Aurkibidea
Andoainen amonarekin ederki nengoen
Orduko nik eskola gutxi gutxi zapaltzen eta
Nik Saki kaletik ezagutzen nuen
Astelehenian, Donostian pasaportia egitera
Biharamunian Saki bizarra ondo eginda
Sakik nahi zuen Algecirasera eguerdirako ailegatzia
Handik zuzenian Tetuango karreteran
Egun hura Sakik kamiona deskargatzen
Bazkalondoan Krimo siestara joan zen
Hurrengo goizian artian bero larririk etzela
Etxian Peseta ez genuen ikusi baina
Guk uste genuen Krimo jendiarekin etorriko zela
Baina nik enuen pasta haietatik probatzerik izan
Orduko Zineb eta Lila eta Beni
Algecirasen aurrena nazionalen kontrola zegoen
Barriada deitzen zuten hori eta gero
Aurkibidea
Andoainen amonarekin ederki nengoen
Orduko nik eskola gutxi gutxi zapaltzen eta
Nik Saki kaletik ezagutzen nuen
Astelehenian, Donostian pasaportia egitera
Biharamunian Saki bizarra ondo eginda
Sakik nahi zuen Algecirasera eguerdirako ailegatzia
Handik zuzenian Tetuango karreteran
Egun hura Sakik kamiona deskargatzen
Bazkalondoan Krimo siestara joan zen
Hurrengo goizian artian bero larririk etzela
Etxian Peseta ez genuen ikusi baina
Guk uste genuen Krimo jendiarekin etorriko zela
Baina nik enuen pasta haietatik probatzerik izan
Orduko Zineb eta Lila eta Beni
Algecirasen aurrena nazionalen kontrola zegoen
Barriada deitzen zuten hori eta gero
Egun hura kalian eman genuen eta gaua ere kalian, bar batian sopa bat hartu genuen eta gaua Selimek ezagutzen zuen edifizio obretako batian pasatu genuen, zigarrillo bat erre eta solas pixka bat egin eta bueno! lo ere zerbait egin genuen eta hainbestian!
Biharamunian Selimi lagundu nion azokaren atzian ezagutzen zuen oilozale batengana, Selim harekin egun batzuk oiloak hiltzen eta garbitzen aritu omen zen eta berriz harekin nahi zuen, baina harek bitartian beste mutil bat hartu zuen eta etzeukan dagoeneko beharrik, hari Selimek tipo baten galde egin zion eta hura goizian «behera» pasa zela, esan zigun harek, gero handik gora eta hiri berrian ibili ginen, ni turista frantses batekin saiatu nintzen, txapa pixka bat sartu nion eta Selim lotsatuta eta poliziaren beldurrez ere aparte gelditu zen, zergatik bera mutil on ona baita eta Sussuk lehengoan esan zion bezala eta nik gogotik parre egin nuen: Hi hain ona haiz, neguan ohian arkakuso bat bilatuko bahu, hura ez hozteko almohadaren azpian sartuko baihuke! Baina ni ere begira nintzen, enuen eta batere paperik... baina hemen ni bezala paperik ez duen mutil asko dago, eta azkenian eta total turista hari bi dirham atera nizkion eta harri batek gutxiago ematen omen du! Ogi bat erosi genuen eta harekin egin genuen egun hartako otordu bakarra.
Arratsaldia hona eta hara pasatu genuen, hemen etzan eta gero han jarri eta, iluntzian Selimek oilozaliari galde egin zion tipo haren etxera joan ginen. Selimek Kebirrekin lehenago egun batzuk emandako etxia zen hura. Eskalera batzuk goraino igo genituen eta, hango itxoiteko lekuan tipo hori zegoen, izena Kebdani, bertako nagusia, gaztia, ile korte modernoa eta bibote haundi batzuk, hura orduan pareja batekin hizketan ari zen, pixka bat zai egon ginen eta, azkenian gure txanda zen. Zer nahi genuen eta, Selimek esan zion aber egun batzuetako tokia ote zuen, eta harek: Zenbat zarete? Bi? Ezkaratz hartan baziren sei ate, gehienak irekiak, itxita zegoen bat ireki zigun eta: Hor lagun bat dago eta biok ere hor moldatuko zarete. Gero: Bakoitzak hamar dirham, esan zigun. Biharamunian pagatzeko hitza eman genion.
Kuartoan baziren bi kamantza eta koltxoi mehe bat espumazkoa lurrian, paretak koska ederrekin eta aspaldi kareztatu gabe eta sueloa ere ez oso berdina. Alfonbra txiki bat, kajon bat mahaiaren funtzioa egiten duena, haren gainian teontzia, bi baso, hiru euli... Ondo ixten ez den leiho bat ere badago eta hortik hara ikusten dira etxe teilatu batzuk, urrutira itsaso zati bat, arratsaldian eguzki pixka bat ere sartzen da, orain negua datorrela eta egunetik egunera gero eta gutxiago...
