Leuropa
Leuropa
2002, nobela
196 orrialde
84-95511-51-7
azala: Anthony Russo
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2006, nobela
2004, nobela
2000, nobela
1996, ipuinak
1992, ipuinak
1990, ipuinak
1986, nobela
1984, nobela
 

 

Handik pixka batera eta errekaren hotsa aditzen zen toki batian malda txiki bat igo dugu eta hantxe zuhaixken artian ondo gordeta zegoen baserri batera iritsi ginen, han baziren kaktusak eta beste landare haundi batzuk eta kainabera batzuk ere bai, txakur mehe bat inguratu zitzaigun eta «konpromisoz» pixka bat usmatu zigun, bertan gurdia utzi eta Pesetak esan zigun barraka non zegoen, etxetik berrogeita hamarren bat metrora zegoen eta aterik etzela barruan argi moteltxo bat ikusten zen han, bertan Pesetari agur esan genion etxe hura zelako sobrare bere etxia eta gu bidetxiurretik abiatu ginen.

        Barraka hura egur eta kainaberekin eta metal plantxekin eginda zegoen, kanpoan lastoa eta barruan simaurra edo ardi baba zegoen, sartu eta hantxe ilunian koltxoi zahar batzuen gainian hiru gizon eserita zeuden, haiei kaixo esan genienian kortina batez bestaldetik Krimo atera zen eta esan zigun pasatzeko hara, han eta kandela baten argitan sofa batian jarrita bi neska zeuden, haien izenak esan zizkigun, han etzen saludorik edo esku txokatzerik izan, bi neskak galtzekin jantzita zeuden, bat txikitxoa eta haragi ederrekoa zen eta harek zeukan soinian kamiseta txuri manga luzeetako bat eta ilia atzian bilduta zeukan, bestia berriz txandalarekin eta buruan painueloarekin eta sandaliekin jantzita zegoen, azken hori zen Lila, hori haundiagoa zen eta basa behorraren aurpegia zeukan, Sakik gero esan zidan hura «regularra» zela baina nik uste etzegoela batere gaizki eta bestia berriz Sakik «bastante» esan zuen eta neri berriz iruditu zitzaidan oso neska polita, gero jakin nuen bi neska haiek Krimoren lagunak, Umaimak «bilatu» zituela.

        Lila zen orain erdia eta gero beste erdia pagatu nahi zuena, horrek erderaz tutik etzekien eta bestiak ere frantsesez ondo baina espainolez hitz pare bat eta kito, hala bada Krimoren bitartez hizketatu ziren, Krimo istant batez atera zen eta han ziren gizon haiei esan zien errekara joateko, eta hori zen noski haiek ez aditzeko ze kontuak esaten zituzten, gero Krimok aulki bana eskeini zigun eta esan zion Lilari esateko esateko zeukana, neska oso apuratuta zegoen baina aldi berian ikusten zen etzela neska lotsati bat, hori bai hizketan ilun samarra zen eta gauza denak nahastu egiten zituen, esaten zuen haur txiki bat zuela eta orain Rabaten bere amarekin utzi zuela haur hori berak ezin zuelako mantendu, berak lan asko egin zuela baina lapur batzuek dena kendu ziotela eta ematen zigun hura zela aste haietan bildu ahal izan zuena eta baita Zinebek utzi ziona, Zineb zen han zena, bestia, baina gehiagorik etzuela eta gehiago izan balu den dena emango ziola Espainiara joan behar zuelako, dirua behar zuelako bere haurrarentzat, inon eta berak, Sakik, nahi balin bazuen errueda baten barruan joango zela eta Espainian prest zegoela egiteko zernahi eta dudikabe orain pagatzen etziguna gero han pagatuko zigula eta Krimo testigu zela eta Krimok bazekiela non bizi zen bere familia eta gezurra esaten bazuen bilatuko zuela...

