Leuropa
Leuropa
2002, nobela
196 orrialde
84-95511-51-7
azala: Anthony Russo
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2006, nobela
2004, nobela
2000, nobela
1996, ipuinak
1992, ipuinak
1990, ipuinak
1986, nobela
1984, nobela
 

 

Sakik nahi zuen Algecirasera eguerdirako ailegatzia eta juxtu juxtu ailegatu ginen! bestela gero Tanjan muga seietan ixten zen eta biharamuna jai eta astelehena arte inora gabe han egon beharko ginen.

        Algecirasko puertoan zai eman genuen ordubete hola, bero haundia egiten zuen eta hantxe asfaltoan egon ginen tipo batzuen txapa aguantatzen, zergatik Euskal Herrian zerbait gertatu zen bai? eta bertakoek krixtonak esaten zituzten, noski gure kamionaren matrikula ikusi zuten eta marruka ari ziren euskaldunen kontra, ni flipatuta nengoen baina Sakik odol hotz batekin esan zidan egiteko berak bezala, berak bezala bizkar emateko eta, Kristok esan omen zuena: Ez iek puto kasorik egin, esan zidan, etzakitek zer esaten duten eta.

        Ya pasaportiak eskatu zizkiguten eta ni pixka bat harritu nintzen nere pasaportia etzutelako begiratu ere egin, eta geroxiago Saki aduanako ofizinan sartu zen paperak agudo egiteko eta han zegoen lepazuriari: Zer pasatzen da! Zergatik agentziak faxa bidali zuen hara ze kamion zijoan, ze matrikula zuen, zer zeraman eta notizia guztiak, eta poliziak atiak ireki eta begiratu zuen eta dena behar zen bezala zegoen eta pasoa eman behar ziguten ya! Zergatik barkua orduantxe kargatzen ari zen eta kotxe pila bat zegoen, emigranteen kotxiak lepotik goraino beteta, eta gu beldur ginen hurrengo barkua hartu beharko ote genuen eta ya berandu egingo zitzaigun, eta lepazuri harek: berak firmatu egin zuela eta pasatzen zena zela han zegoen polizi hura putakume bat zela, eztakit zer, eta: Zaudete, hitz erditxo bat esango diot. Joan zen eta handik minutu batera, polizia harek berak besoarekin aurrera egiteko seinaliak egin zizkigun eta espainol kaxkar haiek harrituta beraiek hantxe eta gu bagindoazelako aurrera!

        Barkuan kamionak behian utzi eta kolega batzuk joan ziren dutxatzera eta gelan lo kuluxka bat egitera, baina gu kamionzaleen salan gelditu ginen. Ni pixka bat beldurtuta nengoen behin ere enintzelako barku batian ibili, hasieran egin zuen dar dar dar, gero suabe suabe abiatu ginen. Handik ateratzen omen dira barku batzuk guria bezala Tanjara eta beste batzuk joaten omen dira Sebtara, eta izenak gutxi gorabehera hemen esaten diren moduan jarriko dizkizut, ez baitakit euskeraz nola diren horiek. Baina Sebta Espainiakoa da, eta magrebiar asko handik sartzen omen ziren lehenago Espainiara baina lehengo urtian edo aurrekoan izan zen, egin baitzuten eztakit zenbat metroko burnisare batekin hura dena itxi eta orain ya handik oso gutxi eta gehienak itsasotik edo bakoitzak ahal duen moduan pasatzen dira. Eta bai omen dute espainolek Sebtako muga guztia gerrako minez josita, eta hori baleike izatia jendia ez pasatzeko, eta baleike bestela ere izatia, zergatik magrebiarrek uste dute hiri hori beraiena dela, eta espainolak ez omen dira hemengo erregiarekin batere fidatzen.

