Aurkibidea
Andoainen amonarekin ederki nengoen
Orduko nik eskola gutxi gutxi zapaltzen eta
Nik Saki kaletik ezagutzen nuen
Astelehenian, Donostian pasaportia egitera
Biharamunian Saki bizarra ondo eginda
Sakik nahi zuen Algecirasera eguerdirako ailegatzia
Handik zuzenian Tetuango karreteran
Egun hura Sakik kamiona deskargatzen
Bazkalondoan Krimo siestara joan zen
Hurrengo goizian artian bero larririk etzela
Etxian Peseta ez genuen ikusi baina
Guk uste genuen Krimo jendiarekin etorriko zela
Orduko Zineb eta Lila eta Beni
Algecirasen aurrena nazionalen kontrola zegoen
Barriada deitzen zuten hori eta gero
Aurkibidea
Andoainen amonarekin ederki nengoen
Orduko nik eskola gutxi gutxi zapaltzen eta
Nik Saki kaletik ezagutzen nuen
Astelehenian, Donostian pasaportia egitera
Biharamunian Saki bizarra ondo eginda
Sakik nahi zuen Algecirasera eguerdirako ailegatzia
Handik zuzenian Tetuango karreteran
Egun hura Sakik kamiona deskargatzen
Bazkalondoan Krimo siestara joan zen
Hurrengo goizian artian bero larririk etzela
Etxian Peseta ez genuen ikusi baina
Guk uste genuen Krimo jendiarekin etorriko zela
Orduko Zineb eta Lila eta Beni
Algecirasen aurrena nazionalen kontrola zegoen
Barriada deitzen zuten hori eta gero
Baina nik enuen pasta haietatik probatzerik izan, zergatik bapatian tripetan ziztako batzuk sumatu nituen, lehen ere kanpoan ginela pixka bat hasi zitzaidan baina salan bost minutu egin nuen eta te zurrut bat edatia egin nuen eta orduantxe min bizi bizi bat, korrika komunera joan eta baineukan beherako galanta, noski eta uste dut kanpoko kanilla hartatik edan nuen ur epel hargatik izan zela, Sakik etzuelako edan eta tan pantxo zegoen.
Nengoen izerditan eta komunetik atera nintzenian neskak ezkaratzetik: Zatoz, esan zidan. Sukaldera sarrarazi ninduen, han zegoen emakume gazte bat lurrian sesamoa edo ale ttiki ttiki batzuk aletzen, lurrian ere gasaren su txikia zegoen, eltzian zerbait egosten ari zen, eta emakumiak irriparre gozo batekin: Gaizki zaude? galdetu zidan, ni «kabinan» nengoela Krimok zerbait esan behar izan zien, eta nik: Bai enengoela oso ondo... Neskak armairu batetik poltsa bat atera zuen eta: Jan, esan zidan eta eman zizkidan kakahuetiak «qauqau», horiek direlako hemengo erremedioa tirrinaren kontra, neri jaten ari nintzela eta gero ere puxka batian zerbait efektua egin ote zidaten baina gero berriz ere behera, eztakit ze mikrobio edo ze tripazorri sartu zitzaidan nik ez bainuen sekulan halakorik izandu.
Ai ai ai, esaten zuen emakumiak, begi irritxo batekin, antza grazia egiten zion nere situazioak, etzena bestalde oso graziosoa baina, etzen hain larria ere, emakumia oso sinpatikoa zen, pixka bat harritzekoa zena kontuan izanda zein misiorekin heldu ginen hara eta batez ere Krimo bere anaia edo zerbait holakoa bazen. Gero esan zidan: Jarri hor, jarri, inbitatu ninduen aulki txiki txiki batian jartzera, esan zidan: Gaztia zara... Baina gero ya etzidan besterik esan, etzidan beste galderarik egin, neskak baso bat te atera zidan tea denetako ona delako bai? eta hura ere lurrian azenario luxe batzuk xehe xehe egiten ari zen, tarte batian ixilik egondu ginen, ikusten zen emakumia preokupatuta zegoela bai? eta ni nengoen tokitik ikusten nuen beste kuarto batian etxeko jauna edo osaba, lehengo gizon hura, belauniko eta bere orazioak egiten ari zela, lehengo bi mutiko haiek kanpoan jolasten ari ziren, neskak berriz, aldian aldian begirada bat neri, gero emakumiak bere aletziak bukatu zituen eta bazijoala ardien bila, esan zuen, hura joan zen eta gu han gelditu ginen, ni nere botikatik jaten eta neska bere lanak egiten, orduan galdetu zidan nere izena eta nik ere beria galdetu nion, neskak izena zuen Naima, bapatian esan zidan: Kendu kamiseta. Kamiseta kendu? Parre egin zuen eta: bai, zikina neukala eta garbitu egingo zidala, nik ezetz eta etzela