        Hari Sakik erantzun ziona izan zen ba, Krimok jakingo zuela bera nongoa zen eta jakingo zuela bere familiaren berri baina berak etzekiela deus eta berak Krimo etzuela ikusiko han eta nola fiatu behar zuen, baita ere esan zuen berak Espainian lan seguru bat eskeintzen ziela eta horrek balio zuena balio zuela eta berak ezin zuela inor bere aurpegi politagatik eraman.

        Eta Lilak: Bestela ezin zuela, bere haurragatik eta gehien maite zuenagatik zin egiten zuela bestela ezin zuela... Hartan Krimok ya utzi zion itzultziari, neskak arabez segitu zuen, haize ikutu bat zuen baina moko ona zeukan, hartan Sakik neri begiratu zidan eta buruari eraginez esan zidan: Ikuste'k? Azkenian jendia debalde eraman beharko diagu, hi!

        Azkenian gu ere denboraz eta diruz ere ez geunden oso sobrante eta deskuentua onartu genuen, gainera Sakik klubeko tipo hari bost nesken hitza eman zion eta bakar batekin azaltzia penagarri samarra zen bai? eta errebaja eta guzti Sakirentzat negoziorik onena zen, esperantza baitzuen tipo harek neska bakoitzagatik gutxienez beste kilo bat emango ziola, noski neskek etzekiten hori eta Lilak mesedez eskatzen zigun eramateko baina Sakik baietza seguru zeukan, kontua zen jokua jokatzia eta ahal zen gehiena ateratzia.

        Hala behintzat Lilak apal apalik eskerrak eman zizkion Sakiri eta handik aurrera ixil ixilik gelditu zen, bitartian eta denbora guztian beste neska, Zineb ere oso ixilik egon zen, negozioa lotu zuenian Lilari eskua heldu zion eta Krimok orduan kanpora hots egin zuen eta oso laster gizon haiek sartu eta gu aulkiak hartuta kortinaz bestaldera pasatu ginen, hiru haiek beren koltxoietan jarri ziren eta haiekin erdi ilunpetan edo frantsesez esaten den bezala txakurraren eta otsoaren artian egondu ginen.

        Gizon haiek, bueno bi gizon ziren eta bestia Slim edo Selim zen, nere adinako mutila, hirurak ziren Beni Mellalgoak, hori da probintzia bat oso jendetsua eta dagoena hemendik urruti, Atlasen ondoan, han gehienak omen dira fellah eta igual horregatik da hango jendiak, askok eta askok, Europara joan nahi dutela, hemen iparraldian hangoei arropan eta figuran ere begi kolpe batian segituan antzematen diezu, pentsatzen duzu: hori zerbait badabil hemendik, batzuk oso galduta ikusten dira eta mafiaren oso menpian, gero asko izaten dira Jenifrakoak ere eta Oujdakoa ere jende espeziala eta bere modukoa izaten da, neri hango, Beni Mellalgo jendia gustatu egiten zait oso menditarrak baitira eta asko da baita ere Selim orain nere laguna delako.

        Bueno eta lagun horiek ziren Mohamedek han kolgatuta utzi zituen haietakoak eta handik hara okasio baten zai zeudenak, haiek lehenago esan dizudanez pateran saiatu ziren eta lagun batzuk ito eta bestiak harrapatu zituzten eta bueltan Mohamedek etzien diru koxkorrik eman, eta nola hala zorrak eginda edo bakoitzak ahal izan zuen moduan berriz ere diru bat bildu zuten, esan behar da lagun horiek ez direla erabateko «tiradoak», azken batian pateran edo gurekin bezala kamionian joaten direnak zerbait dutenak dira bai? ezertxo ere ez duenak muga kamionaren azpian eta ixtilu batian pasatu behar du.

        Kontua da haiek, kasu aparte zirelako Krimori «bi millon» eman zizkiotela baina Sakik nahi zuen haiek Mustafak eta besteek bezala «hiru millon» pagatzia bakoitzak, eta Krimok hartan egin zuen berriz ere bitarteko lana aber ados jartzen ziren eta noski berak ere depaso beretzat beste puxka bat altxatu, baina noski etzuen hori esaten eta «majzenaren» aitzikia jarri zuen, gobernuaren aitzikia, eta nik uste dut hala zela, esaten baitzuen: Majzenak beti gehiago nahi du, haren gosiak eztauka limiterik eta egun hauetan gu kontrolatzia beste zereginik eztu...

