Aurkibidea
Andoainen amonarekin ederki nengoen
Orduko nik eskola gutxi gutxi zapaltzen eta
Nik Saki kaletik ezagutzen nuen
Astelehenian, Donostian pasaportia egitera
Biharamunian Saki bizarra ondo eginda
Sakik nahi zuen Algecirasera eguerdirako ailegatzia
Handik zuzenian Tetuango karreteran
Egun hura Sakik kamiona deskargatzen
Bazkalondoan Krimo siestara joan zen
Hurrengo goizian artian bero larririk etzela
Etxian Peseta ez genuen ikusi baina
Guk uste genuen Krimo jendiarekin etorriko zela
Baina nik enuen pasta haietatik probatzerik izan
Orduko Zineb eta Lila eta Beni
Algecirasen aurrena nazionalen kontrola zegoen
Aurkibidea
Andoainen amonarekin ederki nengoen
Orduko nik eskola gutxi gutxi zapaltzen eta
Nik Saki kaletik ezagutzen nuen
Astelehenian, Donostian pasaportia egitera
Biharamunian Saki bizarra ondo eginda
Sakik nahi zuen Algecirasera eguerdirako ailegatzia
Handik zuzenian Tetuango karreteran
Egun hura Sakik kamiona deskargatzen
Bazkalondoan Krimo siestara joan zen
Hurrengo goizian artian bero larririk etzela
Etxian Peseta ez genuen ikusi baina
Guk uste genuen Krimo jendiarekin etorriko zela
Baina nik enuen pasta haietatik probatzerik izan
Orduko Zineb eta Lila eta Beni
Algecirasen aurrena nazionalen kontrola zegoen
Eguerdian ez bazkaldu eta ezer ez genuen egin, halako batian patioan poliziaren autobusa sartu zen, bildu ginen haren aurrian eta izenak banan banan esanda barrura sarrarazi gintuzten, buru makur geunden eta ixilik, leihoak burni sareekin estalita zeuzkan, Iassini ere abokatua behar zuela ahaztu zitzaion... Patioan hiru lagun gelditu ziren, eta haietako bat gure gizon zahar ixila, hura han gelditu zen guri begira distira batekin... Eta, denak barruan ginela, bi poliziek besotik helduta eta kuarteleko ikuiluetatik beste tipo bat ekarri zuten, drogatuta bezala zetorren, ezpainak haundituta eta esku muturrak bendatuta eta skotx zintarekin lotuta zeuzkan, detenitu zutenian labanarekin bere burua zauritu omen zuen, hura autobusaren aurre aurrian, polizia ondoan zuela jarriarazi zuten, behintzat denak «latan» sartu eta noski ya hona ekartzeko zen, eta nonbait ematen duenez han ginen denak eta ni neu ere identifikatu ninduten! Neroni nintzen lehenbiziko harritua, baina gauza harrigarriagoak ere gertatu izan omen dira, konsuladoan benpein nik poliziari emandako datuak etzituzten luparekin begiratu, bestela ezta entenditzen hatz markena, eta fotorik ere etzidaten egin, zergatik komandantzian Selimi eta besteei foto bana atera omen zieten baina komisarian neri horrelakorik ez! Eta, ni orduan pozik, Espainian justiziaren aurrian pasa behar enuelako, orduan inportanteena zen distantzia bat jartzia, bai? baina aldi berian larri larri nengoen, ni pentsatzen: orain Marokon zer egin behar dut? Eta gainera, autobusian ginela Zinebek esan ziguna: orain eta bost urtez ez genuela Europan sartzerik izango, hori kontatu gabe orduan jarriko zigutena, urtebete eta bost urte bitartian omen dute jartzia baina jendiak normalian ziegan hilabete edo ematen omen du, orain dirua izan ezkero... esan zuen Zinebek, eta Selimek: Nik eztaukat ba diru koskorrik ere! Eta, ni orduan gogoratzen, poltsikoan neuzkan billeteekin, haiek zerbaitetarako balioko zidaten?
