Aurkibidea
Orduko nik eskola gutxi gutxi zapaltzen eta
Nik Saki kaletik ezagutzen nuen
Astelehenian, Donostian pasaportia egitera
Biharamunian Saki bizarra ondo eginda
Sakik nahi zuen Algecirasera eguerdirako ailegatzia
Handik zuzenian Tetuango karreteran
Egun hura Sakik kamiona deskargatzen
Bazkalondoan Krimo siestara joan zen
Hurrengo goizian artian bero larririk etzela
Etxian Peseta ez genuen ikusi baina
Guk uste genuen Krimo jendiarekin etorriko zela
Baina nik enuen pasta haietatik probatzerik izan
Orduko Zineb eta Lila eta Beni
Algecirasen aurrena nazionalen kontrola zegoen
Barriada deitzen zuten hori eta gero
Aurkibidea
Orduko nik eskola gutxi gutxi zapaltzen eta
Nik Saki kaletik ezagutzen nuen
Astelehenian, Donostian pasaportia egitera
Biharamunian Saki bizarra ondo eginda
Sakik nahi zuen Algecirasera eguerdirako ailegatzia
Handik zuzenian Tetuango karreteran
Egun hura Sakik kamiona deskargatzen
Bazkalondoan Krimo siestara joan zen
Hurrengo goizian artian bero larririk etzela
Etxian Peseta ez genuen ikusi baina
Guk uste genuen Krimo jendiarekin etorriko zela
Baina nik enuen pasta haietatik probatzerik izan
Orduko Zineb eta Lila eta Beni
Algecirasen aurrena nazionalen kontrola zegoen
Barriada deitzen zuten hori eta gero
Andoainen amonarekin ederki nengoen. Banuen gela bat neretzako bakarrik, eta nahi nuenian sartu eta nahi nuenian ateratzen nintzen!
Hantxe neukan amaren fotoa, mesanotxian amonak jarrita. Herritik atera baino lehenagokoa, ia ia neskato bat zen. Donibaneko fotoak, aita eta bionak, eta geroko neriak, sobre batian jasota neuzkan.
Bagenituen errekaren ondoan metro kuadrado batzuk, amonak han aldatu zituen letxu eta porru eta tipula batzuk, hara joaten ziren auzoko katuak, beti bazuen zerbait haientzat, hexur batzuk, arroz pixka bat, ogi kurrusko zaharrak esniarekin zopa eginda besterik ez bazen. Han bazegoen arbola bat, «ahuntzaren arbola», berak esaten ziona, haren ondoan egoten nintzen ni, arratsaldeko eguzkipian hamakan ederki eta, batzuetan afaldu ere bai!
Mendian bezalaxe zebilen bere txokoan. Leihoak krabelinez beteta, bere amantal petatxatuarekin, bere zapatillekin xirri xarra. Etzuen kalian bizitza askorik egiten, bazuen senideren bat Nafarroan eta bestiak Amerikan urruti!
Ni orduan egunero joaten nintzen eskolara, baina gauza asko enituen entenditzen. Bestiak aurrera zijoazen eta, nik ezin, eta ezin. Batez ere matematikak, numeroek burua hausten zidaten. Diziplina behar nuela, esan zion amonari tutoriak. Egiteko ahalegina, esaten zuen amonak. Egiten nuen, ba. Orduak pasatzen nituen liburuen aurrian baina, enion gustorik hartzen ezerri.
Gainerantzian, klasian ez egotia bezalaxe zen. Burua joan egiten zitzaidan... Normalian etziren ohartzen. Behin ordia, labanarekin pupitrian koxka bat egiten ari nintzen eta, irakaslia atzetik etorri eta, borradoriarekin jo zidan kankarrekoa buruan. Beste behin, barkitoen jolasian ari ginen eta, Dani eta biok almazenian itxi gintuzten. Beste behin, Maite, luze flaka horri kontra egin niolako hiru eguneko bidali ninduten etxera. Orduan, amonaren pena! Handik aurrera pixka batian txintxoxiago portatu nintzen.