        Hari hiruren izenian hitz egiten zuenak kontestatu zion: Prezio bat esan zenigun eta orain gehiago nahi duzu, gure seme-alaben ogia jaten ari zara, non dago zure hitza?

        Eta Krimok: Neure poltsikotik jarri dut dirua, nik ere hainbeste jarri dut, nik ere badut familia, hiru seme-alaba ditut, hiru! ez al da egia, diodana?

        Hori neri galdetu zidan eta nik noski seme-alabarik bazuen edo zer zuen idearik enuen eta zer esan behar nuen!

        Hori dena arabez izan zen besteek etzekitelako beste hizkuntzarik baina Krimok gauza batzuk erderaz esaten zituen Sakirentzat... Eta Sakik: Ba al dakite lana badutela han? galde egiezu.

        Baina Krimok esan zuen: esan ziela eta bazekitela, baina haiek bestaldera pasatzia besterik etzutela nahi, lagunak bazituztelako «Levanten», nik eztakit hori non den, eta behintzat hara nahi zutela joan!

        Abdelhak hori, bere eta beste bien izenian hitz egiten zuen hori etzen oso negoziatzaile bikaina eta motel samarra ematen zuen baina ladrilloa baino egoskorragoa zen, noski hura ere fellah eta douar edo herri txiki batekoa zen, aurreko urtian mendian lehor haundiak eta uzta txarrak izan omen ziren eta etxia utzi beharrez enteratu omen zen bazela sare bat... Sosak ahal izan zituenak bildu, Tanjara joan zen, mugalari bati sei mila dirham eman omen zion, harekin zita egin omen zuen, hura ez omen zen azaldu... Mohamedekin berriz, harek ez omen zuen dirurik batere galdu: diruak ostutakoan Abdulekin topo egin omen zuen eta honek esan omen zion, biaje baterako hamabost lagun biltzen balin bazituen bera doan pasatuko zuela, jo zuen batera jo bestera, bilatu zituen behintzat hamabost lagun haiek, beste kuadrilla batekin batela bete zuten... gero dakigunez batelak hondoa jo zuen eta desgraziaz hiru lagun ito ziren eta bizirik atera ziren haietatik gehienak beren etxeetara itzuli ziren eta berarekin orain Slim eta Kebir bakarrik gelditu ziren.

        Selim Lkasiba izeneko herri batekoa da, mendi ondoan eta oso herri polita izan behar du, esan bezala bera orain nere lagun ona da baina orduan eta ilunian bera txoko txokoan eta aurpegia apenas ikusi nion, bestia zen Kebir, hura ere hango herri batekoa eta Selimen familia ezagutzen zuena zen, gizon haundia zen eta kuriosoa! tripa ere galanta zeukan, hemen gizon gehienak flakostak izaten baitira eta oso gutxik eta poliziek eta holakoek bakarrik izaten baitute halako tripazarra, Kebir gizon ona zen eta malezia haundirik etzuena, azkenian gehiago pagatu behar zela eta, ez Sakik nahi beste baina zati bat pagatziarekin konforme gelditu ziren eta, Kebir horrek egin zuena, bera baitzen kuadrillako «kajeroa», txaketako poltsikotik billete mordo bat atera zuen, diru asko ematen zuen eta Sakik uste dut etzuela hura ikusi, Abdelhakek ukondoarekin jo zuelako Kebir saihetsian... Ni nere artian: hau duk gizon puska, eta: enauk zozo bakarra, pentsatu nuen, bueno, esan dudan bezala azkenian eta nola hala tratua itxi egin zuten, Saki pixka bat muxinduta zegoen, esan zidan erremuska: Martxa honetan negozio kamutsa aterako zaiguk!

        Gero mobida txar bat izan zen Ali delako batekin eta hori izan zen hemengo aldian izan genuen estropezu bakarra, eta oraintxe esango dizut gauzak nola gertatu ziren.

