Leuropa
Leuropa
2002, nobela
196 orrialde
84-95511-51-7
azala: Anthony Russo
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2006, nobela
2004, nobela
2000, nobela
1996, ipuinak
1992, ipuinak
1990, ipuinak
1986, nobela
1984, nobela
 

 

Guk uste genuen Krimo jendiarekin etorriko zela, baina zera! bakarrik etorri zen, esan zigun joan behar zuten bestiak gabian ikusiko genituela ez baitziren handik oso urruti, eta Mustafa eta txabolako bestiak, haiek ere goizaldian etorriko zirela, Sakik esan zion: Orduan goizian abiatuko gara edo zer! Eta Krimok: Bai bai, Sakik ikusten zuen gauzak luzatzen ari zirela eta gaua ere luzatu egingo zela eta berak lo egin behar baitzuen bai? zergatik hurrengo egunian ordu asko egin beharko zituen kamionian eta etzegoen orduantxe gaupasa egiteko!

        Hor ixtilu bat izan zen, eta izan zen Krimok kaxeta edo zuloa ikusi nahi zuela, paratu genuen bobinen artian eskalera gabarran eta Sakik eta biek barrura salto egin zuten, ni gabarran eskalera gainian gelditu nintzen, egia esateko krixton beroa egiten zuen eta hori lona kenduta zegoela eta gainera eguzkiak jotzen etzuen tokian izanda! Horregatik, Sakiren ustez dena lixto zegoen eta ura eramatia besterik etzen falta, baina Krimok ikusi zuenian tokia esan zuen sartu nolabait sartuko zirela baina dena itxita zegoela ito egingo zirela han! Sakik berriz esaten zuen gero martxan jarritakoan goitik, lonaren irrixkutik airia sartuko zela eta gainera mugara nahikoa goiz eta artian bero haundirik etzela iritsiko ginela eta ondo pentsatuta zeukala, baina berak bazekien eta lehenago neri esan zidan eta esan gabe ere nik ere banekien hura inpernu bat zela, hala ere esan zuen muga pasatu eta gero lonako gomak lasatu egingo genituela eta haizia asko eta nahi baino gehiago ere sartuko zela gabarran, hartan Saki nerekin haserretu zen behar etzena esan nuelako, bakar bakarrik esan nuen eta euskeraz esan nuen gainera labe hartan bat edo beste igual kixkali egingo zela, eta berak: Hik zer dakik, esan zidan, segizak hortik! Baina hori etzen problema, problema zen Krimok etzuela amore ematen, esaten zuen hala etzela joaterik, nik uste arrazoiarekin, eta Sakik ere bazekien en el fondo, eta berak dudikabe bazekiena eta nik enekiena baina Krimok esan zuen: aber jendia «txino haiek» bezala itotzia nahi al zuen, eta nik hori gero jakin nuen: egun batzuk lehenago Frantziatik Inglaterrara zijoazen berrogeita hamar txino kontainer baten barruan ito egin zirela, karraxika aritu omen ziren baina inork ez omen zuen aditu eta bat bakarra atera omen zen handikan bizirik, eta ezta kasu bakarra izan, Alemanian orain dela gutxi hamabi lagun atera zituzten itota zisterna batetik.

        Bitartian Krimok gako batekin lurreko oholak pixka bat altxatu zituen eta azpian metalian zulo txiki batzuk atxeman zituen, baina haiek zortziko brokarekin eginak izango ziren eta, handik sartzen zenagatik berdin berdin itoko zirela, eta Sakik, aber zer nahi zuen egitia, etzuela ba txikituko gabarra eta gainetik oso peligrosoa zitekela eta hartaz aguantatu egin beharko zutela, berak denborak eta denak ondo kalkulatu zituela eta han etzela inor itoko! Baina Krimok: burni hura «Moise» baino zaharragoa zela eta beti ere gabarrak baino jendiaren bizitzak gehiago balio zuela, eta granjatik erreminta ekarrita zulo haiek pixka bat haunditu egingo zituela, Sakik esan zuen «me cago en los cuarenta mandamientos» eta aber zer nahi zuen, aber nahi al zuen bentiladore bat jartzia, baita ere esan zuen berak behin kamion txikian eta dena itxita zegoela Terueletik Bilbora hirurogei txerri eraman zituela eta denak bizirik ailegatu zirela, hori Krimok oso gaizki hartu zuen txerriengatik bai? eta Saki Europako txakur bat zela esan zuen baina hori arabez esan zuen eta Sakik esan zion hitz egiteko ondo eta hitz egiteko klaro, Krimo oso mikaztuta zegoen eta benpein esan zuen zulo haiek haunditu gabe berak etzuela jendia ekarriko, ikusten zen oso serio ari zela, eta nahi bazuen ez bazuen azkenian Sakik esan zion alde egiteko eta ekartzeko erreminta ostia hura, Krimo granjara joan zen baina hura tarratulu zaharrarekin etorri zeneko Saki mailua eta destornilladoria aterata zegoen eta zulo txiki haiek nolabait haunditu zituen, mala letxian eta lardaskan ari zen eta haietako batian ras! burniarekin behatzian krixton ebakia egin zuen, orduan bai santu guztiak kakaztu zituen, Krimorekin su hartuta zegoen, eta batez ere nik uste bere buruarekin, eta nerekin ere, eta hala ere nik enuen besterik ezertxo ere esan, bueno eta azkenian benpein pila haundien tamainako lau zulo utzi zituen, ertzak limatu zituen eta gainian oholak jarrita, kamion azpitik begiratuta ere etzen asko nabaritzen.

