Leuropa
Leuropa
2002, nobela
196 orrialde
84-95511-51-7
azala: Anthony Russo
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2006, nobela
2004, nobela
2000, nobela
1996, ipuinak
1992, ipuinak
1990, ipuinak
1986, nobela
1984, nobela
 

 

Sakik esnatu ninduenian, lehenbiziko gauza: Tximi, zigarrilloak hik hartu al dituk?

        Kontatu nion ze mobida izan zen, ze pasatu zen... Caguental hik joditu behar didak negozioa, Tximi la ostia, ateratzeko zeinek esan dik, eta: Txakurrak hor zirela moruari zertan ekarri behar hion jatekorik ezer, uste al duk pasioan karitatia partitzera atera garela? Umia baihaiz, merezi baihuen oraintxe gaztako ederra hik, Tximi caguental hemendik aurrera sokarekin ederki lotuta eraman behar haut!

        Gozoa jarri zen! Ni ixil ixilik, baina ni ere pixka bat haserre nengoen, zergatik nik nere ustian enuen ezer txarrik egin, eta ni lagun bezala enbarkatu nintzen baina egia da baita ere onartu behar nuela Saki nere «jefia» zela.

        Hotelian dutxatu, freskatu ginen, gosari legia azkar azkar egin eta, Saki ya umore hobexiagoan zela: Etorri nerekin, esan zidan. Tipi tapa klubera joan ginen, nik kanpoan gelditu nahi nuen, baina Sakik: Etorri!

        Atia irekita zegoen fregona pasatu zutelako arestian eta lurra zegoen bustiantxen oraindik. Sartu ginen behintzat, barran bazegoen emakume luze bat ez oso gaztia, oso makillatua, neretzako ez oso polita, masailian karitta zeukana, Saki harekin zerbait aritu zen aparte, gero bera aurrera joan zen eta neri: Tximi egon hadi hor momentu batian, eta emakume luze hari: Ateraiozu nere lagunari zerbait.

        Behintzat emakume harekin gelditu nintzen, harek bertakoa behar zuen, hala ere nik hangoak eta Amerika aldekoak eztitut ondo ondo berexten, eta hura eztakit puta zen edo enkargatua edo beste holakoren bat.

        Qué quieres, cariño? galdetu zidan, irriparre arraro batekin, eta nik enuen ezer nahi eta esan egin nion, baina harek zumito bat aterako al zidan, eztakit zer, bueno ba zumo bat atera, atera zuen zumoa baso luze batian jela koxkor batekin baina gero: Ttantta bat jarriko dizut, eztakit zer zen, eta nik: Ez ez, baina harek: Ikusiko duzu ze goxoa dagoen, eta ya jarri egin zidan basoan ttantta hura eta nik ez esatiagatik ezetz eta ezetz eta gainera enengoen oso lasai ulertzen! ba bueno, azkenian edan egin nuen, zergatik nik ez badut edaten ezta relijioagatik, batzuek pentsatzen dutena, nik edaten ez badut buruan gaizki egiten didalako da, medikuak esan zidalako, baina esan behar da emakumiak preparatu zidan brebaje hura etzela batere txarra eta etzidala kalte haundirik egin!

        Eta esan zidan emakumiak: Zu ere euskalduna zara? Eta nik: Bai. Eta berak: Eta euskeraz hitz egiten duzu e? Zergatik aditu egin zuen Sakik lehenago esan zidana eta harrituta bezala, eta nik: Bai, eta berak: Aber esaidazu zerbait, eta ni hasi naiz: Tximi naiz eta hemen nago eta eztakit zer besterik esan! euskeraz hori. Eta esan zidan: Se oye muy bien, hori esan zidan, eztakit horrekin zer esan nahi zuen. Eta gero: irailian Donostiara joan behar zuela eta aber ni han egongo nintzen. Ni? Bai, han edo egongo nintzela. Eta: aber etxerik al nuen. Etxia? bai baina... hasi nintzen, baina hartan moztu egin nintzen, zergatik hari nere bizitza etzion askorik ajola eta gainera nik uste bazilatzen ari zitzaidan! Harek ere nabaritu zuen noski ni motxamarra nintzela eta, zerbaiten aitzikian norabait joan zen.

        Egin zuen Sakik han barruan hogei bat minutu, etorri zenian emakumia etzegoen eta barra gainian bi milako bat utzi eta: Goazemak! esanda, alde egin genuen besterik gabe.