Bueno eta beste gabe eta luzatu gabe esan, barkuan beste kotxe edo kamionik etzen garaje batian etorri ginela, baina bai zegoela garaje ilun hartan funerariako kotxe luze bat, eta hori omen zen egun batzuk lehenago kostan ito ziren emigrante haietako baten gorputza zekarrena, paperik ez izan arren identifikatu zutena, eta beste gorputza ere bilatu omen zuten baina beste hura ez omen zuten identifikatu eta Espainian utzi omen zuten, eta Zinebek esan zuena: Hori hilda benpein han gelditu da... Baina autobusian gurekin zen gizon batek, pateran hil ziren haiekin pasatu zuena itsasoa, hura oso haserre eta deretxorik etzegoela eta mutil haren gorputza diruagatik etzutela ekartzen, esaten zuen, bestiak ixilik zeuden, gure aurrian gizon beltzantzeko, ile zuriko batek esaten zuen: Pobriak jaio gara... hori da gure desgrazia...
Dena dela eta benetako problema badirudi baietz diruarena zela, zergatik gorputzak bidaltziaz hango, Algecirasko edo eztakit nongo enpresa bat arduratzen omen da eta kilo bat kobratzen omen du, eta batzuetan hango, Cadizko edo azaldu diren tokiko udaletxiak kostuak bere gain hartzen omen ditu baina beste batzuetan eta beste udaletxe batzuek ez omen dituzte kostu horiek beren gain hartu nahi izaten, eta orduan hemengo gobernuak edo erregiak edo eztakit nork pagatu behar du eta hauek esaten omen dute familiak pagatu dezala, eta familiak pagatzen ez balin badu, gorputza han gelditzen da eta kasu horretan eta beti ere hango entierroa inork pagatzen ez balin badu, zergatik han lurra ematiak hiru kilo kostatzen omen du, ba, kasu horretan gorputzari bere begiak eta bere barrunbiak eta zerak kentzen omen dizkiote, eta sobratzen dena edo karkasa, hango kanposanturen bateko bazterren batian enterratzen omen dute.
Gero Tanjako puertoan gu autobusian alde batetik eta kotxe hura beste batetik atera zen eta gu atera eta plaza edo patio bezalako batian utzi gintuzten, han baziren erdi parian lurrian jarrita trabiesa batzuk eta plazaz beste aldian emakume batzuk, hilda zetorren mutil haren ama eta izebak omen ziren haiek, eta haiekin gizon haundi bat, bizar luzia zuena, eta gurekin zetorren mutil batek, nonbait haiek ezagutu eta haiengana joan nahi zuen, baina poliziek etzioten utzi, trabiesa haietaz alde honetara egon behar genuen, emakume haiek ere ezagutu zuten mutila eta ezer esan gabe begiratzen zioten krixton penarekin, hildakoaren amak eta izebek edo eztakit zer ziren, ixil ixilik negar egiten zuten, gaixoak lasai negar egiten ere etziren atrebitzen, nik eztarrian korapilo bat edo gauza bat neukan... Zinebi begiratu nion eta malko bat xukatzen ari zen...
Gero, gurekin hiru edo lau xorta baziren eta, nik ikusten, pixka bat aparte gure gizon bat haietako batekin ari zela, eskutik eskura zerbait eta trafikoren bat zebilkitela, gero gizon horrek egin du, espaloi txiki bat zegoen eta handik martxa egin du! Eta, nik orduan, ondoan Selim neukan eta, hari ukondoarekin jo eta, polizia harengana joan eta, liso esan nion: aber guk ere bagenuen ateratzia. Mala ostia aurpegi batekin begiratu zidan, Selim nere atzian zen, nik poltsikotik billetiak atera eta hiru eman nion: Hau neria, hau... Selimena, esatera nijoan baina, polizia harek raka! kolpe batian denak kendu zizkidan, protesta egin behar nuen baina: Segi! esan zidan neri, joateko alegia, baina Selimi: Hik zer begiratzen duk...? Eta, harengana pauso bat egin zuen. Baina Selimek hura eskibatu eta korrika hasi zen, eta orduan nik ere, haren atzetik korrika... hura korritu beharra! Ni haren atzetik, minutu batez bai, enekien nondik nora genbiltzan, abenida bat, kale bat, paret haundi batian zulo bat... medinan ginen!