Leuropa
Leuropa
2002, nobela
196 orrialde
84-95511-51-7
azala: Anthony Russo
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2006, nobela
2004, nobela
2000, nobela
1996, ipuinak
1992, ipuinak
1990, ipuinak
1986, nobela
1984, nobela
 

 

Algecirasen aurrena nazionalen kontrola zegoen eta haiek pasaporteei bistazo bat eman eta sellatu ere egin gabe eman zizkiguten, eta hartan, lehenengo kolpia: aurrena neria eman ziguten eta nik, batere pentsatu gabe, alkandorako poltsikoan jaso nuen, eta gero Sakiri beria eman zioten, eta harek beti bezala beria guanteran utzi zuen, eta bestela beti biak hantxe uzten genituen, eta orduan horrela ez egitiak gero krixton garrantzia izan zuen.

        Okerrena eta momenturik txarrenak guardia zibilen garitara gindoazela pasatu nituen. Ikusten bainuen, pikoloek kamionero bati ez, baina gainontzeko guztiei atzeko atiak irekiarazi egiten zizkietela. Egia da igo gabe eta etzutela ia ia begiratzen, eta normalian hala izaten omen da, badakitelako lehenago Marokon kamionak ederki miatu dituztela, baina klaro, guk jendiaren erdia bobinen artian izan!

        Gure atzian ilara luze samar bat, aurrian berriz bi kamion besterik ez... Hiru guardia zeuden: bat geldi geldirik eta txakur bati eusten, beste biak kamionak begiratzen... Gure aurrekoaren aurrekoari gabarra irekiarazi zioten, aritu ziren ordura artekoekin baino denbora pixkat gehiagoz, nik zeharka Sakiri begiratu nion, hura berriz, besoa leihoaren ertzian, zigarrilloa erretzen eta izerditan baina, aurrera begira, harrigarri lasai...

        Gure aurrekoari begiratu gabe segitzeko esan ziotenian ni paralizatuta gelditu nintzen, ni nere artian: akabo! pentsatu nuen. Gure txanda zen...

        Sakik burua leihotik atera zuen, guardia zibilak berriz, eskuarekin tap tap egin zuen kabinako metalian eta, keñu sinpatiko bat eginez: Otro pa la ducha, esan eta, pasoa eman zigun...

        Garbi dago suerte ikaragarria izandu genuela eta asko izandu zen Sakiren planta eta haren odol hotza.

        Puertotik ateratzeko beste kontrol bat zegoen, zibilena hura ere, baina Sakik esan zuen: Honek eztik behin ere begiratzen, eta ni hala ere, pikolo harek buruarekin saludo txiki bat egin eta hura atzian utzi arte belaunak ikaran egondu nintzen.

        Ya kanpoan, gure aurrian abenida zabal bat, nora aldera jo behar genuen ez genekien. Sakik esan zidan: Galdetuiok horri. Tipo flako bat zen bere gorritarekin eta: Hara, hara, esan zigun: abenidan ezkerrera hartu behar genuela eta errepide haundian hiru edo lau kilometro eginda, ospitala gure eskubira genuela.

        Gero ya seinaleei erreparatu genien. Hospital Punta de Europa, hori zuen izena.

        Maldan gora, sartu ginen ospitaleko rezintoan, kotxeen artian etzen oso erraza maniobratzia baina Saki lantzatuta zegoen! Edifizioari buelta eman eta ate nagusiaren pare parian aparkatu zuen, kalez beste aldian.

        Joan ginen gabarrako atia irekitzera, Brahim, aita jeitsi zen aurrena, hura ere izerdi patsetan zegoen eta bera eta Sakiren artian eta goitik Krimoren laguntzarekin Fati jeitsiarazi zuten eta Brahimek hura besoetan hartu zuen, emakume gaixoa begiak itxita zijoan, bitartian Zinebek Sakiri umia eman zion, umia toalla urdin batian bilduta zegoen eta etzitzaion musurik ikusten.

        Hala joan eta hala sartu ziren, ba, Saki eta familiako hirurak ospitalera, han ziren pertsona bakanen artian... Egia esateko dena oso azkar pasatu zen eta istantian baten batzuk begira gelditu ziren baina haiek ospitalera sartu zirenian ohartu nintzen inor etzegoela kamionera begira, hala behintzat, ikusi nuen edo noski iruditu zitzaidan gabarrako atia ondo itxita zegoela eta, pentsatuz Saki di da batian etorriko zela, kabinara igo nintzen ni.

