Leuropa
Leuropa
2002, nobela
196 orrialde
84-95511-51-7
azala: Anthony Russo
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2006, nobela
2004, nobela
2000, nobela
1996, ipuinak
1992, ipuinak
1990, ipuinak
1986, nobela
1984, nobela
 

 

Etxian Peseta ez genuen ikusi baina neska aurpegi potolo bat atera zitzaigun eta irriparre polit batekin esan zigun salara pasatzeko, sala hartan lurrian alfonbra eder bat eta buelta guztian kanape horietakoak baziren eta haietan eseri ginen, handik pixkatxo batera neska hori berriz ere azaldu zen bandeja batian limoi ura txarroan eta platertxo batian oliba batzuk ere zekarzkiela, galdetu zigun aber telebista ikusi nahi genuen edo besterik ezer behar ote genuen, eskerrik asko eta ederki geundela esan genion eta bera joan zen eta limonada edanez han utzi gintuen.

        Sakik zigarrillo pare bat edo beste erre zituen, etzegoen oso lasai inguratzen ari zelako berak esaten zuen bezala momentu garratza, eta ustez Krimok gauzak ondo lotu zituen baina auskalo! esaten zuen, moroekin gauzak zertan hasi bai baina ez baitakik behin ere zertan bukatuko diren...

        Gero esan zidan: Orain Bertxinen egotia besterik ez, parrillan txuleta batzuk eta errekan freskatzen bost edo sei botila sagardo, hantxe como dios egotia izan eta diru parrasta bategatik munduaren punta honetara etortzia, okurritu egin behar! Asko erre eta eztula ere asko egiten ari zen, eta: Aurki jubilatzeko moduan natxok, esan zuen, baina larri ibili! Eskukada bat oliba eraman zuen ahora eta begiek dizdiz egiten ziotela esan zidan: Eztakik Tximi ze gogoa dudan bukatzeko ixtoria honekin!

        Aldian behin pasatzen ziren handik, orain bata, gero bestia, bi edo hiru urteko umemoko batzuk, guri begiratu bat eman eta korri joaten ziren, ezkaratzian jolasian eta parreka ari ziren, sukaldetik edo beste kuarto batetik emakume batek ez etortzeko eta errixta egiten zien, nik egia esateko beroarekin edo ikaragarri logaletzen ari nintzen eta esan nion Sakiri: Joe joe lo gelditzen ari nauk, eta berak: Egintzak, egintzak orain, bihar eztuk egiterik izango! Hala behintzat, nengoen kanape hartan bertan etzan egin nintzen eta seko!

        Sakik esnatu ninduenian salan biok bakarrik segitzen genuen baina mahaia serbituta zegoen, atera ziguten tomatia eta pepinilloa edo eztakit zer zen, txiki txiki eginda, eta oilasko erdi bat ere, inguruan patatak eta tipulak eta almendrak eta espezie batzuekin gozatuta, nik gose haundirik ez izatia bestela dena jango nuen oso goxoa zegoen, Sakik ere bastante jan zuen, betiere berak esaten zuen askoz nahiago zuela janari garbia, hango estilokoa, baina denen gainetik kantidadia estimatzen baitzuen, bukatutakoan behatzak ederki zupatu zituen!

        Bazkalondoan, hemen esaten den bezala «bazkaldu eta etzan», Sakik zigarrillo erdi bat erre zuen eta orduan bere aldia zuen, tearen zai egon gabe bera jarri zen etzanda baina kanapian ez, bera lurrian alfonbran tripagora jarri zen eta laster zen lo bete betian, patxadarekin hartu behar genuen zergatik bagenekien bostak edo seiak bitartian etzela etorriko Krimo.

        Neska gauzak jasotzera etorri zenian eta tea nahi al nuen galdetu zidanian, nik esan nion ezetz eta zutik jarri nintzen laguntzeko gauzak eramaten eta berak irriparre gozo gozo batekin esan zidan egoteko jarrita, nik orduan pentsatu nuen gero beste zerbait esan behar niola, bakar bakarrik irriparre gozo hura berriz ikusteko.

        Egondu nintzen pixka batian gogoa eztakit non, gero Saki bertan utzi eta inork ikusi gabe etxetik eta patiotik atera nintzen, kanillan pixka bat freskatu nintzen eta kamixeta erantzi eta buruan lotu nuen.

        Egin nituen pauso batzuk hango belar idorretan, bero hartan txoriak ere ixildu eta eskorpionak ere ixkutatu ziren, bakar bakarrik aditzen ziren kilkirren karraxiak, eta ze karraxiak! eta ze usaia! usai sendo bat, hemengo belarren usaia, barreneraino sartu eta burua pixkat nahastu egiten duena.

        Haraxiago zuhaitz haundi batzuk baziren eztakit ze klasekoak ziren eta haien itzalera bildu ziren ardiak, bat edo beste zutik eta bazkan, gehienak ordia etzanda eta losistan, apartetxo jarri nintzen eta errezeloz begiratu zidaten, ardi latz haiek dudikabe kanpoan hazitakoak ziren, nik ardiak pixka bat ezagutzen ditut zergatik han Arritako Krixpinekin orduak ematen bainituen, eta, bazen nigandik alde samarrian lau edo sei hortzeko ardi ziztrin ziztrin bat eta nik hari brr brr egin nion, orduan eta sustoa eman zidana! belarren artetik tipo bat jeiki zen, hura ere siestan egon eta nik belarrekin ez bainuen ikusi, eseri egin zen eta: Ze haiz hi, ze egiten duk hemen? bota zidan, ez batere jenio onian.

