Leuropa
Leuropa
2002, nobela
196 orrialde
84-95511-51-7
azala: Anthony Russo
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2006, nobela
2004, nobela
2000, nobela
1996, ipuinak
1992, ipuinak
1990, ipuinak
1986, nobela
1984, nobela
 

 

Gaua aurrera zijoala eta denak etxian ginela etorri zen Saki bere poltsarekin. Tanja aldian gauzak ondo lotuta utzi omen zituen eta moto bat bezala zetorren.

        Dena listo ziok, esan zidan, orain hauek ikusi behar... bihar goizian kamiona handik mugitu behar diagu, arratsaldian granjan falta den jendia hartu eta bagoazek!

        Eta neskak ere lotu zituztela y el copón.

        Ya Krimorekin lotu zuen, bai? Ya bazeukan jendia zai beste nonbaiten. Esan ez dudana: arratsaldian, Sussu eta biok kanpoan ginela Krimo atera zen eta gabian Saki ailegatu eta geroxiago ailegatu zen bera, eztut esan ere goizian ikusi nuela eta mobilarekin zebilela, egunez Sakirekin kontaktuan ibili zen, bai? bitartian gauzak lotzen ibili ziren eta puntu bateraino gero ikusiko dugunez.

        Egondu ginen biok pixka batian hesi ondoan ilargiaren argitan, kontatu zidan ibili zela egun guztian ero moduan gelditu gabe, Delafonen kamiona deskargatzen aurrena, morroiak etzirela zortzietan azaldu eta bera ibili zela fenuitxarekin, gero ya batekin hitz eginda zegoela eta almazen batian lau pale hartu zituela, patatak, eta bitartian telefonoz nagusiarekin hitz egin zuela eta harek puertoan txatarra granelian hartzeko zegoela esan omen zion eta berak esan omen zion nola patata haiek bazituen dagoeneko eta beste zerbait emateko posiblia bazen, eta bueno eta suerte haundia eduki zuen! Zergatik orain kargak ez omen dira hain errex ateratzen, ze lehenago hemen etzen kamionerorik izaten baina orain bertan ere kamionero asko dago eta hauek prezio bajuagoekin lan egiten dute, benpein suertia eduki zuela esaten zuen ze handik hamar hamabost minutura agentziatik deitu omen zioten esanez Tetuango papeleran bazirela bobina batzuk eta gainera Billabonara eramateko haiek, Borobilera, eta behin ere gertatu etzitzaiona, lauretarako denak kargatu zituen eta kamiona Tetuango papeleran bertan utzi zuen eta ederki! Eta gero, denak bukatu zituenian eta taxi paradara zijoala bere atzetik sumatu omen zuen bazebilela susmo txarreko tipo bat, baina ez lapur gizajo bat, bera seguru hura txakurra zela, eta berak: Segitu nahi nau? Nekia izango dik! Oinez kasa krixtoraino joan zela eta benpein seguru zegoela harek etzuela segitu eta hala ere, biharamunian kontuz eta erne! ibili beharko ginela.

        Baita ere galdetu zidan aber txabolan zer moduzko jeneroa genuen, aber ez al zitzaizkidan matxinatu morroiak, hartan ginela Sussu pasa zen, Sakiri bostekoa eman zion eta neri arabez hargatik zerbait esan zidan, aber nere jefia al zen... broma bat, eta nik ere arabez erantzun eta bakarrik gelditu ginenian, Sakik: Joe Tximi oso integratuta ikusten haut, eta gero: Zein zen hori? Eta nik: Herriko bat, arraina saltzen duena, eta Sakik buruari eraginez: Hau duk abelera, hau... Pixka bat ernegatuta zegoen ikusten zuelako jende gehiegi zebilela kuskusian.

