Aurkibidea
Andoainen amonarekin ederki nengoen
Orduko nik eskola gutxi gutxi zapaltzen eta
Nik Saki kaletik ezagutzen nuen
Astelehenian, Donostian pasaportia egitera
Biharamunian Saki bizarra ondo eginda
Sakik nahi zuen Algecirasera eguerdirako ailegatzia
Handik zuzenian Tetuango karreteran
Egun hura Sakik kamiona deskargatzen
Bazkalondoan Krimo siestara joan zen
Hurrengo goizian artian bero larririk etzela
Etxian Peseta ez genuen ikusi baina
Guk uste genuen Krimo jendiarekin etorriko zela
Baina nik enuen pasta haietatik probatzerik izan
Orduko Zineb eta Lila eta Beni
Algecirasen aurrena nazionalen kontrola zegoen
Barriada deitzen zuten hori eta gero
Aurkibidea
Andoainen amonarekin ederki nengoen
Orduko nik eskola gutxi gutxi zapaltzen eta
Nik Saki kaletik ezagutzen nuen
Astelehenian, Donostian pasaportia egitera
Biharamunian Saki bizarra ondo eginda
Sakik nahi zuen Algecirasera eguerdirako ailegatzia
Handik zuzenian Tetuango karreteran
Egun hura Sakik kamiona deskargatzen
Bazkalondoan Krimo siestara joan zen
Hurrengo goizian artian bero larririk etzela
Etxian Peseta ez genuen ikusi baina
Guk uste genuen Krimo jendiarekin etorriko zela
Baina nik enuen pasta haietatik probatzerik izan
Orduko Zineb eta Lila eta Beni
Algecirasen aurrena nazionalen kontrola zegoen
Barriada deitzen zuten hori eta gero
Zai egondu ginen gainontzeko kamioneroak eta kotxeetako txoferrak ere garajetik alde egiteko, gero Saki jeitsi zen eta, gabarraren azpian sartuta, barruan zirenei zer moduz zeuden galdetu zien, noski bezperan egindako zuloak etziren alper alperrik izan, eta barrutik erantzun omen zioten bero haundia egiten zuela eta emakumia gaizkitxo zegoela, noski Fatigatik esan zuten hori, orduan Sakik esan zidan neri: Partoko jartzen ez balin bada behintzat, eta baita: Ni gora niak eta hi hemen gelditu hadi badaezpada ere. Eta, hala gelditu nintzen.
Baina, bera joan eta handik bi minutura gabe, pasatu zen handik morroi alu bat, esaten den bezala, tripulaziokoa nik uste, espainola bera, eta: Gora joan behar duzu, esan zidan. Nik esan nion torloju batzuk ajustatu behar nituela, baina harek: Gero, gero, esan zidan, orain hemen ezin da inor ere gelditu. Esan nion: Zapatillak jantzi eta oraintxe nijoa... Zapatillak janzten denbora pixka bat egin nuen, aber hura joan eta nerekin ahaztu egiten ote zen, baina ke ba, tipoa hantxe erdi nere zai bezala gelditu zen eta: gora joan beharko dut ba, pentsatu nuen, eta: aber hauek «portatzen» diren...
Beraz garajetik atera eta eskalerak gora eta pixka batian galduta ibili nintzen, barku hura diferentia zelako, dena modernoago bezala eta etzegoen etortzekoan bezainbeste jenderik baina, hala ere jende asko samar, azkenian eta ya barkua abiatzen ari zela «azafata» bati galdetuta aurkitu nuen kamioneroen sala.
Han zeuden aurrekoan bezala kamionero batzuk hankak zabalik eta lo, beste batzuk telebistari begira, Saki mahai batian Valenciako haiekin elkartu zen eta orduantxe kamareroa zerbait ateratzen ari zitzaien, Sakiren ondoan jarri nintzen eta esan nion zer pasatzen zen eta Sakik etzuen ezer esan hartaz eta Valenciako haiei, lehendik ezagutzen zituen eta, bere laguntzaile bezala presentatu ninduen, batek esan zuen: Honbre, konpañia pixka bat, beti ere... Etzen konfiantza izugarririk, hala ere, hiru ziren eta, haietako bat, berritsuagoa zena, kontatzen aritu zitzaigun lur pote haiek basamortuko zein ixkinatik ekarri eta Extremadurako herri batera nola zeramazkiten, eta puertoan nola zirrikitu guztiak begiratu zizkieten, guk ikusi genuena, eta etzebiltzala bakarrik haxixaren bila, baina jendiaren bila ere, zergatik iaz beraiei gertatu zitzaien, abuztuan Sebtako feriatik Espainiara zijoazela eta beraien ezjakinian, zeramazkiten makinen artian hogei! lagun sartzia, eta mugan haiek atxeman zituztenian beraiek ere hiru egunez eduki zituzten, uste zutelako kobratuta pasa nahi zutela jendia, eta horregatik fitxatuta zeudela. Baita, esan zigun aurki Espainiako mugan Amerikatik eramanda pertsonen detektoria jarri behar zutela.
Nik halako batian eta ginen salako kristaletatik hara, kanpoko barran garajeko morroi alu hura ikusi nuen uniformez jantzitako beste morroi batekin hizketan, eta Sakiri esan nion, hura zela igotzeko esan zidana. Eta, Valenciako harek, sobrare aditu zuen haietaz ari ginela eta, esan zigun transbordadoreetako langiliak huelgan hasi behar zirela, zergatik omen zeuden lanaz leporaino eta hemezortzi orduko lan egunak ere egiten zituztela. Sakik esan zuen: Huelgas, huelgas... Dónde va el país? Gero bere kubata edo dena delakoa tragu batian edan zuen eta, zutik jarrita: Bueno, hankak pixka bat luzatzera noa, esan zuen, eta nik pentsatu nuen: hau garajera ziak.
