Leuropa
Leuropa
2002, nobela
196 orrialde
84-95511-51-7
azala: Anthony Russo
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2006, nobela
2004, nobela
2000, nobela
1996, ipuinak
1992, ipuinak
1990, ipuinak
1986, nobela
1984, nobela
 

 

Kamionen errezintoan, Sakik sarrerako polizia majo saludatu zuen eta kamiona beste kamionen artian aparkatu genuen. Jeitsi ginen.

        Hori zer den ikusi gabe eztakit imajinatuko duzun. Poliziak eta polizien morroiak, kamioneroak, denetako saltzailiak, mutiko pobre bandak kamion egoki bila... Eta hori, trafiko askorik etzela, zer izango ziren ba, gu ailegatu ginenian hogeita hamarren bat kamion?

        Gero segituan beste batzuk etorri ziren, baina han etzen kolarik eta han etzen bururik eta etzen isatsik ere, bakoitzak ahal zuen tokian uzten zuen eta han kamioneroek ere «busca la vida» ibili beharra zeukaten, noski Saki horretan espezialista zen, bai? Esan zidan: Ez mugitu hortik, eta bera paperak hartuta aurrera joan zen jeferen baten bila.

        Han aurrian poliziak magrebiarren furgoneta batzuk hustutzen ari ziren, eta hesiaren aldian ere beste polizia batzuk kamion bat begiratzen ari ziren, kamion hura Valenciakoa zen eta zeramazkien lurrezko ontzi edo pote haundi batzuk, polizia bat eta bi morroi igo ziren erremolkian eta gainian zeuden ontzi haietako batzuk lurrera jeitsi eta denak banan banan barruan begiratzen ari ziren.

        Ni mutikoen banda haiekin flipatuta nengoen. Porra eskuan zuela polizia bat haien atzetik zebilen eta haiek, orain zulo batetik hesi barrutik atera, orain beste zulo batetik berriz ere sartu, polizia hura eta han ziren bestiak burlatu ezezik, sartu ere egiten ziren kamionen azpian. Bat ikusi nuen, hura ez oso gaztia hala ere, kamion batian, errekanbioko erruedaren atzian izkutatu zena, eta txoferra, suekoa edo holakoren bat zen, tipo rubio bat, bere kabinan, atia zabalik eta hankak ere zabalik, ezer ez balitz bezalaxe zegoen!

        Klaro, mutiko haiek, ni han nintzelako ezajola papera eginez baina, gure kamionari ere begiak jarrita zeuden, eta ni, orain alde batian, orain bestian, ezin nintzen deskuidatu minutu erdi batez, bitartian etorri zitzaidan tipo bat kristalak garbitu nahi zituena, beste batek eta harek txapa bat sartu zidan txokolatia saldu nahi zidan, hirugarren batek, eta eztakit hura nondik eta norako elementua: Emaidazu berrogei dirham, esan zidan, eta txakur horiek begiratu gabe pasatuko zaitut... Nik denei ezetz eta mutikoak beti bistatik galdu gabe, egia esateko enengoen ez oso lasai!

        Halako batian Saki etorri zen, zigarrilloa piztu zuen eta: Aber, aber, esan zuen. Nonbait gu ailegatu baino lehentxiago barku bat abiatu zen eta ia seguru zen hurrengoan gu sartuko ginela, zergatik xortarekin hitz egin zuen eta, diru pixka bat mediante, berehala gurekin zela esan omen zion. Baita, Sakik kale saltzaile haietako bati gorra bat erosi zion eta buruan jarri zidan neri, bisera duen gorrita horietako bat zen, hemen tarbuxa esaten zaio horri.

        Eta, hala ari ginela, gure atzian beste kamion bat jarri zen eta, nik bapatian ikusten, kamionaz bestaldetik mutiko bat guriaren azpian sartu zela, atze atzian, amortiguadoreen aldian. Hi, esan nion Sakiri, hor bat sartu duk. Saki pixka bat makurtu zen, mutikoa ikusi zuen eta: Utzi, esan zidan. Ni nere artian: hau zer tramatzen ari da...?

        Eta, denbora berian, pare parian ginen eta gabarra barrenian hots batzuk aditu genituen, orduan Sakik ere galdu zituen kolore guztiak! Hitzik esan gabe eta ikara batian egondu ginen, baina gero ya etzen beste soinurik atera. Klaro, kanpoan ere bero latza orduko, ni pentsatzen: hauek barruan txikle eginda egongo dira. Eta, Sakiri belarriaren ertzian: Ondo ote dira...? Sakik disgusto keñu bat egin zuen, eta: Hobe diagu ez pentsatzia, esan zidan, bestela txoratu egingo gaituk.