        Gero Krimo etorri zen eta Sakiri «paperak» eskatu zizkion. Sakik bere poltsan ekarri baitzituen, kontratuak eta lan permisoak eta haiek, Krimo paper haiei kontuz kontuz begira egon zen, egin zituen galdera batzuk, agian susmo pixka bat ere izan zuen baina dudikabe paperek etzuten akatsik, hartaz Krimok behar zituenak berezi zituen, zergatik esan bezala hamar haietatik bost joanak ziren, bat beti guziko, Sakik esan zion non firmatu behar zen eta, Krimo barrura zijoala gu kanpoan gelditu ginen.

        Ni orduan enteratu nintzen Krimo gurekin zetorrela. Hura etortzia harrigarria da ezta? eta neroni ere pixka bat harritu nintzen, esan bezala jefeen aldekoa zelako bera baina hemengo jefiak ikusten duzu!

        Aspalditik izan behar zuen Europara joateko pentsua, eta saiatu omen zen hartako gauzak legez eta behar den bezala egiten baina, lan fijorik eta diru sobranterik etzuenez, etzuen posible izandu. Zonakoa zenez eta bazekienez, ordia, gauzak ondo egin nahi zituen eta guria plan on ona zen bai? Hura berriz, mendi puntakoa eta fidakaitza zen, horregatik detaile guztiak jakin nahi zituen, mugapasa nola eta Donostiaraino zenbat denbora egingo genuen, behintzat egiten zituen galdera zorrotzak.

        Gero sartu ginen txabolara eta besteekin jarri ginen bi kanapeetan, ni Krimo eta Sakiren artian eta gure parian Sussu, Iassin eta Mustafa zeuden, zaharra eta Ahmed egurrezko aulki batian beti bezala baztertxo, Ahmedek gau guztian etzuen ahoa zabaldu mokadu pare bat jateko ez bazen eta zaharrak ere kimera gutxi, Saki berriz lantzatuta zegoen, esku palmaz mahaia jo zuen eta esan zuen aber zer zegoen edateko, ez ginela hara «dibertitzera» heldu eta besterik etzegoenez bere poltsatik wiski botila atera zuen eta Sussuk eta zaharrak eta nik ez beste guztiek edan zuten bai eta Krimok afari legia ekarri zuenian botilan tantarik etzen! Saki oso ditxolari zegoen, batek Espainiaz zerbait esan zuen eta Sakik esan zuen berak Espainian puta idearik etzuela baina Euskal Herrian elegante bizitzen dela eta nahi balin bazuten Cadizen utziko genituela baina nahi balin bazuten haraino eramango genituela, hartako pagatu baitzuten, noski eta beraiek esaten zuten bezala inxallah bidian zakurren batek koska egin ezian.

        Egia esateko etzegoen hura edertu beharrik zergatik denak eta Krimo ere bai oso sinistuta zeuden hura paradisuaren atarikoa zela, bakar bakarrik Sussuk esan zuen, espainolez zerbait entenditzen zuen, baina berak beti arabez egiten: Ikusten denez han gure jendiak bizimodu gogorra darama!

        Baina Krimok, espainolez: Ezin da sinistu hango telebistak esaten duena, haiek dena beltz beltza jartzen dute jendia ez joateko.

        Nik orduan, batere maliziarik gabe: Ba... han ere txakurrak hankutsik, espainolez, arabez esan nuen, gutxi gorabehera entenditu zidaten.

        Hartan Sakik neri, euskeraz: Ze esaten ari haiz, hi, kalamidadia! Espainolez, berriz: Ona da hura, ona!

        Krimok esan zuen: Pentsatzen duenak eztu ibaia pasatzen. Eta zaharrari: Ez al da hala, aitona?

        Han ere etxiak ez izatia urrezkoak, zaharrak apal apal esan zuena.

        Badaezpada ere, zu berriz ere hara! Horiek denak arabez.

        Baita, Sakik esan zuen: Orain gainera Espainian jendia regularizatu egin behar dute eta, hiru hilabete barru denak zarete paper onekin eskuan...

        Baina Krimok: Ez, Espainian orain ezta halakorik izango, izatez gero Italian, abuztuan...