Noski hala joan zen eta ni han Valenciako haiekin gelditu nintzen, haiek erretzen eta beren gauzez hizketan ari ziren eta, ni berriz, laster eta bertan, burua alde batera okertu eta lozorro gelditu nintzen.
Esnatu nintzenian Saki salan etzegoen eta Valenciako haiek ere ez, pixka bat moska gelditu nintzen eta han zebilen kamionero edo tipo txiki bati galdetu nion: Asko falta al da...? Harek erlojuari begiratu eta esan zidan: itsaso zakarra zegoela eta, igual hiru ordu laurden ere izango zirela Algecirasera ailegatzerako.
Saki kamionian izango da ba, nik pentsatu nuen. Momentuan enion aparteko garrantzirik eman.
Hala ere, ni gorputz txar batekin esnatu nintzen, igual barkua asko mugitzen ari zelako edo igual aire egokituagatik, kontua behintzat enengoela oso tenple onian, eta aldi berian egarriak, beraz atera nintzen eta barran baso bat ur eskatu nuen, ez neukalako pesetarik.
Ni taburetian eta, nere parian besaulkian jarrita betaurreko ilunekin tipo bat zegoen, eta neri iruditzen, harek etzidala begia gainetikan kentzen, ahoan keñu txar bat zuen eta etzuen batere kara onik egiten! Minutuak pasatu ziren eta, Saki beti ez etortzen, ez etortzen, ni susmo txartzen hasita nengoen: aber zerbait pasatu den, pentsatu nuen, aber tipo hori ni bijilatzen ari den...
Halako batian neska bat hasi zen altabozetik hizketan: Hamabost minutu barru iritsiko gara, eztakit zer. Nik orduan: hau etzetorrek, nik joan beharko diat ba.
Bidian inorekin topo egin gabe kamionera jo nuen, kabinan eta kanpoan ere enuen Saki ikusi eta: ze arraro...! Gero berriz, gabarra barruan hots bat aditzia iruditu zitzaidan eta, bai harrigarria! katu baten marrua ote zen! Eta behin, eta berriro. Nik: zer egiten du katu batek hor...?
Joan nintzen atzekaldera, atia ireki nuen eta, ireki nuen bezala Saki barrutik nere gainera etorri zen, aurpegia gorri gorri, izerditan blai: Ze pasatzen da, ze...? galdetu zidan, baina erantzuteko betarik eman gabe neri, haren atzian Krimo ikusi nuen eta Sakik kanpora salto eginda, ate txirrikutik hari: Esaiezu ospitalera eramango ditudala baina me caguen dios orain ume horri ahoan patata bat sartu edo nahi duana egin, ez dezala benpein karraxirik egin!
Tanka! atia itxi zuen, bazterretara begiratu zuen, garajian hara aldian beste txofer batzuk sartzen hasi ziren, Sakik, orain neri begira, orain hara begira, bakar bakarrik esaten zuen: La hemos cagado, behin eta berriz esaten zuen hori, gero kabinara joan zen, etorri zen, kamionaren azpian sartuta giltza batekin zerbait aritu zen, ni larri larri inorako ez eta daldarka nengoen, Saki atera zenian ikusi ninduen, eskua lepoari erantsi zidan eta: Lasai Tximi, esan zidan, hi behintzat lasai egon hadi. Hemendik atera behar diagu bai? gauzak ondo eginda suerte pixka batekin aterako gaituk, hola esan zidan, horrek konfiantza eman zidan bai? ikusi bainuen bagenuela aukera bat, Sakik bazekiela zer egin eta asko gure esku zegoela.
Kabinara igo ginenian ya barkua mantsoago hasi zen, Sakik zigarrilloa piztu zuen eta: Ardiak, Tximi, ardiak, esan zidan... hemendik ateratzen bagara artalde bat hartu eta mendi ixkina batian artzai jarriko nauk...
Ni hain harrituta nengoen... eta, galdetu nahi nion nola izandu zen baina ikusten nuen etzela momentua eta gero ya ez genuen beste momenturik izan eta gauzak nola pasatu ziren gero Zinebek esanda dakit.
Granjatik abiatu ginenian Fati puxka batian erdi lo joan zen, puertoan ginela berriz, minekin esnatu zen eta ya kontrazioekin hasi zen, klaro min haundiak eta trapu batekin ahoa tapatu zioten, gero barkuan, esperantza erditu gabe Espainiara iritsiko zela eta, Sakik ondo ote zeuden galdetu zuenian etzioten ezer esan baina bigarrengoan jeitsi zenian, orduan oso garbi zegoen umiak atera nahi zuela eta esan egin zioten eta Sakik zer egin zuen eta kamionari lona kendu eta lagundu zion Fatiri atzera pasatzen, eta Fatirekin haren gizona Brahim, baina Krimo eta Lila eta Zineb ere zulotik atera eta gabarrara pasatu ziren, lona berriz ere itxi eta linterna batekin eta bobinen eta pataten artian «ospitala» montatu zuten, Sakik palankana batian depositoko ura eraman zuen eta haiek zeuzkaten arropekin eta nolabait moldatu ziren...
Nik enion galdetu eta Sakik etzidan orduan halakorik esan baina bai jakin nahi nuen eta galdetu nion: Haurra zer moduz dago? Eta Sakik esan zidan: Haurra ondo ziok, baina ama oso makala ziok.