        Eta, handik atera ginenian Saki izerdi patsetan eta behatza odoletan trapu batian biltzen ari zela oraindik ere haserre eta orduan ni ere haserretu nintzen esan zidalako: Hi zeinekin hago? baina neri hori etzitzaidan ondo iruditu zergatik ni berarekin nengoen bai? bakar bakarrik gauza hori esan nuen eta gainera intentzio txarrik gabe esan nuen iruditzen zitzaidalako zela gauza bat begi bistakoa eta konpontzen erreza gainera, eta hala zela garbi ikusi zen, egia da baita ere Saki larri larri zegoela, hala ere esan nion aber zer nahi zuen, aber mingaina moztia nahi al zuen, orduan berak esan zidan krixton inuxentia nintzela, nik hori oso gaizki hartu nuen eta esan nion nahiago nuela inuxentia izatia eta ez bera bezalako gogorra, baita ere esan nion dirua ez dela gehien balio duena, eta hori esanda joan egin nintzen handik eta ardiak ziren parajera joan nintzen, bakarrik egon nahi nuen bai? enuen harekin ezer jakin nahi, nik ere baititut nere gorabeherak!

        Bitartian Saki eta Krimo aritu ziren hitz egin zuten bezala ur botilak zulora sartzen, eta lurrian manta batzuk eta plastikozko ontzi bat ere paratu zuten, hura zen uinala amonak esaten duen bezala, pixontzia. Eta, gauza haiek egin zituztenian Krimo granjara joan zen eta Saki neri etorri zitzaidan eta: Benga Tximi, esan zidan, ez haiz ernegatuko oraintxe, beroaldi batian esan zidala inuxente, eta: orduantxe bagenuela batak bestiaren beharra eta etzituela nere muturrak hola ikusi nahi, oso itsusia nengoela! Nik pixka bat kontra egin nion baina azkenian irriparria atera zidan, baita ere esan zidan berari dirua etzela gehien inporta zitzaiona, dirua beretzat zela gauza bat oso pasajeroa, berak beti beti familia zeukala gogoan eta gauza denen gainetik lagunak eta gu lagunak ginela eta hori inork etzigula kenduko! Baita esan zidan bera buru gogorra zela bai, baina mundua hala eginda zegoela, inon harri bat jaso eta azpian buru gogor bat bilatuko nuela, eta inor etzela horregatik asaldatzen eta bera kamioneroa zela eta etzela frantziskanoa, eta nik karitatia egin nahi banuen bide ekibokatua hartu nuela, holako gauzak esan zizkidan eta neri azkenian parreguria eta esan nion mandamentuak etzirela berrogei, berak esan zuena, eta berak: No te jode, bazakiat mandamentuak ez direla berrogei, eta batzu batzuk aipatu ere egingo nizkikek oraintxe, baina kamionero baten ahoan hamarreko zifra ezer gutxi zela eta ekilibrio bat bilatu behar zela kateximaren eta bere ofizioaren artian. Orduan esan zuen istantian gehien falta zuena trago on bat zela baina azkeneko botila mugarako jasota zeukala eta aguantatu egingo zuela.

        Gero berriz ere granjara joan ginen, orduan astagurdian Peseta zetorrela ikusi genuen, sartu ginenian salan zen Krimo eta tea atera berria, gure zai bezala serbitu zigun eta pastak ere baziren, Saki eta biak erretzen eta Krimo oraindik ere lakar samar eta etzegoen oso goxo baina dirua zela eta zerbait mintzatu ziren, bai omen zeuden barrakan bi neska bakarrik: hiruren ustia ibili zuten, eta haietako batek esaten omen zuen dena batian ezin zuela pagatu eta eskatu omen zion erdia orain eta beste erdia Espainian pagatuko ziola, Sakik esan zuen gero Espainian auskalo! Eta baita neska haien ofizioa zela gezurrak esatia, eta, berari behintzat bere partia emateko eta gero berak, Krimok, bere partia nahi balin bazuen datorren urtian kobratu, egiteko nahi zuena, eta beragatik behintzat: Ezin balin badu, fuera! esan zuen, hori zela kondizioa, baina gero negoziazioak izandu ziren eta neska harek benpein etzuen dena pagatu baina kamionian gurekin joan zen.