        Saki besteekin diru kontuan ari zela bapatian nik sumatu nuen sabelian beste estutu bat eta esan nion Sakiri: Oraintxe natorrek.

        Hartu nuen ba etxeko bidetxiurra eta handik kainaberetara sartu eta hantxe nere egitekoak egin eta belar ihar batzuekin ipurdia garbitu nuen, bitartian eta han nengoela ikusi nuen tipo bat barrakara zijoala, hura itsututa zijoan eta harek eninduen ikusi ni, gero berriz, ni kainaberen artetik atera nintzenian hango etxe hartatik gizon bat atera zen eta: E! e! hots eginez eta neregana lasterrian etorrita: Nondik hator! hots egin zidan eta ya harrapatu eta besotik heldu zidan, gizon zahar bat zen aurpegia dena zimur eta mila demoniozko haserria zeukana, saiatu nintzen libratzera baina harek orrikekin bezala gogotik atxiki zidan, esaten zidan lapurra eztakit zer, eta aber non jaso nituen... eztakit zer ziren, ustez nik ostutako zerbait, ni aluzinatuta nengoen eta nik ezer enuela jaso inondik eta neria etzenik ezer ez neramala eta Krimoren laguna nintzela, azkenian behintzat hura ohartu egin zen ekibokatuta zegoela, besoa libratu zidan baina: Hi zer haiz, galdetu zidan, gaiztoen kuadrillakoa? hori esan zidan, nik: Zertaz ari zara, aitona? Baina berak: aber han kanpoan zer egiten nuen eta aber gaua izarren azpian pasa behar al nuen, esan nion kaka egitera atera nintzela, baina harek: Eztuk ba, esan zidan, diruarekin ihes egin nahiko? Hura bere teman eta ni flipatuta, etzen oso baju ere ari eta ni nere artian: barrakatik ez ote dute aditzen? Esperantza, baten bat etorriko ote zen, baina inor etzen etorri eta eskerrak halako batian etxe hartatik Pesetaren ahotsa: Ba, sahbi, sahbi! Noski ni laguna nintzela eta uzteko pakian esaten zion.

        Azkenian gabonarekin bidali ninduen zaharrak eta ni pixka bat sunsunduta barrakara itzuli nintzen. Eta, han ere musika zegoen eta horregatik besteek etzuten zaharraren purrustarik aditu, eta guztia izan zen nik ikusi nuen eta orduan hara sartu zen tipo harengatik, Ali zela esaten zuena eta jendiak hala deitzen zuena baina benetan eta gero jakin nuenez Boujmi izena zuena, Tanjakoa bera eta eztakit nondik eta nola heldu zen hara, eta hori zen tipo bat hemen esaten den bezala «ez ona» eta guk esaten malapartekoa, denekin gaizki eramaten zena eta inork etzuena maite, hura zaldiarekin engantxatuta zegoen bai? eta orduan eskasia edo monoa izan behar zuen eta burua zeharo ilunduta eta errabiatuta zegoen, azkena eta eguerdi hartan zer egin zuen eta gero gurdian Krimok kontatu zigun: Eztakit zer zela eta barrakan Ali eta besteen artian iskanbila atera zen eta gero Pesetaren amonak fuente batian bazkari egitekoa ekarri zienian besteek Aliri jatekoa ukatu zioten, orduan harek zer egin zuen eta egin omen zuen zaka! fuentia hartu eta kanpora eraman omen zuen, errekan berak bakar bakarrik jateko, hori gainera debekatuta zeukatena zen, egunez ateratzia, orduan noski, bestiak bazkaldu gabe eta haren kontra krixton amorruarekin zeuden, gainera Krimok sospetxa baino gehiago ere bazuen hura izango zela granjan antxumia lapurtu zuena, beste egun batian auzoko gizon batek arbola batetik fruta lapurretan ikusi omen zuen eta zerbait esatera zijoala Alik hura harrika korritu omen zuen, noski Pesetaren aitonak harekin konfunditu ninduen eta gabian katu guztiak omen dira grisak baina hura eta biok ez ginen kif kif, ez ginen batere parezidoak.