        Bitartian Valenciako kamionian suge bat, paisanozko bat ari zen destornilladore baten heldulekuarekin kajaren eta traktoriaren juntura denetan tak, tak, kolpetxoak ematen, Sakik esan zidan: Txokolate bila, eta polizia haiek krixton belarria zutela. Ni nere artian, baina enuen ezer esan: behintzat ez al da etorriko gurera... Handik ateratzeko krixton gogoarekin ni.

        Sakik, berriz, erre eta erre baina, situazioa nahiko kontrolatzen zuela ematen zuen. Haietako batian larruzko txupa bat saldu nahian tipo bat etorri zitzaigun, eta nik: La, la, ezetz esan nion alegia, eta Sakik orduan, baina apaletik: Hi, esan zidan, hemen erderaz egintzak. Baita, gure aldamenetik pasatu zen tipo bategatik: Ikusten al duk hori? Babuxa horiak eta jilaba zuri zuria jantzita zegoen, eta: Zer ba? Eta Sakik: Erregiaren serbizioetakoa duk, hala esan zidan...

        Oraindik ere zigarrillo pare bat erre zituen Sakik, kamionero batekin hizketa pixka bat egin zuen, azkenian etorri zen gure xorta, gure polizia: hura zen Sakik hitz egin zuena, eta gauzak agudo egiteko diru pixka bat eman ziona...

        Gizen samarra zen eta berarekin bere «sekitoa» ekarri zuen: trastiak deskargatzen zituztenak, xortari zakilaren puntan jarri ezkero, eta beste morroi pare bat.

        Sakik atiak ireki zituen eta morroi haietako bat, sugia nik uste, gabarrara igo zen. Xorta bera etzen igoko noski, bere tripa eta bere paperekin lurrian nahikoa lana baitzeukan. Behintzat igo zen harek begiratu bat eman zuen, bestiari zenbat bulto zeuden esan zion eta bestiak konprobatu zuen, bale! Joe eta koipe pixka batekin makina ze fin dabilen!

        Bestia jeisten ari zela, Sakik xortari keñu egin zion, nola azpian mutikoa zegoen, xorta pixka bat eta tripak uzten zion moduan makurtu egin zen eta, belauna lurrian zuela, saiatu zen mutikoari heltzen. Mutikoa, ordia, hura baino azkarragoa izan eta, beste aldera salto eginez ihes egin zuen, hori bai, bertan zapatilla bat utzita. Xortak hari: Ferfut, «patxiku salto», hots egin zion, itzuli hadi hire amaren alura! Eta, bitartian igo zenak Sakiri: Hi, emaidak zerbait gosaritako. Saki, kaja ixten ari zela hari billete txiki bat eman eta bestiak eskerroneko keñu bat eginda, beste norabait abiatu ziren...

        Zailena eginda zegoen, orain falta zen «destornilladoria» ez etortzia, momentu batian ematen zuen gure aldera etorri behar zuela baina xorta batek handik: Mhamed! deitu egin zion eta... pake!

        Orduan Sakik neri: Hoa zerbait hartzera, esan zidan, ni gelditzen nauk hemen. Eta, bai gustora joan ere! Kafeterian zumo haundi bat eskatu nuen eta bistan da hura hasiera besterik etzen, baina nik alibio bat neukan...

        Egongo nintzen bost edo sei minutu han, atera nintzenian: Ostia, kamiona! Enuen ikusten eta, Saki ya bolantian eta metro batzuk aurrera joan zen, sartu nintzen neu ere kabinan...

        Gero zen pasaporteen aldia. Sakiri erreparatu gabe sellatu zion, neri berriz, etortzekoan bezala baina susmo gehiagorekin oraingoan, begiratu dit, pasaportia begiratu du, berriz ere neri begiratu dit, esan dit: Espainola al haiz? Baina arabez esan zidan eta ni, baietz esatera nijoan eta erreflejua izan nuen: E? galdetu nion. Espainola? esan zidan espainolez, eta nik: Bai bai, Donostiakoa, herri txiki batekoa... Hitz batzuk benpein, ikusteko harek enintzela marokoarra. Eta Sakik: Nere paisanoa da, moreno xamarra da baina... Azkenian, selloa jarri zidan, eta Sakiri: Eztuzu botilaren bat izango...? Botilarik ez, baina... Kabinara igo zen, kartoian eztakit zenbat pakete zeuden, hura poltsa batian sartu eta: Tori. Biaje on, esan zuen bestiak.

        Barkuan sartu ginenian: Me cago en la ley, esan zidan Sakik, enauk harritzen sospetxatzia, ikusi al duk ze kuxidadia duan?

        Egia esateko, enengoen oso kristaua: gomazko txankletak, hankak hautsez beteta eta galtzak ere zikinak, buruan berriz, berak emandako tarbuxa... eskerrak Naimak alkandora garbitu zidan!