        Gero, eztakit zenbat denbora pasatu zen, igual minutu bat edo bi edo igual bost edo gehiago ere pasatu ziren, eztakit ni aidian nengoelako bai? Behintzat halako batian bozina bat aditu nuen, ispilutik begiratu nuen eta kamionaren atzian autobusa zegoela ikusi nuen, noski kotxeentzat tokia bazen, baina autobusa pasa ezin zela zegoen! Eta ya segituan, autobusaren atzian kotxe bat etorri zen, beste kotxe bat... Non sartu zen Saki? Nik enekien zer egin, igual kamiona arrankatzen asmatuko nuen baina eztut uste eta orduan ere pentsatu nuen ezetz eta onena izango zela Sakiren bila joatia, hala bada, jeitsi nintzen... Eta, jeistia egin nuen eta kamionetik hara Krimo lasterka zijoala ikusi nuen, han baziren obra bateko zakar pilo batzuk eta hura haraxe zijoan, ni nere artian: zer ari da hori...? Begiratu nuen eta hantxe errebueltan, kotxeen ilaran polizien autoa zegoela ikusi nuen.

        Noski gabarrako atia erabat itxi gabe gelditu zen eta Krimok, denbora bazijoala eta bozinak entzutian, zer ote zegoen, hura pixka bat irekiz berak ere polizien kotxia ikusi zuen eta, kale edo bale, pentsatu zuen...

        Poliziak kamionera begira zeuden baina haiek ziren tokitik Krimo ezin izan zuten ikusi eta, nik orduan, eskuekin espantuka ari zitzaidan autobuseko txoferrari mesedez itxoiteko seinale bat eginda, gabarrako atia ixtera joan nintzen. Eta, orduantxe Zineb ya lurrian eta Lila ere jeisten ari zen. Ez, ez, esateko besterik enuen betarik izandu, ez baitzuten ezer aditu nahi eta hankak agudo eta burua derrotian bazijoazen haiek ere obrako zakar haietara...

        Oraindik gabarra ixteko erreflejua izan nuen, ordia autobusaren ertzetik muturra agertu nuenian ikusi nuen bazetozela kamionera poliziak... Ostia hi, pentsatu nuen, goazemak hemendik!

        Eta, ni ere habailan hasi nintzen, baina Krimo eta neskak joan ziren aldera ez, ni beste aldera bezala, belaze batian eta lagun batzuk eskibatuz ospitalari buelta eman nion, gero han hesia bazegoen eta hesiaren azpitikan sartu eta malda batian behera harrapaka jo nuen. Momentu batian atzera begiratu nuen eta, eskanpatu hartan inor ez baina, ni nintzen tokitik ehun bat metrora tipo bat ikusi nuen, hura ere istilu batian, maldan erori eta txiribuelta bat egin zuen eta, gero korrika segitu zuen...

        Gero Selimek eta kontatu zidaten: Krimok zergatik alde egiten zuen ikusi zuenian, barruan Zinebek alerta eman zuen: Bulisia! Bestiak ordia, noski zuloan itxita zeuden, baina Ahmed, sukarrak ematen zion indarrarekin edo, Kebirren gainian igo zen eta, lonaren txirrikutik eskua sartuta, hura gabarrari lotzen zuen goma askatu zuen eta, salto mortal bat eginda, lurra jo eta behintzat ihes egin zuen, noski bera zen nik maldan behera korrika ikusi nuena. Eta, haren atzetik Abdelhak ere saiatu omen zen ateratzen, baina harek eta besteek etzuten betarik izandu zergatik poliziek Ahmed ikusi zuten eta hura ez beste guztiak bertan atxiki zituzten.

        Ni bitartian goitik ikusten etzen zaborleku batera iritsi nintzen, han irrista txar bat egin eta fruta ustel pilo batian erori nintzen, pentsatu nuen han gelditzia baina tokia hala ere nahiko agerikoa zen eta, handik laster zegoen barrio batera jo nuen, etxe txikiak ziren bakoitza bere jardintxoarekin, kalian ia inor etzebilen baina ahuntz bat zeraman tipo batek eskua jaso eta zerbait esan zidan, handik kale txiki batian sartu nintzen, behera autobia zegoen eta, kale txiki horren akaberan leihoak itxita zeuzkan eta jardinian lore asko zeukan etxe bat zegoen, bazterretan inor etzela ikusi eta barrenera salto eginda, hango berduren artian izkutatu nintzen. Handik pixka batera urruti samar helikopteroa sumatu nuen eta pentsatu nuen: horiek besteen atzetik zabiltzak.

        Garbi dago norbaitek txibatazoa eman zuela, zergatik handik bost minutura etxe kanpoan neuzkan.

        Esan zidaten: Tranquilito ven p'acá.

        Eta nik esan nien: Ya voy, ya voy.

        Batek esan zuen: Este sabe hablar.

        Beste batek esan zuen: Mira a ver si tiene algun papel.

        Eskuak gora altxarazi eta katxeoa egin zidaten baina, galtzetako poltsikoan diru billete batzuez aparte etzidaten bilatu paperik. Pasaportia galdu nuen!