Leuropa
Leuropa
2002, nobela
196 orrialde
84-95511-51-7
azala: Anthony Russo
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2006, nobela
2004, nobela
2000, nobela
1996, ipuinak
1992, ipuinak
1990, ipuinak
1986, nobela
1984, nobela
 

 

Iluntzian poltsak hartu eta Hassani agur benur esan genion, gero Sakik ezagutzen zuen lokal batian dozena bat zerbeza erosi genituen eta oinez joan ginen zitako tokira.

        Berandu iritsi ginen eta han zen Mohamed gure zai kotxe zahar batian, atzian jarri ginen eta ixil ixilik eta poliki poliki egin genuen ordubete paseko bidia, egia esan eztakit non barrena ibili ginen zergatik errebuelta asko zegoen eta ni pixka bat mariatu nintzen, herriaren izena bai badakit baina hori ezta hemen esatekoa izango ze, bueno, pentsatzen dut eztela komeniko bai?

        Esatia bakarrik kosta aldian zela baina gu itsasotik aparte eta malda batian goi samarrian zegoen txabola batian gelditu ginen, zeruan ilargi ederra zegoen eta baziren beste txabola batzuk, kanpoan ume batzuk eta emakume bat eta asto batzuk ere bazeuden eta biharamunian hango harkaitz batetik ikusten ziren behian karreteraz bestaldian etxe txuri batzuk eta haietan BMWak eta horrelako kotxiak, han bakarren batzuk majo bizi behar ziren, eta portua ere pixka bat ikusten zen handik, sumatzen ziren barkuen artian militarrak, kontrol zorrotza zegoen baina guk ere bai handik goitik den dena kontrolatzen genuen!

        Txabola kanpoan kainaberekin egindako hesi kaxkar bat zegoen eta barruan berriz bi gela zeuden, batian jendia zegoen eta gu hara pasatu ginen eta bestian, tartian kortina bat zela gela txiki bat, hartan lo egiten zuten Krimok eta Umamiak edo Umaimak, bere neskalagunak, bietan sueloa lur zapalduzkoa zen baina gu jarri ginen aldian koadro batian hormigoia botata zegoen, leihorik etzen eta sapaia ere kaxkarra baino kaxkarragoa zen, egurrak eta kainaberak nolabait jarrita, parte batzuetan lastoarekin estalita zegoen eta beste batzuetan batez, handik izar batzuk ikusten ziren eta eskerrak hemen udan ez den euririk izaten! Sukalde txiki bat ere bazegoen baina han izan ginen denboran nik sukaldian enuen hankarik ipini zergatik espazio hura emakumeentzako zen, han zebilen Krimoren neskalagun hori eta haren lagunen bat ere bai, guk gure gelatik haien marmarrak aditzen genituen.

        Sartu ginenian neri iruditu zitzaidan jende pilo bat zegoela zergatik gu sartziarekin han zirenak denak jeiki egin ziren guri tokia egiteko eta denak, Krimo ezik, gela edo sala hartako bazter batian jarri ziren, zahar bat besaulki batian eta bestiak lurrian, eta guri utzi ziguten toki hartan bazen mahai borobil baju baju bat eta bi kanape, gu haietan eseri ginen, batian Saki eta biok eta bestian Krimo eta Mohamed.

        Mahai gainian kandela bat zegoen eta paret koska batian beste kandela bat, gelan bi kandela haien argia besterik etzegoen, irrati bat ere bazegoen bateriarekin funtzionatzen zuena baina bateria oso gastatuta zegoen eta Krimok irratian notiziak edo eztakit ze programa zen edo bestela musika entzun nahi zuen eta sartu ginenian eta handik pixka batera Mustafak tea serbitu bitartian Krimok denbora pixka bat horretan eman zuen, aber traste zahar hura arreglatzen ote zuen, eta azkenian jarri zuen kaset bat, oso gaizki aditzen zena tarrat askorekin.