        Algecirasko puertoan mila kontenedore baino gehiago zeuden, Sakik esan zidan jendia haien barruan ere pasa izaten zela, eta orduan denbora gutxi zela Casatik Italiara zijoan kontenedore batetik bonberoek hiru lagun atera zituztela. Ez al daude ba kontenedoriak itxita? galdetu nion nik, eta berak: diruak kaja fuertiak ere irekitzen zituela, esan zidan, eta da frase bat hori bere mixterioa daukana.

        Gero poliki poliki barkuak buelta bat egin zuen, han eta hemen lurra ikusten zela nik enekien zer eta non zen Espainia eta nondik nora genbiltzan, eta han dago Gibraltar ere, baina hori amerikanoena omen da, eta hori izan zen Sakik esan zidan azkeneko gauza, ze gero banijoan beste zerbait esatera eta hantxe zegoen zangoak mahaiaren gainian luzatuta eta enborra bezalaxe lo gelditu zen!

        Beste kamionzaliak ere erdiak baino gehiago lo eta gainontzekoak telebistan futbol partiduari begira krixton muermoarekin zeuden eta nik: aber kanpoan zer den, aber barkua nolakoa den... Aukera hori nuen bai? eta gogoa ere bai, joan nintzen eta atera nintzen eta sustoarekin segituan atzera sartu ere bai ia ia! Salan baitzegoen krixton jende pila, aulkietan eta lurrian jarrita, jaten, hizketan edo lo, haurrak jolasten paketen artian...

        Baina atera nintzen eta buelta bat egin nuen, baziren beste sala batzuk eta denak jendez leporaino zeuden!

        Kubiertara atera nintzen, kanpoan jende gutxiago eta brisa goxo bat zebilen, mmm giro ona benetan, baziren hemengo gazte batzuk, ilia oraingo modan moztuta, nik ere holaxe daramakit orain, kontuak esaten eta parrezka umore ederrarekin eta turista espainol batzuk ere bazeuden, eta haiek: uretan bazirela arrainak eta ikusi! arrainak saltoka saltoka, eta ni haien ondoan begira begira baina enuen alerik ikusi, han pixka batian kuxkuxian ibili eta atzera sartu egin nintzen.

        Barrara joan eta denak tea edaten ari baitziren nik ere te bat eskatu nuen. Hantxe gelditu nintzen jendiari begira, pixka bat flipatu egiten nuen zergatik alde batetik hori nere jendia zen ulertzen? eta gainera neri asko gustatzen zait jendiak ikustia, eta Sakik gero Tanjan esan zidan bezala: Beti erreparuan Tximi hik zer uste duk bizitza museo bat dela? Horrek eman zidan parreguria...! Baina eske nik hainbeste moro han esaten den bezala ez bainuen sekulan ikusi!

        Han nintzela, barran nintzela, jarri zitzaidan aldamenian gizon luze flako flako bat, antioju lodiekin eta galtza txuriak eta kamiseta txuria, bera moreno morenoa, harek esan zizkidan kontu arrano batzuk! Misioneroa zela, Indian ibili zela, eztakit zer, eta oso posiblia zen zergatik zegoen telebistan ikusten den hango jendia baino makalagoa, eta kuriosoena zena begiak ixten zituen pixka bat txoriak bezalaxe, eta ni nere artian: honi bakarrik falta zaio pio pio hastia, eta kontuak eta kontuak eta gero berarekin joateko esan zidan eta nik segitu nion eta emakume batzuk zeuden mahai batera joan eta eseri ginen.

        Ni pixka bat kortatuta nengoen zergatik ziren emakume gaztiak eta nere ondoan zena oso guapa zen! Haiek hemengoak ziren baina gauza batzuk esaten zituzten frantsesez beraien artian, hemen frantsesez askok dakite zergatik lehenago Maroko Frantziakoa izan zen, kolonia, baina espainolek ere beren partia izan zuten eta horregatik bertako zaharrek espainolez nik baino hobekiago dakite eta gazte batzuek ere bai eta gauza batzuk guk bezala esaten dituzte, konparazio festari esaten diote «fixta», eta «piko» eta «pala» esaten dute, eta beste holako asko.

