Leuropa
Leuropa
2002, nobela
196 orrialde
84-95511-51-7
azala: Anthony Russo
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2006, nobela
2004, nobela
2000, nobela
1996, ipuinak
1992, ipuinak
1990, ipuinak
1986, nobela
1984, nobela
 

 

Astearte arratsaldian Sakik kilo erdi hura bildu zuen, eztakit nondik, kutxatik badakit ezetz seguru, zergatik kutxak, berak esaten, koskabiloak hartuta zegoen, eta beste bankuetara ere etzeukan joaterik, zergatik horiek badakite batzuek besteen berri. Ba, astearte arratsalde hartan, agentziatik deitu omen zioten, esateko karga bat atera zela eta berehala joan behar zuela bila.

        Esan behar da Sakiren asmoa zela kamion frigorifiko batian etortzia. Kamion hori ostegunian atera behar zen, hutsian etorri eta mariskoekin edo eztakit nik ze arrain klaserekin bueltan hara joan, Agadirretik. Zergatik kamion horrek Aginagako enpresa batentzat lan egiten zuen, Aginagakoa uste dut, angulen negozioan zebilena behintzat, Saki enpresa hartakoekin hitz eginda zegoen. Eta, Saki haren zai egon! Hargatixe zeraman astebete, ez hona eta ez hara, geldirik! Eta, nonbait gertatu zen, Pasaiako enpresaren batetik karga bat atera zela Madriderako eta karga hura eramateko frigorifiko hori erabili behar zutela, joaneko biajia hutsian ez egiteko.

        Goizian deitu omen zioten enpresatik Sakiri, eta Saki ez atzematen, eta bera atzeman etzuten ezkero, beste lagun bati, beste kamionzale bati deitu omen zioten, eta Saki enteratzerako hura ya hona aldera aterata zegoen. Me caguen dios...! Beste kontratienpo bat zen.

        Esan behar da, egin behar genuen garraiorako frigorifikoak bentaja haundi bat zuela. Zergatik hemendik hara joateko kamionek mugan ordu pilo bat ematen dute, askotan egun batian eguerdiz ailegatu eta hurrengo eguneko eguerdira bitartian zai egon behar izaten dute, eman arte barkuan sartzeko permisoa. Frigorifikoak, berriz, heldu bezain pronto, pixka bat miratu eta berehala ematen diete segitzeko hitza, bestela arraina galdu egiten delako, bai? Edozertara ere esan behar da baita ere frigorifikoak guretzat beste problema bat zuela, problema hori zen hotza, ze jendiak, han barruan zegoenak, ondo baino ondo abrigatu beharko zuen, ze dena bizi bizi eginagatik ere gutxien gutxienian frigorifiko barruan sei edo zazpi ordu egon beharko zuten! Baina hori Sakik pentsatuta zeukan egitia, hotza jeitsi, tenperatura regulatu, ez asko ere, ez sospetxatzeko poliziak, eta mantekin ondo estalita pasatzia.

        Klaro, orduan beste halako garraio bat ateratzeko, beste astebetez edo bi astez egoterik etzuen, zergatik hemen jendia zai zegoen, ulertzen!

        Beraz hemen hartzeko beste karga bat lortu behar zuen, eta beste karga bat ekartzeko hona, bestela biajia alperrik galtzia izango zen.

        Horregatik, deitu zuen agentziara eta gero agentziatik deitu zioten eta, esan zioten Belgikan bazuela karga bat, hango puerto batian, eta beste bat bazuela Frantzian, biak Marokora ekartzeko, eta nahi bazuen hartzeko bata eta nahi bazuen hartzeko bestia, soloke Frantziara eskutsik joan beharko zuen. Hala ere Sakik Frantziara esan zuen, zergatik oraintxe esango dizut. Baina hura hartu nahi bazuen, esan zioten, atera behar zuela ya! Horregatik, nahiz den dena lotu gabe izan, abiatu egin zen.

        Astearte gabian gabarran aritu ginen, plantxa bat jartzen, gabarrari metro t'erdi inguru kentzeko, zuloa egiteko. Ya bazekien Frantzian nora joan behar zuen, bazekien gutxi gorabehera ze karga zeukan, zergatik beldurra zuen, ia ia seguru zegoen, Belgikara joan ezkero, han aluminioa kargatu beharko zuela, askotan izaten omen ziren halako biajiak, zergatik aluminioa, ibiltzen dena sillen hankak eta holakoak egiteko, tubo luzetan etortzen omen zen, egiten dituztenak justo justo kabitzeko kamionian, eta horiek izan balira, ezingo zitzaion gabarrari metro t'erdia kendu, ulertzen? Baina beste horretan, Frantziako horretan, lababoak eta bainerak eta holakoak hartu behar zituen: Frantziako herri batian, Tavaux uste dut, T-rekin hasten dela behintzat. Gainera haiek Tanjan utzi behar zituen, eta hori ere bentaja ederra guretzat, han gelditu ginelako kontaktuarekin.

        Saki ya zegoen nerbi nerbi esaten den bezala, klaro gauzak etziren berak pentsatu zuen bezala ateratzen ari, nik ikusten nuen larri ari ginela, baina Sakik bazekien, bai? prebenitu zuen, ikusten zen burua ibili zuela.

        Lagundu nion ba jartzen plantxa hura, Sakik berak egin zuen soldeatzeko lana, esan behar da, oso ederki gelditu zela, zergatik plantxak pintura zeukan gabarrak bezalakoa, baina etzen berri berria ere, benetan ondo ematen zuen! Han zeozer bazegoela konturatzeko oso «ohartua» behar zen! Edo bestela lona dena altxa, baina hori ez omen zuten egiten ez balin bazeuden oso seguru han zeozer izkutatuta zegoela, droga txibatazoren bat edo.

        Bueno, ba, ailegatu da Saki Frantziako horretatik ostegun iluntzian, egin zituen legiak dioena baino ordu batzuk gehiago bidian, eta berak nahi zuen ostiral goizian abiatzia. Eta, hala gelditu ginen.

        Hartu nituen etxian poltsa batian arropa batzuk, Sakik esanda txankleta pare bat ere, preparatu naiz.

        Goizian abiatu gara. Kuriosoa! Bederatziak etziren oraindik izango, abiatzia egin dugu, Karrikan ginela, pi pi, mobileko deia. Agentziatik zen: non ote zegoen, eta: oraintxe atera zela.

        Hi, joan hadi Antzuolara, han badituk bi pale. Sevillara eramateko, paleak. Sulfatoa uste dut eraman behar genuela.

        Noski haiek, agentziakoak beti sosari begira, haiek beti sosa nondik aterako. Agentziak kobratu behar du biajeko prezioaren ehuneko 15a. Biajia ya pagatuta zegoen, Frantziako enpresa harek pagatu zuen. Orduan, beste zerbait eraman ezkero, ya ganantzia hutsa zen, Sakirentzat ere, baina Sakik esan zuen: ezin zela, hogeita hamar pale zeramala, ezin zela gehiago, etzela tokirik. Egiz tokia izan baina, hari ez interesatzen, zergatik denboraz nahikoa estu genbiltzan, ulertzen? Bueno, bueno, bestiak, beste bat bidaliko zutela. Me caguen dios, esaten zuen Sakik, orain arte kargarik ez inorako, orain arte batez, eta orain kolpian, inorakoak ere sartu nahi zizkidatek!