        Krimo neri berehala begi onetik sartu zitzaidan eta dudikabe ni berari ere bai, ikusten zen lasaia zela baina bazuen bere nerbioa ere gero ikusiko genuenez!

        Haundia etzen, txikia ere etzen baina, aho ertzian zikatriz bat zuen, buruan iliak al uno moztuta, eta mingainian ere ile gutxi zuen, edozeri ateratzen zion punta, gauza batzuk esaten zituen arabez eta beste batzuk espainolez gurekin baina esan behar dut ni nere buruarekin oso harrituta nengoela zergatik hari benpein arabez gauza asko konprenitzen nizkion, esan behar da baita ere nerekin ari zenian mantsoxiago hitz egiten zuela ikusten baitzuen enuela ondo aditzen baina hara, benpein aitaren txikitako erakustaldiak etziren alper alperrik izan.

        Tea edateko denboran negozioaren gainian hasi ziren berriketan, horretan Krimok galdetu zigun aber karga hartzera noiz joango ginen, eta Sakik esan zionian karga seguru aski Tanjan bertan hartuko genuela baina oraindik ez genekiela zer zen karga hori eta benpein mariskorik etzela Krimo asko harritu zen zeren eta bazekien edo Abdulek esanda ustia zeukan jendia kamion frigorifiko batian pasatuko genuela, eta aber nolatan ez ginen kamion horretan etorri, zergatik lehenago esan dizut hori zen hasierako asmoa.

        Sakik esan zion kamion hartan jendia hotzak akatuko zela eta guk ekarri genuena ondo preparatuta zegoela hamar lagunentzako zulo ederrarekin, baina Krimo horrek etzuen komentzitu, esan behar da, uste dut lehenago esan dizudala, frigoak alde on haundi bat zeukala, eta alde on hori zen horrelako kamionei puertora heldu bezain pronto esaten omen dietela: Segi! produktu horiek ezin direlako egun batez edo biz mugan plantatuta eduki. Sakik orduan esan zuen kamion frigorifikoa etzela batere segurua eta lehengo batian gertatu zela Agadirretik molusko izoztuak zeramazkien Alemaniako kamion batian tonelada bat haxix bilatu zutela, eta gero neri esan zidan, hori asmatu egin zuela, baina oso ondo zitekeena zela horrelakoak maiz aski gertatzen baitira, noski esan nahi zuen kamion horiek oso peligrosoak zirela. Total, egia beste bat izanda, eta egia zen, ba, lehenago esan dizudanez, kamion horrek alde egin zigula.

        Gero egondu ziren tarte batian hitza galduta bezala, lurrian zirenak ere seko ixilik begiak lurrian jarrita, haiek esistituko ez balira bezalaxe zen, eta nik sumatu nuen Mohamed eta Krimoren artian tentsio pixka bat bazela, pipa beretik erre bai baina etzioten elkarri solasik egiten, Mohamed moxorro moxorro zegoen, Saki ere etzegoen oso eroso, nahi zuen Mohamedek alde egin eta handik aurrera tratua Krimorekin egitia, zergatik hor tartian atera zen Krimok ere ezagutzen zuela Abdul, eta agidanez Mohamed ixtoria horretan zen jende harrapatzailia baina Abdul preso zegoela Krimok izan behar zuen bandako jefia nolabait.

        Halako batian Krimok esan zuen: Bien, goazen diruaz hitz egitera.

        Orduan Mohamedek izan zuen detaile zatar bat, lurrian eserita zeudenei eskuarekin keñu egin baitzien joateko kanpora.

        Baina Krimo bera jeiki zen eta esan zuen: Egon hor, gu aterako gara.

        Bera eta Mohamed eta Saki txabolatik atera ziren eta eztakit nik han ze tratuak ibili zituzten, benpein dirua eskutik eskura ibili zen eta Sakiren poltsikoan bukatu zuen, diru hori izan behar zuen noski lurrian ziren lau lagun haiena, haiek pagatutakoa, horretaz esan behar da egun haietan eta ni Sakirekin ibili nintzen denbora guztian ez genuela hanka bat banku batian ipini eta hori ere izan zen Sakik bere kontu guztiak blokeatuta zeuzkalako eta etzebilelako bankuetan batere dirurik.

