Leuropa
Leuropa
2002, nobela
196 orrialde
84-95511-51-7
azala: Anthony Russo
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2006, nobela
2004, nobela
2000, nobela
1996, ipuinak
1992, ipuinak
1990, ipuinak
1986, nobela
1984, nobela
 

 

Orduko nik eskola gutxi gutxi zapaltzen eta, beti kalian egoten nintzen! Enintzen armiarma bat bezala etxe izkina batian egotekoa. Herrira jeitsi eta, lagunekin kale ertzian jartzen nintzen.

        Beste batzuk tabernan egoten ziren. Hala, Migelen lagunak, Txona, Luis, pintoria, Felix, alperra, Agiri, Sapan ari dena. Hala, Igor, Txiri, Gabi, paroko jendia, gaur lan pixka bat, bihar batez, batzuk gurasoekin bizitzen eta, dituzten diru pixka guztiak barran uzten dituzte! Hala, Maki, makinista, eguna tragaperran ematen duelako esaten diogu hola, Klemen, fotografoa, hori zuk ezagutuko duzu. Halaxe bestiak ere, aberretxikozaliak, Gordok deitzen baitie: Asier, Iribarrekoa, Kako, luzia, eta bere kuadrillakoak, Saki bera ere horiekin ibiltzen da batzuetan, Pako, hamar urtian preso egondakoa, kasu egiten didana, behin ere hitz egin gabiak balin bagara ere. Hori igual Migelengatik da, nola berak ere hiru urte bota zituen Alcalan! Total, berak erre etzuen makina bategatik. Gauza jakina baita, bera etzela izan. Denek dakite zeinek erre zuen, noski inork eztik esango baina!

        Horiek beti edo gehienian tabernan egoten dira eta, neri etzait hori gustatzen. Neri jendia bai baina, ez baitzait alkohola gustatzen! Eztit ondo egiten, zertarako edan? Edateko ura, esaten zidaten. Aire! Iturrian badago ura, on ona gainera.

        Horregatik egoten nintzen besteekin kalian: Karlos begiokerra, Edu, Gordo, Orma gaztia, hortz haundia, bihotza jodituta daukana, Iñaki, aita Senegalgoa duena, harekin larunbatetan egoten nintzen, plazan zapata saltzen. Eskaleretan, parke txikian, pretilian, txoko asko dago. Hitz pixka bat egin eta. Gustatzen zait hitz egitia neri. Erretzen. Nik eztut erretzen. Tabakoak ere ez baitit ondo egiten neri, beste belarrak ere ez. Errezak, errezak, esaten didatenian: Nik nerez zaukat harria, nerez! esaten dut nik.

        Neskekin ere pixka bat ibiltzen nintzen, baina horrek kortia ematen dit. Eztitut ondo entenditzen, bai? Ez dudana entenditzen da: haiek, zer nahi dute? Guk bezala, ondo pasatzia, nahi ote dute? Pixka bat gu bezalakoak direla, esaten zuen Sakik, ez oso diferentiak, baina nik, neretzako, beste pasta batekin eginda daudela.

        Ni bestela denen laguna naiz. Gaur ikusiko nauzu batekin, bihar beste batekin. «En la puta intersección», esaten zuen Sakik.

        Eta, eraman egiten naute lagun horiek. Batekin banago, era batekoa naiz, beste batekin banago, beste era batekoa. O sea que, konparazio, goizian batekin edo bestiarekin egon, arratsaldian era batekoa izango naiz, edo bestekoa. Jendiak indarra ematen dit, bai? Pixka bat ni nerez ez banintz bezala da. Pertsonaje bat banintz bezala. Igual izango da, ni ez izatia bertakoa. Hori izango da. Pixka bat diferentia izatia, baliteke, ezta?

