Aurkibidea
Andoainen amonarekin ederki nengoen
Orduko nik eskola gutxi gutxi zapaltzen eta
Nik Saki kaletik ezagutzen nuen
Astelehenian, Donostian pasaportia egitera
Biharamunian Saki bizarra ondo eginda
Sakik nahi zuen Algecirasera eguerdirako ailegatzia
Handik zuzenian Tetuango karreteran
Egun hura Sakik kamiona deskargatzen
Bazkalondoan Krimo siestara joan zen
Hurrengo goizian artian bero larririk etzela
Etxian Peseta ez genuen ikusi baina
Guk uste genuen Krimo jendiarekin etorriko zela
Baina nik enuen pasta haietatik probatzerik izan
Orduko Zineb eta Lila eta Beni
Algecirasen aurrena nazionalen kontrola zegoen
Barriada deitzen zuten hori eta gero
Aurkibidea
Andoainen amonarekin ederki nengoen
Orduko nik eskola gutxi gutxi zapaltzen eta
Nik Saki kaletik ezagutzen nuen
Astelehenian, Donostian pasaportia egitera
Biharamunian Saki bizarra ondo eginda
Sakik nahi zuen Algecirasera eguerdirako ailegatzia
Handik zuzenian Tetuango karreteran
Egun hura Sakik kamiona deskargatzen
Bazkalondoan Krimo siestara joan zen
Hurrengo goizian artian bero larririk etzela
Etxian Peseta ez genuen ikusi baina
Guk uste genuen Krimo jendiarekin etorriko zela
Baina nik enuen pasta haietatik probatzerik izan
Orduko Zineb eta Lila eta Beni
Algecirasen aurrena nazionalen kontrola zegoen
Barriada deitzen zuten hori eta gero
Halako batian: Hor duk, esan zidan Sakik, ja ta gasolinera batera sartu ginen, haren ondoan pixka bat atzian klub bat zegoen eta ehun edo berrehun metro haraxiago, bidearen ondoan, hotel haundi bat, bere jatetxia eta bere kafeteria eta bere parkia piszina batekin ere. Hori eztakit non zen juxtu juxtu, Jaen edo Andaluzia izan behar zuen, kamionzaliak gelditzen diren toki horietako bat zen.
Eta, nola Sakik kamiona klubaren aurre aurrian utzi zuen, ni nere artian: honek zer egin behar dik ba hemen? Ez baitzidan ordurarte ezertxo ere esan, bakar bakarrik orduan esan zidana: Hago pixka batian hemen, segituan natorrek eta. Harritzekoa ezta! bera den berritsuarekin, baina hura sekretuan eraman zuen haraino, edo igual bidian gogoratu zitzaion eta horregatik.
Hala behintzat, bera klubera sartu zen eta ni kanpoan gelditu nintzen, esan behar da klub hartan jende parrasta zebilela, gizonak etorri eta gizonak joan eta emakumiak ere bai, noski ostirala zen eta haiek lana asko, bat bazijoan mercedes batian bi gizonekin eta beste bat etorri zen seat 127 txar txar batian eta harek kamionaren aurrian aparkatu zuen eta nere ondo ondotik pasa zen baina etzidan begiratu ere egin eta gero kamiona ateratzeko kontuak!
Denbora puxka bat joan zen eta nik nola beste zereginik enuen kajatik esponja eta makila atera nituen eta hasi nintzen kristalak garbitzen zergatik parregarri zeuden, bidian kolore guztietako ehunka xomorro parabrisaren kontra plasta! gelditu ziren. Eta hartan ari nintzela, iluntzen ari zuen eta, ikusi nuen klubeko terrazatik emakume bat neri begira zegoela, emakume rubia bat, eta nik neriarekin segitu nuen eta berriz ere gora begiratu nuenian emakume rubia harek begiarekin klisk! egin zidan, horrek eman zidan korte pixka bat, kristala garbitzen bukatu nuen eta kabinan sartu nintzen eta geroxiago berriz ere gora begiratu nuenian ya emakume rubia hura etxian sartu zen eta pakia!