        Han kanpoan gero Sakik esanda dakit Krimok hitz gogor batzuk esan behar izan zizkiola Mohamedi eta hau ere ez omen zen ixil ixilik egon eta zemai doinuz hitz garratz batzuk esan ere bai.

        Behintzat handik bost hamar minutura bueltan ziren Saki eta Krimo, Krimo nere aldian jarri zen eta orduan esan zuena: Egin dezala Jainkoak ez dadila gizon zital hori beste inoiz hona sartu, eta astoa ere ez!

        Horrek neri parreguria eman zidan baina Saki etzegoen orduantxe parre egiteko eta Krimori galdetu zion, aber tipo harek orain hala joanda ez ote zigun traiziorik egingo baina Krimok argi eta garbi esan zuen etzela kuidadorik, berak Mohamedez gauza askotxo baitzekien eta barrabiletatik ondo helduta zeukala!

        Sakik, bezperan kafeterian etorri zitzaigun beste Mohamed zikin hura gogoan, galdetu zion aber zenbat jende ote zegoen negozioaren jakinaren gainian, baina Krimok esan zuen alde horretatik lasai lasai egotia genuela zergatik Abdul berarekin eta halabeharrez Mohamedekin beste inorekin etzela mintzatu, eta berak orduan etzigun besterik esan baina nik gero Sussuk esanda jakin nuena, Mohamed hura benetan tipo peligrosoa eta pistolarekin ibiltzen zena zela, eta gero bestia eta pentsatzen dut egia izango dela, Mohamed horrek gure jendiaren kontu krixton negozioa egin zuela, eta oraintxe esango dizut nola.

        Abdul preso sartu zutenian Mohamedek gurekin joatekoa zen jendia, denak ez, Krimorekin txabolan ziren haiek ez, baina bestiak, beste seiak edo zazpiak, denak mendi aldekoak, zona ezagutzen etzutenak, ba, haiek hartu omen zituen eta Abdulen izenian dirua hartu omen zien eta esan omen zien kamiona mugan gelditu zutela eta etzela aterako baina hurrengo gabian barku batek eramango zituela Espainiara, eta hurrengo gabian eraman omen zituen lagun horiek Ksar-esger deitzen den herri batera eta hango patroi baten esku utzi omen zituen, eta handik beste hamabost edo hogei lagunekin abiatu omen ziren, baina barku hura edo batel hura etzen oso ederki egongo zergatik Espainiara heltzen ari zirela hondora joan omen zen eta hiru lagun ito egin ziren, haietako bat gurekin etorri behar zuena, eta bestiak poliziak atera zituen uretatik, baina diru guztia Mohamedek atxiki zuen bai? Horregatik esango zuen Krimok barrabiletatik ondo helduta zeukala eta horregatik etzuen harekin ezer ere nahi. Orain behintzat lau lagun haien dirua emanarazi zion eta handik aurrera hemen esaten den bezala «sir tjra» edo Sopiteneko Katik esaten zuen bezala: Bakemazu hortik!

        Beste pipa pare bat erre eta gero Umumiak edo Umaimak, Umaima uste dut izena zuela, tajina ekarri zuen, arraina patatekin eta berdura batzuekin, bi plateretan ekarri zuen bat guretzako eta bera gurekin eseri zen eta bestia lurrian ziren beste gizon haientzako eta handik aurrera ixil ixilik jan genuen, pikante samarra eta oso goxoa zegoen, orain kantidade haundirik etzen eta ikusi behar zenuen Sakik ze ogi puxkak eta saltsa nola gozatu zuen! Eta berak orduan esan zuena: Ezta aspaldi gure aiton-amonek ere halaxe jaten baitzuten!