Abdel da gure gelakidea. Dar Xauikoa, mutil gor mutu bat, lasai lasaia eta eskuekin oso abila, azoka txikiaren atzian kristal tailer batian lan egiten du, goizian goiz hara joan eta bertan bazkaldu eta gabian berandu arte ezta etxera etortzen.
Esan bezala badira ezkaratzian beste bost ate, ate batian eta lehenbiziko kuartoan Kebdani bere lagunekin egoten da, horiek beti musika eta solas sekreto samarrak ibiltzen dituzte eta bai omen dauka Kebdanik poliziarekin zerbait, baina guri trabarik ez eta gurekin jator portatu da behintzat. Beste ate bat itxita egoten da eta noizik eta behin merkatari bat etortzen da horra, eta beste bi kuartoetan bi familia bizi dira, bat dira matrimonio gazte eta lotsati bat semetxo batekin eta bestiak zaharragoak dira eta sei ume dituzte, horiek beti bullan aritzen dira eta hain toki txikian haurrek txandaka egiten omen dute lo, gero sukaldia dago bere harriarekin baina guk hori ura hartzeko besterik eztugu ibiltzen, eta komuna azkenik eskaleran bi pisuen artian eta etxeko denentzat bat bakarra dago.
Biharamunian eta hurrengo egunetan goizian goiz txoriak baino lehenago Abdelekin batian jeiki eta kalera atera eta, orain oilo dendari horrentzat edo frutazale batentzat ere mandatuak egiten, orain kalian kasetak saltzen... Egun batian, plastikozko esprimidore bat «bilatu» eta, arratsaldia plaza nagusian laranja zumoak egiten eman genuen, baina plazan eta lan berian aritzen den emakume batek krixton bronka bota eta haatik alde egin ez genuenez poliziak bidali zizkigun!
Hala, egunian egunekoa eta kuartoa pagatziaz gain gabian gabian ere gure resistentzian edo gure su txikian bi patata edo tipula bat edo arroz eskukada bat edo zerbait beti izaten zen, noski Selimentzat hori etzen nahikoa eta berak problema gogorragoa zeukan, bere herriko jauntxo batekin zorra egin zuelako! zor hori pagatzia garbi zegoen etzeukala momentuz egiterik eta berak ya gogoan eta soluzio bakarra zela esaten zuen eta gainera horixe nahi zuen, Espainiara beste biaje bat saiatzia, orain hartarako berriz ere dirua behar zuen eta modu guztietara ere oso gogorra zeukan.
Bitartian eta etxera deituta jakin zuen Kebir herrira itzuli zela, eta Abdelhak ere Beni Mellalen bere etxian omen zegoen, eta total, haiek Tanjan preso gau bakar bat! pasa omen zuten, nonbait tokirik etzela eta poliziak antzarrak perratzera bidali zituen!
Berriz ikusi genuena eta Selimek kasualidadez egin zuen harekin topo kalian, Zineb izan zen, handik hona zenbait aldiz harekin izandu gara, bera da gure lagunik onena, berak ere saiatu behar du berriz Europara joaten, hemen ez daukalako inor, berak esaten du beretzat orain Marokon edo Pakistanen egotia berdin berdin dela, bere jendia Frantzian delako eta Frantzian eman duelako bere denbora gehiena. Ze, bera hamasei urte arte Parisen bizi izandu zen, aita orduan hil baitzitzaion eta amaordiak Casablancara eraman eta, pasaportia kenduta, han, bere pariente batzuekin utzi zuen. Arabez ezer gutxi zekiena, Frantziako ohiturak izan eta erre egiten zuena, eta gainera, aita berriak egun batian bai eta hurrengoan ere jo egiten baitzuen, egun batian, Zinebek etxetik ihes egin eta Tanjara etorri zen.
Azkenian eta kasualidadia! egun berberian Selimek eta biok lana bilatu genuen, goizian Kebdanik esan zion Selimi portuan txatarra tokian mutil bat behar zutela eta joateko eta hango enkargatuari bere partetik zijoala esateko, Selimek etzekien zer egin, mobida txar bat uste zuen eta gainera, puertoan izan genuen mobida harekin beldurra ematen zion, nik esan nion: Joan hadi ba kakati hori eta ikustak zer den, eta berak: Etzakiat ba, eztakit zer, hartaz hizketan ari ginen eta, haren paretik pasatzian, oiloen dendako gizonak, horrek izena Taieb: Selim! Libre al haiz? Hire bila ibili nauk... Eta, omen zuen gizon harek asmoa eta makina dagoeneko erosi zuen, oilasko erretegi jartzekoa eta, hura hartu nahi al zuen... Selim horrekin oso pozik! Eta neri: Hoa hi puertora aber zer ote den. Baina, nik esan nion: Kebdanik hiri esan dik eta, igual etziok graziarik egingo...! Eta berak esan zidan: Hi ni haizen bezala joan hadi eta zera jakingo dik harek! Hala ere nik ere beldur pixka bat banuen baina zer ba!
