Leuropa
Leuropa
2002, nobela
196 orrialde
84-95511-51-7
azala: Anthony Russo
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2006, nobela
2004, nobela
2000, nobela
1996, ipuinak
1992, ipuinak
1990, ipuinak
1986, nobela
1984, nobela
 

 

Hotelera ailegatu ginen eta, han zen Hassan gure zai: Hola, amigos, barra irekita dago, zerbeza bat hartuko dugu... Nik ezer hartzeko batere inbidirik enuen, sobrian sartzeko bai egundoko gogoa baina, Sakik berehala: Zerbeza? Hori duk arrazoia, eta: Goazemak, goazemak barrenera.

        Sartu gara ba Saki eta biok hoteleko barrera, erdi ilunian jarrita han ziren turista batzuk, haiekin neskaren bat ere bai Europakoa, eta gizon rubio batzuekin bertako neska txikiak ere bai, Sakik esaten zienez.

        Sakik zerbeza bat eskatu zuen, han ginen, laster zen Hassan gurekin atzera, Sakik hari zerbeza bat atera zion, honetaz edo hartaz solas pixka bat egin zuten, halako batian Hassanek neri: Ze, gaur haui haui? Eta da hitz hori hitz bat behin ere aditu enuena baina egin zuen hatza borobilian sartzeko keñuarekin azkar asko konprenitu nuen, pixka bat kortatuta gelditu nintzen eta Sakik nere partez: Ez, ez gara plan horretan etorri... Eta bestiak, neri beti ere: Hor da Fatima, neska zure adinekoa, polita polita, ikusiko duzu... Baina nik, zer esan behar nuen, nik Sakik esaten zuena, pues hori. Gero neska haien gainian solastu ziren, lehengo batian hotelian bertan sesioa izan omen zen, ze auzoko bizardun ilustratu batek neskak beren enkantuak erakusten kalian denen bistan omen zirela eta denuntzia jarri behar izan zien, joan omen zen polizia, izan omen zen eszena bat, total, hotela astebetez itxi omen zieten, eta Saki, erdi deskojonoan, hor hasi zaio: Bai, neska hauek Espainian askoz hobeto egongo lirateke... Ni nere artian: arraioa! hau baziak negoziora zuzenian...

        Gero Hassanek kasu eginda neska bat etorri zen guregana, eztakit hori zen Fatima edo beste bat, izenik ez baitzuen esan, Sakik ezagutu egiten zuen inondik ere, eta etzen hain neska esan nahi da hogei urte eta piko luze bat ere bazituela, morena, mehea, buruan painuelo bat zuena eta neretzako oso guapa, begi zoragarri batzuk, puta izatia, horixe, bestela ni gelditu nintzen harekin oso gustatuta eta Sakik gero esaten zuen harek etzuela koxkor bat ere balio baina gero bera gelditu zen harekin! Zergatik ni nengoen neka neka eginda eta Hassan atera zenian Sakik beste bi zerbeza atera zituen, bat beretzat eta bestia emakume harentzat, erretzen ari ziren eta halako batian Sakik emakume hari galdetu zion: Zuk nahi al duzu nerekin etorri? Eta emakumiak: Ezkonduta, bai... Eta, biak parrezka eta nik enekien negozioaz ari ziren edo bestela eta handik pixka batera esan nion Sakiri: Bueno ni baniak, eta besterik gabe han utzi nituen.

        Egondu nintzen denbora dexente ohian loak hartu ezinda, nik uste teagatik izan zela, bestalde nahikoa entretenituta egondu nintzen ze aldameneko gelan «jolasian» ari ziren bai? eta nik neretik haien aiak eta haien oihuak eta denak aditzen bainituen, kalian ere jendeen hotsak eta baten batek kaseta atope jarrita zeukan, azkenian uste dut lokartu nintzela eta eztakit ze ordu izango ziren Sakik esnatu ninduenian, caguen dios! esan zuen, noski ilunian gelako kantoi baten kontra krixton tankatekoa hartu zuen eta gero arroparik erantzi gabe zegoen bezalaxe lo gelditu zen, eta geroxiago ni ere lokartu nintzen eta handik aurrera amets pilo bat egin nuen eta Sussuk esaten duen bezala, pobriaren fortuna dira bere ametsak.

        Eguna oso aurrera zijoala esnatu ginen. Goian plazatxo batian dagoen kafeteria batian gosaldu genuen, biok bagenuen amonak esaten duen bezala goiz erre pixka bat, eta nik Sakiri galdetu nion: Atzo zer, negozioa lotu al huen? Eta: Tximi ixilik egon hadi, ixilik egon hadi... baina gero esan zidanez: zera lotuko zuen! Esan zidanez hango neska haiek bertan lana sobran edo nahi adina behintzat bazuten eta haiek «holandesekin» krixton paotxa zuten, halaxe esan zuen.