        Bederatziak ziren abiatzerako. Orduan kontatu zidan Sakik han barruan zer aritu zen. Klubeko nagusiarekin hitz egiten egon zen, lehendik eztakit nondik edo eztakit zeretik ezagutzen zuena, eta negozioa proponitu zion. Negozioa zen, imajinatuko zenuen, hemendik hara neska batzuk eramatia. Zergatik guk ordurartian zerrendan seguru bezala hamar lagun bait genituen, horiek ziren Sakik aurreko biajetik eraman zituenak, eta haientzako egin zizkigun nolabaiteko kontratuak Donostiako morroiak.

        Baina guretzat etzen diru askorik, etzen nahikorik, gainera Donostiako harek zati eder bat kendu zigun, eta hemengo kontaktuak zenbateko zatia kenduko zigun ere etzegoen oso garbi, behintzat Sakik bildu nahi zuen dirua bilduko bazuen, gutxien gutxienian zazpi zortzi kilo, beste bost hamarren bat lagun behar genituen!

        Esan behar da neskena bestiak ez bezalako negozio ona zela, zergatik neskak klub hartan erosi egingo baitzizkiguten! Hitz egin zuten behintzat nagusiak eta biak, eta Sakik hitza eman omen zuen bost neska eramango zituela, eta nahi zuen neska haiengatik nagusiak orduan bi kilo eta neskak utzitakoan beste zortzi kilo ematia, eta hola esanda gehitxo ematen du baina ez omen da batere pasada bat, zergatik guk ere neska haiek erosi egin behar bait genituen, orain askoz merkiago hori bai!

        Baina nagusiak esan omen zuen orduan kilo erdia eta jeneroa ikusitakoan, eta ze paperekin eta nola zijoazen ere alde haundia izan behar zuen, orduan hitz egingo zutela, baina, bakoitzagatik kilo t'erdi edo bi kilo pagatzia bastante aseguratuta zegoen. Esan behar da hori berarentzat krixton paotxa zela, zergatik horiek saria baitute montatuta eta edozein neskak zazpi edo hamar kilo pagatu bitartian lanian jo eta jo aritu behar du, eta gainera askotan enpresarioak edo beren morroiak joan behar izaten dira eztakit noraino neskak erostera, eta guk servicio a domicilio eskeintzen genien eta oso modu onian, noski esaten dizut guretzat ere negozio biribila zen.

        Handik Algecirasera hiru bat orduko bidia genuen, karretera bazterretan hemengo jendia, banaka edo taldeka ikusten nituen, eta nik beti gogoan gaueko tipo hura, Zaragozara joan nahi zuena, eta: horiek ere hola ote dabiltza! Eta: hortako etortzen al dira Espainiara horiek! Baina, gauzak zer diren, nik han ze panorama dagoen eta gauzak nola eta zer gaizki dauden kontatzen diodanian hemen jendiari, ixil ixilik aditu eta eztidate ezertxo ere esaten, baina nik somatzen dut ari direla pentsatzen: honek ze ixtorioak, honek ze ipuinak esaten ditu! Zergatik jendiak hangoaz beste imajen bat du bai? El copón dela uste dute hura.

        Baita Sakiri kontatu nion gabian ihesi zijoan gizon harek esan zidana, hori eztizut esan lehenago: aurki Espainian legez kanpo zeudenak gobernuak legalizatu egin behar zituela, edo halako tokian, Almerian edo eztakit non esan zuen, regularizazio epe bat ireki behar zela, holako zerbait, eta nonbait uste horretan zeuden magrebiar asko, eta horregatik pasatzen ari ziren egun haietan itsasoa ehunka edo milaka lagun. Ez baitzuen egia izan behar, gero jakin genuen protesta bat izan zela eta Espainiako gobernuak bakar bakarrik esan omen zuen kasuak banan banan begiratuko zituela. Zurrumurru hori zebilela behintzat, eta Sakik hori jakin zuenian esan zuen: Ederki, orain eztiagu faltako bururik! Alegia, momentu ona zela. Eta, nola nik esan nion nere kezka, ikusten bainuen jendia hor barrena nola zebilen, esan bainion: Jendia horretarako ekarri? Sakik esan zuen: E! guk ekarriko ez bagenitu, beste batek ekarriko lituzke! Eta ni ixildu nintzen, egia zelako eta, zerbait egitekoa zenez, beste batek egitia baino, hobe genuen guk egitia.

        Gero lokartu nintzen, Granadan uste dut izena zuela herri haundi bat, han begi bat ireki nuen. Saki bere irratiz baten batekin hizketan ari zen, handik aurrera hango etxe politei begira ibili nintzen.