Puertora joan nintzen eta hamarrak hola baziren ailegatu nintzenerako, joan nintzen eta txatarra tokiko langile bati Yamougatik galdetu nion, enkargatuak hala zuen izena edo hala esaten zioten, eta harek: Yamou!
Etorri zen, gizon txaparro bat, esan nion Kebdaniren partetik nijoala eta zer ote zegoen, begi erniarekin begiratu zidan eta gero, berak eramanda eta han zegoen poliziak ezer esan eta inork paperik eskatu gabe, depositoan sartu ginen, han bazen kuadrilla bat, hiru lagun lanian eta beste bat, Europako bat, haiei ordenak ematen zebilen, Yamouk kuadrilla harengana bidali ninduen eta: Egintzak bestiak bezala, eta: Bob! eztakit zer, inglesez zerbait esan zion. Han baziren zaku batzuk, ez oso haundiak, baina bai oso pisuak! Haiek tokiz aldatu eta batzuk hemen, bestiak han, kajetan enbalatzen aritu ginen, dena oso kontuz eta dena Bobek esaten zuen bezala egin behar genuen, nik eztakit eta idea koxkorrik eztaukat zertan aritu ginen baina mobida bat zela hori seguru, benpein bazkaldu gabe eta arratsaldeko seietan bukatu genuen, nik lana gogotik egin nuen eta Yamou nik uste gustora gelditu zen nere lanarekin, zergatik bukaeran diru polit bat eman zidan eta: Bihar etorri, esan zidan.
Biharamunian joan eta, orduan ya lan hura ez eta beste bat eman zigun, hura kaian bertan eta: txatarra pilo hartatik burni luziak besteetatik berezi behar zirela! obretako burniak, hura lan korrientiagoa baina gogorragoa ere bai, bestiak guanteekin ziren eta nik guanterik enuen eta txatar batekin besoan ebaki txar bat egin nuen, hura trapo batekin bildu eta segi, segi beharra neukan lana ondo pagatua zelako eta batez ere han ez baitzuten paperik eskatzen! Gero burni haiek barku batera kargatu zituzten, barkua Errusiakoa zen baina Belgikan eskala egin behar zuen, ni nere artian: hor sartuko al naiz? Baina bijilantzia zorrotza zegoen eta beldur haundia ere bai!
Egun hartan ez genuen bukatu eta, arratsaldian Yamouk esan zidan: Bihar ere etorri, baina hurrengo egunian joan eta lan hura ordu pare batian bukatu genuen, orduan Yamouk esan zidan: Gaur etziok gehiago hire beharrik, etorri bihar.
Harrezkero holaxe ibili izan naiz: lana dagoenian, lana, eta lanik ez dagoenian, kalian buelta bat edo enkargu batzuk, eguerdian Selimi bisita bat egin eta oilasko platerkada bat jan eta bestela ya etxera, eta gabian beste kezka batzuk ere bai eta askotan! amonarekin eta lagunekin gogoratzen naiz eta orduan egiten zait koxkor bat hemen, eta hara joateko gogoa ere bai ikaragarri, baina dudikabe egun on batian Zineb bezala itzuliko naiz, orain denbora aldi bat pasatzen uztia komeniko da, bai? eta bitartian egunak hola eta gauak ez beti oso onak, tartian amets txarrak ere bai baina ezin kejatuko naiz horregatik eta Sussuk esaten duen bezala asko duenaren amets txarra pisua izaten omen da baina gutxi duenarena, hura arina izaten omen da!
Askotan nola ez Sakirekin gogoratzen naiz eta hura beti Puerton dagoela esaten dute, egongo da imajinatzen dut krixto bat eginda, hori da segurua jakinda bera nolakoa den... Nik eztiot zuzenian idatzi, badaezpada, bai? baina Momori bidali diot harentzako gutun bat, hori Yolik pasa dio, noski Sakik eztit erantzun, berak letrei ikara die! hori bai eskuminak bidali dizkit eta beti gogoratzen omen da nerekin, eta bitartian Momok berian esaten zidana, Yolik umia izan du, potolo potoloa omen da, zuk igual ikusi duzu?
Sakik prozesuan esan omen zuen berak ezer etzekiela eta emigrantiak kajan kolatu egin zitzaizkiola baina dagoeneko eztu inporta esatia zergatik dena dela sententzia kontrakoa atera zen, «delito contra los derechos de los trabajadores» egin omen zuen eta, sei urte sartu zizkioten, Momok esaten du suerte pixka batekin hiru lau urte eginda aterako dela, hori ere ezta gutxi eta, bitartian Donostiako kafeteriako morroi hura eta Hernaniko enpresario hura kalian eta lasai lasai ibiliko dira.
Ni orain gogoratzen, han ginela eta kartzelaz ari ginela behin esan zidana, nik esan nion: Barruan bi urte, ez nikek ba nahi! Eta berak esan zidan: Bi urte? Oraintxe firmatuko nikek. Eta nik esan nion: Han jendiari por culo ematen omen ziotek, eta berak: Baten bati muturra hautsi behar bazaio hautsi egiten zaiok eta kito!