        Ni goizian tema horrekintxe nengoen, kezkarekin aber jendia orain nondik eta nola bildu behar genuen, eta kalian pasatu ziren mutil batzuk «busca la vida» esaten den bezala, begi bizi biziak eta gaixto punto batekin, joan nahi izateko pinta guztia zeukaten, eta: Horiei esango al diegu? Eta Sakik: Horiek desgraziatu batzuk dituk motel! Eta gero: Hi lasai egon hadi, eta: gabian ikusiko genuela zer nolako perkala genuen eta orduan pentsatuko genuela zer egin. Nik lasai antxa ikusten nuen, konfiantzarekin beharreko momentuan asko bila ibili gabe jendia euliak kaka mordora bezalaxe etorriko zela.

        Han ginen bitartian etorri zitzaizkigun mutikoxkor batzuk zapatak garbitzen zituztenak, nik zapatillak nituen eta batez, baina Sakik mokasinak baitzituen, garbi garbi zeuzkan baina orain bat eta gero beste bat etorri zitzaion: Nahi al duzu...? Eta etorri zen hirugarrenari: Benga garbitu, esan zion Sakik, pake emateko, ikusten da mutil horiek kliente gutxitxo dutela, zapata kontuan jendia hemen ibiltzen baita nolanahi! Ni hemen oinetako merke samarrak saltzen hasi eta amonak esaten duen bezala torre bat egingo nuke! orain hemen jende pilo batek zapatariarena baino gehiago ortopedaren beharra dauka, zenbat hanka motz eta zenbat hanka makur eta zenbat hanka palo dabilen ezta sinistekoa! Orain orain gure kalian bizi da gizon bat bi hankak moztuta dauzkana, gerrakoa omen da, eta ikusi beharko zenuke gizon hori kalian bi eskuekin korri korri nola dabilen!

        Arratsaldian bero haundia egiten zuen, eta nik uste dutxapian baino hobeto inon ez ginela egongo, baina Sakik paseo bat egitia nahi zuen nik ikusteko bazterrak, eta joan ginen kalian gora eta gero beste kale batian behera eta handik aurrera ni nondik nora enekiela esate baterako aidian bezalaxe ibili nintzen!

        Ailegatu ginen ibilian ibilian plaza haundi batian zegoen azoka batera, hango pestia! beroa ere bai ikaragarria eta, bazterrak denak zikin zikinak zeuden. Agure bat udariak saltzen ari zen: Arruina, arruina! esaten zuen, hori esaten da oferta haundia denian, eta haren aldamenian mutiko batek: Mika, mika! esaten zuen, eta hari poltsa bat erosi genion eta aguriari libra bat udare erosi genion, ziren udare txiki txiki gozo gozo batzuk, eta Sakik udare bati koska egin zionian barrutik harra atera zen, eta: Hola behar dik, hola! esaten zuen. Eta, lehenago han ere frutak harrak izaten zituela eta hala gustoa ematen zuela, Saki horretan gure amonaren estilokoa da, oso basa puntakoa esate batera!

        Gero gauza kurioso bat pasatu zitzaigun. Izan zen, ba, autobus parada batian bi tipo, bat gitarra txikiarekin eta bestia kantari diru eske zeudela eta, gu pixka batian haiei begira egondu ginen, eta gero Sakik bi edo hiru dirham eman zien haiei, bi edo hiru edo eztakit zenbat emango zien, behintzat haietako bat, kantari zegoena han denen aurrian Sakiren alabantzak egiten hasi zen, haren esku zabala besteentzako ejenplo bat zela, eztakit zer, etzuen joaten uzten, eta Sakik: Alde, alde, eta: Hoa hemendik eta pakia emantzak! Sakik ez baititu halako txorakeriak batere maite, baina esan behar da egun haietan etzela hori izan pobreei dirua eman zien aldi bakarra, eta horretan ikusten da pertsona nolakoa den. Baina, berak eztu bere burua hala ikusten, eta horretaz parre egiten du.

        Konparazio, arratsalde berian, sartu ginen jantoki batera haragi pixka bat eta patata batzuk jatera eta, jaten ari ginela, sartu zen komedorian gizon pobre pobre bat, eta nagusiari dirham bat erakutsi zion: aber harekin jateko zeozer emango zion. Nagusiak zer egin zuen eta, dirhama hartu eta atera zion guri bezalakoxe platera! Eta, hura ikusita, Sakik esan zuena: Munduan baduk bihotz oneko jendia ere, denak eztituk gu bezalako kaxkarrak!