Azkenian Saki atera egin zen, eta bakar bakarrik esan zidan: etzela berak hitz egin behar zuen tipoa eta goizian pasako ginela! Orduan izan zen seat harekin mobida, Sakik kamiona handikan kendu eta hoteleko parkinian utzi nahi baitzuen, zergatik hura bijilatuta zegoen eta oso aspaldi etzela bere ezagun bati gertatu zitzaion, kamiona klub haren aurrian utzi eta, barruan lo zegoela, leihoa pixka bat irekita zeukala, handikan spraya bota zioten eta lo gogorrian utzi eta kabinan zituen den denak lapurtu zizkioten. Eta joan zen Saki kotxeko emakume haren bila eta etorri zen, okupatuta zegoela! Hura etorri arte zain egon ginen, eta etorri zenian lasai lasai eta lehen bezalaxe etzigun begiratu ere egin, Sakik hitz alegre batzuk esan zizkion baina harek, kasu koxkorrik ere ez!
Afaltzen ari ginela etxe hartako neskez hitz egin zidan, esan zidan neska haiek hiru astero hiru astero aldatzen zituztela, eta orain bazela, ikusi zuela berak kolonbiana guapa guapa bat, eta lehenago etzidala esan zergatik bera negozioa lotzera joan zen, baina nahi balin banuen gero bisita egiteko. Baita ere esan zidan neska haiek etzeudela gaizki baina berak aukeran diruarekin pagatzen etziren putak nahiago zituela, eta haietatik nonahi bazirela eta bazirela berrehunka! Eta hola eta hola, nik ikusten nuen bizi bizi zegoela, noski lehenago klubian kopa bat edo bi hartu gabe etzen egongo eta orain ere aise jan eta aise edan eta makina bat kontu, nik enion ezer esaten ikusten bainuen kontrolatu egiten zuela, bai?
Benpein erretiratu gara kamionera, literak preparatu ditugu, hik segizak gora, esan zidan Sakik, erantzi eta gora trepatu nueneko bera zurrunka ari zen! hori kapazidadia, nik ere lo errexa dut baina orduan ezin nuen, noski bero haundia eta mantarekin ezin tapatu baina, sartu ziren leihoaren txirrikitutik moskito lotsagabe batzuk, bai omen zuen Sakik moskitoak hiltzeko katxarro bat baina etzekien non demonio sartu zuen, eta batek txorkatilan heldu zidan eta bestiak eskuturrian eta beste bat bazebilkidan zzz eginez belarriaren ertzian, eta ezer ikusten enuela ezin ba haiek hil, ezin mugitu ere, hilkutxan bezalaxe nengoen, ya loa zeharo galduta izerdi patsetan... Azkenian galtzak eta kamiseta jantzi eta fuera! salto egin nuen. Eta orduan, zer egin behar nuen! Hantxe bueltaxka bat egin nuen kamionen artian eta gero kafeteriara joan nintzen. Igual ordu bata zen, behintzat gauerdia aspaldi pasata nik uste.
Gizon batzuk baziren barran kamareroarekin hizketan, nik zumo bat eskatu eta mahai batian eseri nintzen. Gero mono berdia jantzita zabor biltzaile batzuk sartu ziren, haiek ere eseri ziren, aguardientia edo eztakit zer zen, kopa banarekin. Neri denek pixka bat harrituta begiratzen zidaten, hangoa ez banintz bezala, noski ez bainintzen hangoa, baina nik uste pixka bat azalaren koloriagatik zela, moro bat, pentsatuko zuten, zergatik horren gainian giro petrala zegoen eta nik laster sumatu behar nuen!