        Kontua da besteek eta Krimok ere etzutela nahi hura beraiekin joatia, harekin bidian problemak besterik etzirelako izango, baina harek biajia pagatu egin zuen bai? eta ni heltziarekin horretan ari ziren, Krimok billete sorta bat eman zion Aliri eta pake pakian joateko esaten zion, baina Ali oso haserre eta billetiak lurrera bota zituen eta berak etzuela dirua behar, berak atzerrira joateko pagatu zuela eta orain nahi bazuten eta nahi ez bazuten ere bete egin beharko zutela hitz egindakoa, harek erderaz eta zuzenian Sakirekin negoziatu nahi zuen baina Sakik mobida ikusi zuenian esan zuen berak etzekiela ezer eta besteekin konpontzeko, etorri zen Saki neregana ba, eta biok kanpoan ginela, barruan Abdelhakek esan zion Aliri: Hartzak dirua eta hoa, hoa eta oiloek hortzak dituztenian etorri, eta Krimok, berriz: beria etzuena ematen ziola eta zerbait ematen zionerako kontent egotia zeukala, eta nahi balin bazuen hartzeko diru hura eta bestela eskutsik joateko baina benpein etzela beraiekin inora ere joango, Alik azkenian billete haiek bildu zituen eta han dirua falta zela! garraxi egin zuen, aber zeinek lapurtu zion, han denak lapurrak zirela eta lapurren eta puten paradisua zela hura. Hura bai tipo pozoie amonak esaten duen bezala, ahotik aparra zeriola eta erabat bere onetik irtenda zegoen, barrakatik atera zen eta bere atzetik Krimo eta Kebir ere bai hura kalmatu nahian, inposiblia zena, Alik behin eta berriro bere behatz potoloan txistu egiten zuen eta airian gurutziak egiten zituen eta zemai egiten zuen: bera gabe etzirela bizirik inora ere joango! Krimo harengana joan zen baina Alik harri bat hartu zuen eta oihuka esaten zuen: ametitzen ez balin bazuten disparate bat egingo zuela, bere burua zartatuko zuela, Krimok harria kentzeko eskua luzatu zuen eta Alik hari bota zion harria, eskerrak Krimoren erreflejuak eta harriak besoa jo zion, bitartian Kebir inguratu zen eta Aliri matrailian krixton okallekoa jo zion, mutilak lurra jo zuen eta seko baino sekoago gelditu zen hantxe, bitartian bestiak eta neskak ere atera ziren, Ali arrastaka eraman zuten lasto metaren kontra eta Krimok esan zuena: Horrek puxka bateko pakia!

        Gero barrakara sartu ziren haiek eta Krimok azkeneko errekaduak eman eta handik bi poltsarekin atera zen eta bat neri eman zidan, eramateko gurdira, poltsa haiek Zineb eta Lilarenak ziren zergatik haiek biharamunian eta lehenengo argiarekin oinez joan behar zuten granjara, eta bera eta noski Saki eta hirurok Pesetaren etxera joan ginen, han zegoen zaharra gure zai eta dudikabe bullak aditu zituen, pixka batian Krimo harekin aritu zen, bukaeran besarkatu zuen eta despeditu ziren, azkeneko behintzat eta lehen bezalaxe gurdian granja aldera abiatu ginen, orduan maldan gora eta polikiago, astoa ere etzegoen oso umore onian eta burrufada batzuk egiten zituen, bidian Krimok Aliz kontu pare bat esan zigun eta gero ixilik joan ginen, gu ere ez ginen lehen bezain «irrizu», Saki ere pixka bat itzalita zegoen, galdetu nion: Zer, nekia? Zera, esan zidan, burua armiarmaz beteta zaukat! Noski nekia zuen eta bitartian tabakoa bukatu egin zitzaion, eta granjara ailegatu ginenian aurreneko gauza, kabinara joan eta zigarrilloa piztu zuen.