        Joe, hari etzegoen edozer gauza esaterik, harek hango gauzen berri guk baino hobekiago zekien! Horrekin Sakik korte pixka bat hartu zuen baina azken batian eta gero esan zidanez biajia pagatu ezkero guri bost! gero Italiara edo Errusiara joan nahi bazuten ere, eta Krimok orduan esan zuena: Batian ez bada bestian, han ezta lan faltarik izango.

        Hari Sussuk errepuesta kuriosoa eman zion: Zid! Zid! «hara, hara!» esan zuen, mendian galdu hituen ahuntzak eztituk bilatuko zelaian...

        Hartan Krimo jeiki eta: Jaso konsejuak hiretzat, esan zion Sussuri, eta sukaldera joan zen.

        Eta, hura han zela Mustafak, Sakiren errespetuagatik, espainolez bere moduan: Ia Sussu, esan zion, zatoz zu ere gurekin, brometan noski. Eta Sussuk:

        'Ala Allah! «ez eskerrik asko». Ezta lurra horren erraz uzten. Eta, Mustafak parre egiten zuenez, atzera berak: Zoazte, zoazte, joateko begi klika bezain libre zarete...

        Halakoxe kontuak ibili genituen, afaldu berriz, ixilago egin genuen, Sussuren arraina jan genuen tomate saltsa batekin eginda, arrain horri hemen sarda esaten zaio eta nik uste eta ia seguru nago hori gure berdela dela, esan behar da oso goxoa zegoela eta apetitua ere bai ederra! Ogia berriz, etzen eguerdian jan genuena, dendako ogia zen hemen esaten zaiona komira eta Sussuk hartaz esan zuena: Ogi eskasa da baina, hauxe jan behar dugu, gure epokako janaria baita!

        Afalondoan atera zen nola ez! pakiaren pipa, eta Sakiren zigarrilloak eta erretzeko bestiak ere bai, nik berriz ere ke pila harekin begietan krixton azkuria neukan, bitartian Krimok ardo gorria atera zuen, botila bat, eta hura bukatu genuenian beste bat atera zuen, Meknesko ardoa, mutilak izan behar zuen hezurretan min izugarria eta gabero gabero berak bakarrik litro bat edan behar zuen bestela etzuen lorik egiten, klaro gero goizian esnatzeko lanak baina gauak beti alegriak, esaten zidan neri: Edan, jai, nerekin baso erdi bat edango duk bai? Nerekin jatorra eta, nik azkenian probatu egin nuen, ardoa etzen oso ona eta ezta nik esana, Sakik esan zuen hango korrientia bezalakoa zela, orain berak ere gogotik edan zuen, mingaina pixka bat joan egiten zitzaion baina pasatu gabe! kontu arinak denak, Krimo berriz, lasai lasaia zen, edanak goxatu bezala egiten zuen eta pixka bat txoratu ere bai, bitartian Sussuk edan beharrik etzuen hura berez baitzegoen txoratuta, baina bata bazijoala, bestia gelditu egiten zela, biak ziren neretzako ero haundiak, batek eta eztakit zeinek esan zuen bezala erotasunera iristeko bide asko dago!

        Gaua aurrera samarrian bapatian Krimok esan zuen: Bueno! eta ya bestiak hasi ziren norbere txokora biltzen, pixka batian Saki eta biok Sussurekin gelditu ginen eta Sussuk orduan: aber joango al ginen biharamunian bere etxera bazkari egitera. Sakik esan zion beste aldi batian izan beharko zela, biharamunian ez genuela denborarik izango, eta Sussuk orduan: Denbora, nik ematen dizuet! eta joateko, baina Krimok esan zion nahikoa zela eta pakia emateko, orduan Sussuk: bere helbidia emango zigula eta hurrengo biajian sin falta joateko, haren helbidia Mustafak paper mutur batian apuntatu zigun eta Sakik neri: Jaso, jaso hik, esan zidan.

        Eta, hura joan zen eta guk bezperan bezalaxe eta nik behintzat ederki lo egin nuen.