Halako batian, barran zen haietako batek, txiki kara txarreko batek neregana etorri eta zerbait esan zidan, eta nik: Zer? Berriz esan zidan, eta nik berriz ez konprenitzen, nik: honek ze hizkuntza dabilki? eta hirugarrenian gutxi gorabehera konprenitu nion: Aber jai al nuen, edo aber festan egon nintzen, holako zerbait, azento garratza baitzuen, gero esan zizkidanak ere ondo kostata konprenitu nizkion, zergatik edanda zegoen eta gainera zeukan dentadura postiza bat eta hura gora eta behera zebilela, ni hari begira flipatuta eta enion erdirik ere aditzen. Jakin nahi zuen aber lanian non ari nintzen, eta depaso nintzela esan nionian eta kamionian nintzela eta berak gainera ikusi zuen nik azentoa eneukala kanpokoa eta total: barkatzeko, ilegal haietakoa nintzela pentsatu zuela, baina ikusten zela, bai, ni enintzela moroa «moreriakoa», baina nik enion esplikaziorik eman, bera bakarrik ari zen, kopa barratik ekarri zuen eta nere ondoan jarri zen, hasi zen moroak gora eta moroak behera, lehengo batian sasien artetik moro ilun zatar bat atera zitzaiola eta egundoko sustoa eman omen zion, ni nere artian: hau harria! Esaten zuen moroak etzirela gu bezalakoak, eta etortzen zirela guri lana kentzera, eta behatz txikerra eman ezkero besoa ere hartu nahiko zigutela eta kontra egiten ez bagenien egun batian relijioa ere kenduko zigutela. Eta nik, bakoitzak nahi zuen relijioa izatia zeukala, hori bakarrik esan nuen, zergatik nik hori familian bizi izandu nuen ulertzen? Baina enuen esan behar, zergatik bota zidan txapa bat krixtona, berak denak errespetatzen zituela baina moroen relijioak esaten zuela kristauak bazegoela degollatzia, esaten zuen baita ere, Espainia moroz beteko zenian, orduan aber elezioak zeinek irabazi behar zituen! Ni ya hainbeste mororekin kopetaraino nengoen!
Handik eta geroxiago sartu ziren kafeterian bi munipa, batek porra eskuan zuela, eztakit zer esan zuten, behintzat han ziren gizaseme guztiak atera ziren eta nerekin zen tipo txatxu hura ere bai eta kamareroa munipekin ere ateraino joan zen eta nik: zer da, zer da? joan nintzen ba ateraino ni ere eta han karreteran alde samarrian polizien argiak ikusten ziren, oihu eta zalaparta batzuk ere bai, eta munipak esaten, bidian oinez zebiltzan ilegal batzuk harrapatu zituztela, eta batzuek aldegin zutela ere bai! Ostia, ostia, ni nere artian, gauzak nola dauden! Gero Sakik esanda jakin nuen han inguruan holako asko zela, jendia Espainian sartzen dena eta gero hor barrena non sartu ez dakitela ibiltzen dira ba, hurrengo goizian holako batzuk ikusi genituen, haiek eztakit lege barruan edo legetik kanpo zebiltzan, eta kontrol bat ere bai ikusi bidian. Zergatik bertako jendiak beren kotxeetan ateratzen zituzten, batzuek dirua eskatuta, eta kobratzen bai omen diete bakoitzari igual hamar mila duro! Eta beste batzuek, hango baserritarrek eta hango jende leialak, egiten omen dute laguntziagatik besterik gabe. Eta, goizian Sakirekin horretaz hizketan eta tipo asko nola ibiltzen zen hala, caguen, Sakik esan zuen, ño! bakoitzak ehun billete ematen digula, guk ere kargatuko genikek horiekin erremolkekada bat!
Etorri ziren hara samar joan ziren gizaseme haiek berriz ere barrura, eta haiekin gizon txatxu hura ere, eta nik, ez bainuen batere gogorik haren trastekeriak aditzeko, gabon! gabon! munipak eta denak sartu ziren kafeterian eta nik kamionera egin nuen eta atzian bi kamionen artian pixa egitera joan nintzen, bueno, pentsatu nuen, oraintxe lo pixka bat ere egin beharko dugu ba!
Joan nintzen atia irekitzera eta orduan, ps! ps! aditu nuen, begiratu eta, parkineko hesian, belarren arrasian gizon bat ikusi nuen. Aurrena arabez esan zidan zerbait, nik: Zer? esan nion frantsesez eta harek duda pixka bat egin zuen, zergatik harek aurrena pentsatuko zuen: hau ere hangoa, hau ni bezalakoa, baina klaro nik arabez gutxi gutxi nekien eta orduan frantsesez harek: Hor al dira horiek? galdetu zidan, eta nik: ezetz, etzirela ikusten, orduan bera pixka bat altxatu zen, eseri zen, gero zigarrillo bat al nuen galdetu zidan, eta nik: Ez, eta berak: Zuria al da kamiona? eta nik: etzela neria, lagun batena zela, eta berak: nora gindoazen, eta nik: Marokora!