Lagunekin ere izan nituen nere gorabeherak. Hasieran, patioan futbolian ari eta, gabatxoa deitzen zidaten. Nik puto kasorik ez. Baina, egun batian Josu, ni baino zaharragoa eta haundiagoa zen bat, morua deitu zidalako direkto batekin lurrera bidali nuen. Geroztik inork etzidan mororik esan. Gero hasi ziren: Jim, tximino, eztakit zer. Hori, arboletara bestiak bano hobekiago igotzen nintzelako zen. Azkenian Tximi gelditu nintzen.
Behintzat lehenengo kurtsoa nola hala pasa nuen. Bigarrena ez.
Bigarren urtian amona sillatik erori, hanka hautsi zuen. Bapatian, medikuak pinturan etzituena ikusi nahi, residentziara joan behar, eta pixka bateko!
Hala zela, hirugarren egunian, bera bakarrik jeiki eta komunian luze erori zen, orain kadera eta bi kostilla ere puxkatu zituen! Abisatu ziguten, joan ginen Migel eta biok, han zen, buruan ere kolpia hartu zuen eta pixka bat txorabiatuta zegoen, hitz egiten zuen baina, ez genion gauza askorik entenditzen, hori bai, goxo goxo parre egiten zuen!
Egin zuen residentzian hilabete luzia, bitartian ni bakarrik egon nintzen etxian, gero berriz, zegoen bezala herrira joatia etzela komeni eta, zaharren etxian sartu zuten.
Migelek asistentari esan zion guk hartuko genuela baina, han hobeto atendituko zutela, esan zigun harek. Ni oso gaztia nintzelako eta, Migel berriz, zebilen bezala zebilelako, etzen gurekin fidatzen sobrare!
Gero nerekin hasi ziren. Aitaren bila ibili ziren, alperrik. Erabaki zuten ni etxian ezin nintzela bakarrik egon. Psikologo batekin ere hitz egin nuen. Nola eskolan «problemak» nituen, eta nola enuen «behar zen maila» ematen, etxian bakarrik enintzela ondo, atera zuten. Baina batak bestiarekin zer ikusirik etzuen. Ni etxian ederki nengoen!
Total, Migelen pisuan sarrarazi ninduten. Migelek esan zuen: Bai, bai, ederki moldatuko gara. Jarri genuen haren gelan beste ohe bat, han gelditu nintzen.
Ze, etxe hura udaletxiak pagatzen baitzuen. Amonaren etxia ere, Ormazabalena zena, udaletxiak pagatzen zuen, parte batian benpein, amonaren pentsioarekin ez baitzen iristen!
Etxe hori, Migelen etxia, herritik aparte dago, poligonoaren ertzian, autobiaren ondoan. Etxe zahar bat da, hezia, eta hotza, radiadore bakarra zegoen, eta baldetik poto batekin ura gainetik botata garbitu behar genuen!
Etxian Sixto ere zegoen. Reformatoriotik zetorren, han baten batek labanarekin sudurraren punta ebaki zion. Zaldiarekin engantxatuta zebilen, batzuetan diru asko ibiltzen zuen! Pentsatzia duzu, nola lortzen zuen... Hitz egiten zuen modu batian, nik ez bainion entenditzen, Migelek traduzitu egiten zizkidan harek esaten zituenak. Neri ere espainolez ondo egitia kosta egiten zait! Omen daukat azento arraro bat...
Zentruan egiten genituen grupoko terapiak. Disko bat jartzen zuten, eta bakoitzak nahi zuen tresna jo, eta nahi bazuen kantatu ere bai. Nik behin garraxi egin nuen, hori ere enuen egin behar. Psikologoa beti ari zen eta bere kalkuloak egiten.
Nik eskolan segitzen nuen, baina gogoa non nuen! Liburuetan ez behintzat...
Halako batian, gaixotu nintzen. Tripan min latz bat, sartu zidaten tubo luze bat estomagoan, gastritisa zela esan zidaten, pastilla batzuk eman zizkidaten. Larruan ere problemak izan nituen, hemen hongoak, han zorriak, nahi adina xomorro!
Hori, esan nionian Sakiri: zer eta zer izan nuen esan nionian: Aparta hadi hortik, esan zidan, kutsatu egingo didak eta! Gero ipurdian azkuria zuela eta: Bazabilkidak hemen hire akain horietako bat... bera beti burlan, holakoa baita!