        Esplikatu egin nion kamionekoa nintzela eta: A, a, esan zuen, berriz etzan zen, belarretan bizkarrak marruskatu zituen, buelta egin zuen, nagi bat atera zuen, gero atzera eseri zen, ni beste aldera begira bezala baina sumatzen nuen hura neri begira zegoela bere begi txikiekin, nik zeozer esatiagatik: Honek zer du? galdetu nion, ardi ziztrinagatik, izen bat esan zidan eta nik uste gure miarrerie izango dela hori, galdetu zidan: Hi zer haiz, artzaia? Eztakit zer planta edo zer ikusi zidan hori esateko, parre egin nion, ezetz esan nion eta esatiagatik esan nion tailer batian lan egiten nuela, eta berak: Espainian...? Bai, orain jendiak Espainiara joan nahi du baina... han paro asko behar du! Baietz hala zegoela esan nion nik, eta berak: Horixe! Eta segidan bertako bati, Iussef izeneko bati gertatu zitzaiona kontatu zidan: joan omen zen gizon hura bere familiarekin Espainiara eta hasieran nahikoa lana eta ondo bizi omen ziren, handik denbora batera, berriz, lanetik bidali omen zuten, eta ez besterik bilatzen, ez besterik bilatzen, sartu omen zen etxera gosia, egun batian enpresa batetik irin zaku bat ostu omen zuen, ogia egiteko, irin hura, ordia, matarratasarekin nahastuta zegoen eta, bi semiak pozoinduta hil zitzaizkion!

        Ezpain haundiak eta aurpegia oso morenoa edo gorrixta, alkandora eta galtzak zahar eta zikinak, zapata desastriak, noski baserrikoa edo hemen esaten den bezala fellah zen, etzena zen ematen zuen bezala tipo pobre bat, baserritarrak han eta hemen beti dira klase bat aparte, eta etzena ere zen gizon apal bat, esaten zuen: Hemen lasai bizi gara, hemen eztago parorik, hemen denok egiten dugu lan gutxi bat, eztakit zer, berak ez paroa behintzat! bai omen zituen, esan zidana, berrogeita hamabi ardi, hemeretzi ahari eta ahuntzak hogeita hamaika! Eta gero: traktoria ere bazuela, eta «makina» bat, eta hiru kamion ere bai! bere anaiek ibiltzen zituztenak, esan zidan baita ere handik ikusten ziren lur haiek eta haiek beriak zirela, gastuak bere kontu eta hango nekazariek, handik ikusten zirenak, eguzkipian makurtuta igitaiarekin gari ebakitzen, kuadrillan, haiek uztaren hainbesteko bat ematen ziotela berari, garbi zegoen gauza guzti haiekin harro harro zegoela eta denbora gutxian burua numeroz bete zidan bai! Esan zidan mendian ere bazituela lurrak, eta haietan lehengo urtian zazpiehun kilo tabako atera zituela eta bostehun kilo «planta», tabakoa hogeita hamar dirham pagatu ziotela kiloa eta planta, kifa, berriz, kiloa berrogeita hamarrian, esan behar da hemen igeltsero batek egunian hortxe hortxe berrogeita hamar dirham aterako dituela eta ofizinista batek bataz bestian egunian berrehun, erraz duzu kontuak ateratzen!

        Hala ginela halako batian gure fellah horrek ikusi zuen mutil bat granjatik hara zijoana, eta: Hi, nora hoa? hots egin zion, bestiak besoak altxa eta lanak bukatu zituela edo holakoren bat esan zion eta gure gizon hori jeiki egin zen, makila hartu zuen eta harengana zijoala: Orain ba al hoa, goizian eztuk ezer egin eta? Segi lanera! Eta, makilarekin harengana abiatu zen eta granjaren atzekaldian izkutatu ziren biak, noski gizon hori granjako nagusia zen, eta eztakit haren emaztia Krimoren arreba zen edo zer ziren bata bestiarentzat, benpein senide zerbait izan behar zuten.

        Bakarrik gelditu nintzenian zapatillak erantzi eta belarretan gozatzen ederki! ibili nintzen, hango basamendak eta karduak eta izenarekin ezagutzen ez ditudan beste belarren artian, atentzioa eman zidaten hango harri koxkor beltz eta biribil batzuk ere, zergatik ote ziren haiek biribilak? Haiei begira egondu nintzen eta bat jaso ere egin nuen poltsikora, harri polit polit bat... gero komediak harekin!

        Baziren han baita ere kakalardo beltz arraro eta oso kurioso batzuk, haiek dedikatzen ziren atzeko hankekin batetik bestera kaka pilotak eramaten! Nik han enuen sekula halakorik ikusi eta haiei begira nahikoa harrituta egondu nintzen.

        Halako batian: Tximi! Saki zen, etxetik atera baitzen, harengana joan nintzen eta: Ze egiten duk hor? Bazirela animalitxo batzuk... esaten hasi nintzaion, eta: Hi eta hire animaliak... azkenian nik ere pentsatu beharko diat tximinoekin zerbait parentesko duala! Hori esan zidan, eta: neskak esnatu egin zuela eta ni joan ote nintzen galdetu ziola eta bera, non oxtia sartu ote duk hau, baita esan zidan kamixeta harekin hala jarrita kaminero bat ematen nuela, eta: Oraintxe Krimok deitu ziola esanez bazetorrela, eta listo egoteko! Orduan izango ziren seiak, seiak eta zerbait, zazpiak benpein etziren oraindik izango.