohartu zen eta: Zu lasai, esaten zuen, eztago problemarik...

        Eta, bitartian partxisian ari ziren bi mutil haietako bat etorri zitzaigun eta Sakiri, tabako paketia mahai gainian utzi zuen eta, bi zigarrillo eskatu zion, bi garro hemen esaten den bezala, harek bazuen gurekin kurioxidade pixka bat, ni nere artian: hauek ere paperik gabekoak izango dira igual, ni nere artian: hauek ere esan ezkero igual joan egingo lirateke gurekin hara.

        Eta, limonada bukatu zuen eta: Bueno, esan zuen Sakik, hortaz jendia bihar ikusiko dugu?

        Inxallah biharamunian tratua itxiko genuela, esan zuen Mohamedek.

        Ordua esatia besterik etzen, eta halako tokian, arratseko zortzietan gelditu ginen.

        Agur seko seko esanda aldegin genuen handik. Sakik hoteleko bidian dios eta puta franko aipatu zuen. Mohameden gainian krixtonak esan zituen, esaten zuen etziola batere sinisten, kabron horrek, esaten zuen, diruak bai izango dituk hik galanki jasoak bazterren batian! Esaten zuen etzela batere fiatzen «Mohamed horiekin», eta moroen kontra berealdikoak atera zituen: halakoak zirela, bestelakoak zirela, gaiztoak, kaxkarrak, beti puñala nondik sartuko zebiltzala... Esaten zuen baita ere: Me caguen tal ze suerte txarra dudan Tximi! Hortako egin diagu zerrenda ditxosoa! Eta: Etzakiat nola aterako garen hemendik!

        Eta nik: Bueno, bostekin ere...

        Sakik parre egin zidan: Ze esaten duk? Honaino etorrita, arrisku berarekin... Eta: Oraintxe txalo jo, aterako dituk ziento bat harripeetatik. Enteratzen direnian Espainian jendia regularizatu egin behar dutela... Eta: egoteko lasai, nik nere kilo erdia kobratuko nuela.

        Hori esan zidan. Joe, hi.

        Zer duk, gutxi? Andoainen sei zerokoa esan zidan eta.

        Ez, ez. Kilo erdia, ondo zegoela, joe.

        Hobia daukak.

        Serio zegoen eta, ikusten duzu Sakiren umoria etzela lehengoa. Ya kamionian susmatuta nengoen, baina Tanjan ginela raso kanbiatu zen. Jendiarekin lakarrago zegoen, eta nerekin ere, ez oso samurra.