        Bitartian esan dizudanez Krimok nerekin konfiantza puxka bat hartu zuen: Jan, jai, jan, esaten zidan eta hemen jai esatia da han anaia esatia bezalaxe, orain Krimok askori esaten zien hola baina Sakiri ez, Sakirekin beti zu hor eta ni hemen eta bistan da bera zela jefia!

        Galdetu zidan Krimok nongoa nintzen eta nere hizkerak eta nere historiak grazia egin zioten, nola Taroudenten familia neukan, esan behar da bera ere mendi aldekoa zela baina Rifekoa, baina ba omen zeramazkien urtiak! herrira joan gabe eta berak beste pipa bat piztuz esan zuena: Ahazten ari zaigu nondik gatozen! Gero Umaimari esplikatu zion, nola ni lehenago Frantziakoa nintzen eta gero Espainiakoa baina nik esan nion ni euskalduna nintzela eta horrek oraindik ere grazia gehiago egin zion eta berak ere baitzekizkien hitz batzuk euskeraz, «kaixo» eta «zer moduz laguna» eta horrelakoak eta baita ere galdetu zidan aber «neska» nola esaten zen eta nola esaten zen «katua», han baitzebilen katu txiki bat platerak milizkatzen eta harekin jolasian Krimok esan zion tsab! Eta hori da guk esaten duguna xapi! Eta gauza kuriosoa! Selimek, nere lagunak, neskei deitzeko esaten du: mix mix!

        Guk espainolez esaten genuena Krimok Umaimari itzultzen zion, esan behar da neska hori oso oso guapa zela, uste dut Mekneskoa dela eta egun batzuetarako etorri zela Krimoren etxera.

        Bitartian zerbezak ireki zituzten, Mustafak, gizon haietako batek, uretan jarri zituen balde batian, hala ere epela zegoen baina hura edan behar, ez baitzegoen edateko urik, Krimok esan zuen barrio hartan ura zela inxallah dena bezala, esan behar da pote luziak zirela litro erdikoak abantxu baina hurrengo goizian etzen batere gelditzen, Sakik eta Krimok mano manoan edan zuten kosakoek bezala, Saki aurrena etzegoen oso umore onian baina janarekin eta edanarekin pixkanaka argitzen joan zen, hasi zen besoekin hizketan eta denei zigarroak ematen eta nerekin sartzen zen baina jator! Neregatik esaten zion Krimori: Mutil honek eztik erretzen, eztik edaten, bizarra besterik etzaiok falta! Krimok horrekin krixton parrak egin zituen eta Umaimari itzultzen eta honek ere parre egiten zuen baina bestela, parre ixila egiten zuen Umaimak, lainoxka baten gainian balego bezala zen eta nik uste hura ere kifarekin pixkat kolokatuta zegoela eta Krimok esan zuen: Hola, hola! Xlah onak eztik erretzen ez! Eta besteei ere grazia egin zien horrek, gizon zahar bat bazegoen eta hura ez, hura serio serio zegoen eta beste mutil bat ere serio edo triste antxa zegoen, baina bestiak bastante animatu ziren eta gurekin solas pixka bat ere egin zuten haiek. Eta Sakik neri euskeraz esaten zidan: Hau duk jendilajia hau! brometan eta bixi bixi azkenian.

        Gero lurrian ziren haiek kartoi eta manta zahar batzuen gainian lokartzen hasi ziren, Umaima bere katutxoarekin beste gelara joan zen, geroxiago Mustafa etorri zen gu ginen aldera. Segitu zuten edaten eta erretzen baina ni ya neka neka eginda eta loak erreta nengoen, eta Krimok esan zidan: Lo egintzak, lo egintzak, haren ondoan txoko txokoan nengoen bezalaxe gelditu nintzen.

        Sakik esnatu ninduenian zeruan argi pirrinta zegoen, esan zidan bera bazijoala kamionera eta ni egoteko bertan, bera gero etorriko zela.

        Krimok lagundu behar izan zion herrian taxi bat hartzera eta nik lo segitu nuen eta gau hartan ere sekulako ametsak eta biharamunian berriz krixton alperguria neukan.