        Eskeini zizkidaten galleta batzuk, nongoa nintzen eta nora nijoan galdetu zidaten eta gero nere ondoko guapa harek esan zidan aber «poltsa bat» pasako nion, bera oso kargatuta zegoelako, eta nik hitz batzuk esan eta diskulpatu nintzen zergatik ez bainekien poltsa hartan zer zegoen eta gainera Saki gozoa jarriko zen, ze guk ere bagenuen gure lana, eta ikusi zuenian nere postura etzuen insistitu baina gero ya etzidan kasurik egin eta nik beste galleta bat hartu nuen eta adios! kamarotera itzuli nintzen.

        Saki esnatu zen eta erretzen eta nere kontra mala ostia pixka batian zegoen pentsatzen baitzuen: hau nora sartu zait orain! Beldur zen ezegitekoren bat egingo ote nuen, esan zidan: Zer egin behar haut, esposak jarrita ibili! Eta nik lasaitu nuen eta esan nion han kanpoan jendia nola zebilen eta jendiaz eta bestez eta mugez ere mintzatu ginen, berak esan zidan egun on batian txuriak eta beltzak nahastu egingo zirela eta munduan etzela mugarik izango! Baina mugen gainian beste behin kontrakoa esan zidan: mugak beti izan zirela eta etxeetan ere bazirela paretak eta haiek zirela etxeetako mugak, eta landetan ere bazirela mugarriak, eta egun on batian Euskal Herriak ere izango zituela bere mugak, eta espainolak mugaz hara jarri eta haiekin bai kontrola zorrotza!

        Orain haren ateraldi bat kontatuko dizut. Tanjan, kalian, etorri zitzaigun zerbaiten eske tipo ez fidatzeko bat eta, nongoak ote ginen, eta Sakik: Euskalduna, bask. Bask! esan zuen bestiak: Sbania edo Fransia? Zergatik, harek inondik ere bazekien bi aldeetan euskaldunak bazirela, eta Sakik: muga mugakoa zela, mugan bertan zegoen etxe batian jaio zela. Eta hori doble kuriosoa da jakinda gero bueltan zer gertatu zitzaigun.

        Halako batian laster iritsiko ginela eta abisua eman ziguten poliziara joateko. Bagoazela Sakik esan dit: Hi ixilik egon. Heldu gara poliziaren aurrera, bibotedun lodi lodi bat, ni enengoen oso oso lasai, total, harek Sakiri ezer ez eta neri, nere fotoa ikusi, aurpegira begiratu, berriz ere fotoa, galdetu zidan: Xhal f'umrek? Esan nahi duena: Zenbat urte dituzu? Eta, ni harritu nintzen, ulertu egin bainion, noski espainolez erantzun nion, behintzat Sakik: Nerekin dator, esan zuen, majo majo bera, baina bestiari horrek etzion grazia koxkorrik egin eta begiratu zidan begi gaxto batekin! Eta hala ere besterik etzidan esan eta pasaportian danpa! selloa jarri zuen.

        Joan ginen barkuko dendara eta Sakik prezio onian wiski botila batzuk eta tabako kartoiak erosi zituen, horiek gero honako nahi zituen, batzuetan baten bati «opari» bat egin behar izaten zaio bai? Azkenian joan ginen dirua aldatzera eta Sakik etzuen nahi baina nik ere hamar mila peseta aldatu nituen zergatik nahi nuen aldian diru pixka bat izatia eta gainera ordura arte den dena berak egin zuen!

        Barkuan lau bat ordu egin genituen, ordu batian abiatu ginen, hona bostetan ailegatu ginen, baina hemengo orduan hirurak ziren, eta Saki hango ofizinara joan zen eta hango bibotedunari galdetu zion: Ze, gaur aterako al gara? Eta harek baietz, eta kamionaren ondoan gelditu ginen pasatzen utzi ziguten arte.