        Guk beti euskeraz egiten genuen. Neri bestela etzait gustatzen. Oso espainolak, espainolak bakarrik, etzaizkit gustatzen neri. Hori ere izango da, nondik natorren, ama nolakoa neukan, hori nago pentsatuta batzuetan.

        Nere koloriarekin eta, euskeraz hitz egiten aditu eta, jendia batzuetan harritu egiten da. Sakirekin hona gatozela ere, Espainian, ostatu batian, sua eskatu zidan tipo bati euskaraz «ez» esan niolako, ze aurpegirekin begiratu zidan ikusi behar zenuen!

        Momok foto bat bidali dit handik. Hor nago ni, Txona eta Edurekin, atzian Klemen ere ikusten ahal da. San Juanetakoa, nere azkeneko fotoa. Taberna kanpoan, eztakit nork atera zuen. Orujo botellarekin, ni. Edatekoa egiten. Parrez. Hori naiz ni. Ile kizkurra, begi erreskinatuak, ahoan paleta bat hautsita. Txonak nere aldian sudur ederra dauka. Txona da... uf! kasu bat aparte. Hori hemen balitz bertakoek flipatu egingo lukete!

        Ni naiz hori. Pixka bat harritu egiten naiz. Zer egiten dut hor? Festa horretan, zer egiten dut. Sussuk esaten du: Zer dira festak? Pertsona sinpliarentzat, egun guztiak dira festa. Bera ere sinplia baita.

        Handik egun gutxira etorri zen Momo.

        Pasaiako portura Liberiakoa edo eztakit ze bandera zuen barku batian etorri zen. Legez kanpo, hamazazpi urte zituela, edo hala zituelakoan lortu zuen benpein gelditzia. Oso listoa zen. Eta, etxeko labian ogi torta gozo gozo batzuk preparatzen zituen! Irina, ura eta olioa, ezta besterik behar. Harekin menua pixka bat aldatu genuen.

        Momoren aita ari zen enpresatik bota omen zuten. Jefeei enfrentatu zelako bota omen zuten. Frantsesak ziren enpresako nagusiak, aitak esaten omen zuen: Frantsesa diabloa! Momok etxian hitz bat esan ezkero frantsesez, aitak zapla! jotzen omen zuen.

        Hortik aurrera, askotan harekin ibiltzen nintzen. Trapitxeo pixka bat ibiltzen zuen hasieran, akojonatuta zegoen baina, dirua behar zuen! Trenian pagatu gabe ibiltzen eta, egun batian, biak goazela, treneko beltzek heldu eta, Loiolan jeitsiarazi gintuzten. Eta, nik txakurrak deitu nielako, haiek ere jeitsi eta, a ze ostia eman zidatena!

        Beste egun batian Amaran moto bat hartu genuen. Momo aurrian, ziztu batian gatozela, Galarretako aldapan frenoak gaizki zeudela ohartu eta: Saca la pata! oihu egin zidan. Zangoak atera nituen, zapatillak erre nituen, hankapiak ere bai, alperrik! Erori ginen, motoa bazterrian utzi genuen... Kasualidadia, autobusa zetorren orduantxe, hura hartuta herrira itzuli ginen.

        Ni orduko ya zentrora joaten hasita nengoen. Ze, bazen amonaren lagun bat, Braulia izena, han garbitzen aritzen zena, eta harek, estima hartu zidan eta, igande batian kalian ikusi eta esan zidan: Etorri nerekin! Zentrora eraman eta harrarazi zidan bainu bat ederra! Gero berak esanda beste hiru lau igandetan, bazterretan beste inor etzela, hara joan nintzen bainatzera!

        Gero Brauliak, ikusten baitzuen ni nola nenbilen, zentroko direktoriarekin hitz egin zuen. Eta, harek asistentarekin. Eta, lan bat ematia pentsatu zuten. Ya que eskolara ez bainintzen joaten, ya que ez bainuen hartarako balio.