Zerbait marmarkatu zuen, listua bota zuen, gero: Ur xorta bat ez al duzu kamionian izango? Baietz eta igo nintzen kabinara oso ixilik eta ur botila eta tabako paketia jeitsi nizkion. Trago luze bat edan zuen, zigarrilloa piztu zuen, gero eskua heldu zidan, eskuan bi behatz falta zituen. Eseri laguna, esan zidan. Erretenaren kontra eseri nintzen, krixton kiretsa zegoen, han atzian txerri granja bat izan behar zuen, halako batian hesiaz harako belazian soinu batzuk aditu genituen eta hura makurtu eta basakatua bezala alertan jarri zen. Arratoiren bat izango zela esan nion nik, orduan berak burua bi eskuen artian hartu zuen, buru luzia zeukan goian ile mata batekin, esan behar da aurpegia eniola ikusten baina jiratzen zenian ikusten nion begietako distira eta hortz haundi batzuk ere bai.
Esan zidan Zaragozara zijoazela albarikokiak biltzera. Bere lagunak harrapatu zituzten, nondik eta nola zetorren kontatu zidan.
Hilabetia tomatiarekin zerri batentzako lanian, inork egin nahi ez duena, espainolentzat lan tristia baita, fumigantiarekin jendia gaixotu egiten da eta plastikoen azpian sekulako beroa! aste eta jai egunero hamalau ordu lanian, lehengoan bukatu genuen eta hirurogeita bost mila peseta! eman nahi zidan, eta nik: zuk neri larogeita bost esan! protesta egin nuen, eta zerriak: kaseta eta koltxoia kobratu dizkizut! kaseta? hamar lagun pila pila eginda, argirik ez, kristalik ez, tetxotik sartzen zen ura bakarrik! hori etzen hitz egina, nik esan nion, zuk esan larogeita bost mila peseta, eta zerriak: ez zaude konforme? joan polizira, salatu! nola salatu nik? paperik gabe! zergatik guri epia bukatu zaigu, orain Lituaniakoak etorri eta gu sobran orain! baina nik zorra eta ni familiaren aurrian eskuan ezer gabe azaldu?? lehengoan kasetara etorri ziren, bati permisoa eman zioten, besteei: zuek etxera! nik aldegin nuen, basoan eman ditut hiru egun! ez jan, ez lo, beti beldurra! gaur lagun horiekin juntatu naiz, stopian joan nahi genuen, Zaragozan «mixmixa» biltzera...
Gero sagarretara joan nahi zuen Leridara, gero Riojan patatak zirela, eztakit zer, gero galdetu zidan: Laguna, zu nongoa zara?
Esan nion euskalduna nintzela, etzekien hori zer zen, esplikatu nion, esan zidan: Laguna, ez duzu izango nik jateko zerbait, ogi puxka bat edo...
Egoteko esan nion. Kafeteriara joan nintzen, orduko zabor biltzailiak eta beste gizonak joan ziren baina munipak han ziren oraindik, aurpegi arraro batekin begiratu zidaten, nik hiru bollo eskatu nituen, atera nintzenian munipa bat heldu zen nere atzetik eta: Hi, nora hoa! Kamionera nijoala eta: Aber utzidak karneta. Karneta utzi nion, alde guztietatik begiratu zuen, kamiona zein zen galdetu zidan, SS matrikula zuen Scania hura zela, aber neria al zen eta ezetz, lo zegoen nere lagunarena zela, ia nora gindoazen, eztakit zer, azkenian karneta eman zidan eta: Bale bale.
Kamionera iritsi nintzenian han etzen nere gizona, disimuloarekin begiratu nuen bazterretan, hura joana zen! Noski harek munipa ateratzen ikusi zuen eta esan zuen: ospa!
Nik berriz, kamioneko literan jantzita sartu eta, moskitoekin gehiago gogoratu gabe, seko lo egin nuen!