beharrik, baina harek baietz eta baietz eta kamiseta garbitu bitartian kanpoan dutxa bat hartzeko! Eta galtzak eta denak ere garbitu egingo zizkidala, galtzetan gainera zarrat txiki bat ikusi zidan eta hura ere josi egin nahi zidan! Baina nik galtzak eta ezetz ondo zeudela, baina dutxa bat bai gustora hartuko nuen zergatik nengoen igande goizetik dutxatu gabe, orduan joan zen, etorri zen, kamiseta garbia ekarri zidan! Eta hori oso ongi etorri zitzaidan zergatik baneuzkan kamionian beste bi kamiseta baina biak biajian ibilita biak ere zikinak, gero Sakiri kamioneko giltzak eskatu nizkion toalla eta kaltzetinak hartzeko, Krimo eta biak orain berriz ere lagun eta ardo botila bat ireki zuten, haiek han utzi eta Naima aurrian eta ni atzian kanpora joan ginen, hantxe ziren behiak, hantxe zen asto beltxa, umiak belarretan hankutsik eta oihuka txakurren artian pilota batekin jolasten ari ziren, neskak esan zien segi barrura! Orduko iluna zegoen baina ilargiak argi ederra ematen zuen, oraindik oso gogoan dut gau hartako usaia... Eta, nik arropak eranzten nituen bitartian berak kanillan mangera lotu zuen, baldia bete zuen eta bertan txoko batian pikotxian jarrita txinbo jaboi pastilla batekin garbitzen hasi zen, ni kaltzontzillotan bustitzen hasi nintzen, eta Naimak brometan: Edan, edan! esan zidan, jaboia pasatu zidan, ur tanta batzuk bota nizkion, ardiak biltzen ari zen emakumiaren ahotsak entzuten genituen, pixka bat gehixiago gozatu nuen uretan, gero kamionera joan nintzen janzteko eta itzuli nintzenian Naimak ya kamiseta zabaldu zuen eta orain hankak garbitzen ari zen, haren parian gelditu nintzen, elkarri begiratu genion, haren begietan ilargiaren distira ikusi nuen, esan zidan: Zeri begira zaude...?
Orduan nere atzian Sakiren ahotsak: Hi ba al hator ala...?
Joan, nora? galdetu nion nik.
Barrakara! esan zidan.
Sakik hango jendia ikusi nahi zuen bai? batez ere neskak ikusi nahi zituen, «zer moduz» ote zeuden eta diru kontuak argitzeko ere, Krimok ere etzuen jendia granjara eraman nahi ez baitzen fiatzen hango tipo batekin.
Ba, Naimari gero arte esan nion baina hura ya enuen berriz ikusi, eta Saki eta biok gurdiaren atzian jarri ginen eta Pesetak arre! arre! esan eta kalop kalop abiatu ginen.
Krimo dagoeneko abiatua zen hara aldera oinez, Sakik lepondoko bat jo zidan eta esan zidan: Hi haiz hi elementua... Eta, kamiseta ikusi zidanian: Horrek hirekin joan nahi dik, esan zidan, eramantzak, literan tokitxo bat egingo zioagu... Adarra jotzen zidan bai? eta pixka bat alegre zegoen, nik enion ezer esaten, gustora eta aidian bezalaxe nengoen, laxto bat jarri nuen ahoan eta lasai!
Igual pixkat Naimarekin gustatu nintzen bai? Naimak berriz, zer pentsatzen zuen? Eztaukat idearik ere, egia esateko ezta erraza emakumiak entenditzen, nik benpein eztakit haiek nik nahi dudana nahi duten, edo zer nahi duten, orduan pentsatu nuena besterik eztakit: oraintxe lurrikara bat izango balitz, pentsatu nuen, eta gu puxka bateko hementxe gelditu beharko bagina, enintzateke bakar bakarrik egongo...
Astoa lijero zijoan, aurrena terreno lisoan eta gero beheraka, gu klanka! eta klanka! ipurdiko ederrak hartzen genituen, bidia oso kaxkarra eta estu estua zen, ilargiaren argitan ikusten ziren alde batian garien eskutadak multzo txikitan bilduta, bestaldian arbola haundiak zeuden haien izena erderaz alkornokiak, neri dena ederra iruditzen zitzaidan zergatik neretzako dena berria zen, inoiz enintzelako lur haietan izandu.
Sakiri sobrare besoan eulizar batek edo mandeuli batek heldu zion, eta: Euli nazkagarriok! esaten zuen, eztituzte ba, hor eta hor, behi gorotz pastel ederrak, gugana zertara etorri behar dute! Nik parre egin nion, halako okurrentziak!
Bitartian Peseta asto beltxarekin hizketan ari zen, ni kontentu nengoen eta fistu batzuk bota nituen, Sakik esan zidan: E, e! ez pasatzeko...