        Aurrena sukaldian egondu nintzen, gero hasi ziren: Hau ekatzak, hau eramantzak... Kaleko enkarguak egiten, batzuetan bakarrik, bestetan Inazio, txofer zaharrarekin. Estufarako egurra eramaten genuen... Gure aldian behintzat, como dios bizi ziren han.

        Eta, nola eskuekin abilidadia nuen, laster, kristal bat puxkatu bazen, Tximi! Silla bat edo kable bat konpondu behar baziren, Tximi! Zerbait pintatu behar bazen, non dago Tximi arraio hori! Eta, ni konten, eskuekin gauzak egitia gustatzen zait neri.

        Obra haundi bat ere egin genuen. Paret batzuk bota, beste batzuk altxatu genituen. Lizarribarrekin, ezagutuko duzu. Lanian hamar hamabi ordu ematen genituen egunero. Komedorian garbantzo pilo bat jan, gero bost minutuko siesta egiten genuen. Ez sei ez zazpi, bost minutu eta gora!

        Neri gustatzen zait igeltsua, gustatzen zait egurra, harria ere gustatu egiten zait. Bakoitzak du bere gustoa, bakoitzak bere usaia, denak ere onak!

        Lizarribarrekin patioko kristalak ere jarri genituen. Han ari ginela kristal bat gainian erori zitzaidan, buruan zauri ederra eginez. Kristal zati bat barruan gelditu zitzaidan, ospitalera eraman, hantxe kendu zidaten. Kristal hura izango zela, esaten zuen Sakik. Deskojonoan, zerbait ez esatekoa esan edo ez egitekoa egiten banuen: Seguru al hago kendu egin ziatela kristal zati hura?

        Hilian lau mila duro ematen zidaten, gastu txikietarako, esaten baita. Beharko, txikiak izan. Nola udaletxiak pagatzen zigun etxia, lana kontra partida bat zen, uste dut hola esaten dela.

        Zentroan jende atzeratua dago, jende paralitikoa, batzuk burutik ederki asko daudenak, solamente ezintasun fisikoa dutenak. Gehienak bertan bizi direnak dira, goian lo egin, eta eguna salan, edo tailerrian, edo parkian ematen dute. Gehienak umiak bezalakoak dira, kantatzen dute, besteen arropekin disfrazatu egiten dira, ume jolasak egiten dituzte.

        Batzuetan beren jolasetan sartzen ninduten, nerekin burruka egin nahi zuten, nik esaten nien: Orain ez! Baina ni baino egoskorragoak ziren, etzidaten pakerik ematen, erizainak esan arte.

        Nik pixka bat ihes egiten nien. Esaten du Sussuk: Mendia ikusten duzu, mendia egiten zara, erreka ikusten duzu, erreka egiten zara. Holako bat, bai? Horregatik etzait gustatzen tontoekin ibiltzia.

        Bitartian segitzen nuen Inaziori laguntzen: furgonetan jendia Urnietako gimnasiora eramaten. Edo, batek ospitalera joan behar bazuen, edo taldian Donostiara joan behar bazuten, etabar.

        Egun batian Migelek, lehengusuak, furgoneta eskatu zidan, negozio bateko. Nola baitzekien furgoneta nebilkiela: bi alditan, Inazioren ezjakinian, Mikel, gure tonto bat Kabitxora eramateko ibili bainuen. Eta, zer dek edo? galdetu nion. Lagun batzuekin obra batera joateko... Krixton kortia eman zidan baina, ezetz esan nion.

        Ze orduko etxia utzita nengoen, zentroan koarto bat jarri zidaten. Etxian Migel eta Momo gelditu ziren, gero Momo neska batekin hasi eta harengana joan zen, Migelek, berriz, han segitu behar du, Momok berak esan dit.

        Bigarren urtian soldata bat pagatzen hasi zidaten. Sei hilabeteko kontratuarekin, baina, zeinek dauka hori baino hobia? Inork gutxik, hori argi dago.