Leuropa
Leuropa
2002, nobela
196 orrialde
84-95511-51-7
azala: Anthony Russo
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2006, nobela
2004, nobela
2000, nobela
1996, ipuinak
1992, ipuinak
1990, ipuinak
1986, nobela
1984, nobela
 

 

Guardia zibil haiek besterik gabe eta bidian beste ezeren galderarik egin gabe zuzenian komisariara eraman eta polizien eskuetan utzi ninduten.

        Poliziek aurrena sala espera bezalako batian sarrarazi ninduten, han baziren zazpi edo zortzi silla eta erdian mahai txiki bat hautsontzi haundi batekin eta, bertan tipo bat zegoen, espainola hura eta ustez burua pixka bat nahastuta zeukana, neri begiratu gabe eta bere buruarekin ari, bertan zai denbora asko zeramalako kejatu egiten zen, jeiki, bi pauso eman, beste silla batian esertzen zen, tonto keñu batzuk egiten zituen...

        Orduan pentsatzen egondu nintzen: orain zer pasatuko da? Nik banekien edo pentsatu egiten nuen egin genuen delitua zigor haundi batekin penatuta zegoela, orain nik enekiena zen horrek zer esan nahi zuen, edo multa haundi bat, edo kartzelan hilabete batzuk, edo zerbait txarragoa, eta beldur nintzen zerbait txarragoa izango zela baina, enuen pentsatu ere egin nahi!

        Nekien gauza bakarra zen galdetzen zidatenian ahal nuen gutxiena esan beharra neukala, hori da legia, bai? baina orduan arrazoi gehiagoz, zergatik igual, eta nik orduan oso posible ikusten nuena zen, igual Saki etzuten harrapatu, eta kasu horretan ni txoferraren laguna nintzela eta nik ezer enekiela esan beharra neukan, baina igual Saki harrapatu egin zuten eta orduan erabat haren eskuetan nengoen eta harek zer esango zai egon beharra neukan, banekien Sakik etzidala putadarik egingo eta seguru nengoen harek etzidala erantsiko kulparik, baina nik nahiago nuen gauzak berak esatia eta ez nik haren kontra deus esan eta ni benpein haren «lagun» bezala azaltzia.

        Enuen denbora luzian itxoin beharrik izandu, halako batian deitu zidaten. Pasarazi zidaten ofizina batera, hartan elkarren ondoan edo batetik bestera tarte txikia zela hiru mahai zeuden, haruzkoan inor etzegoen, erdikoan bi polizia zeuden, bat zakur zaharraren muturra zeukana, hura eserita, eta bestia, tipo luze, serio bat, antiojuak zebilzkiena, hura berriz zutik, eta bi haien parian eta nere saihetsian esate batera, gure beltza zegoen eta niki gorriagatik berehala ezagutu nuen, hura Brahim ez, bestia zen, nik izenik enekiena, goizian mobilarekin sartu zena kamionian.

        Neri bitartian, sarrarazi ninduen polizia harek: Poltsikoetan dituanak denak mahai gainian utzitzak. Nik diruak atera nituen, seiehun dirham eta moneda batzuk, eta granjan hartu nuen harri txiki beltz polit hura ere atera nuen, eta poliziak, hura ikusi zuenian: Zer da hori? Eta nik: Harria. Harria? esan zidan harek, nik emango diat hiri harria. Hartu zuen, saiatu zen hausten, usaindu zuen... Harek txina bat zela pentsatu zuen! Eta, hala etzela ikusi zuenian, harria mahai gainian utzi, katxeo azkar bat egin zidan eta: Eseri, esan zidan, eta bera ya atera egin zen.

        Nik ordia, harria zegoen poltsiko hartatik paper mutur hura ere atera nuen, Sussuren direkzioarekin Mustafak idatzi zidana. Eta, hura mahai gainian ikusi nuenian, aurreneko gauza pentsatu nuena: eztuk ba komeniko hauek paper hau ikustia... Baina, besteek ikusteko beldurrez, enintzen atrebitu hartzen.

        Bitartian bi poliziak beltzarekin ari ziren, mahai gainian Fatiren poltsa zeukaten eta handik arropa batzuk eta txaleko salvavidas bat atera zituzten eta hartaz zeozer ari ziren eta zutik zegoenak nik entenditu enituen galdera batzuk egin zizkion beltzari, eta beltzak: Yes, yes, etzuen besterik esaten.

        Halako batian, zakur muturrekoak, luziari: Aber beste beltza ekarri. Heldu zion ba luze horrek gure beltzari besotik eta, badaramala, eta atia irekitakoan, atian zen poliziari: Hori ere kamionekoa duk ala? neregatik hori. Bestiak baietz, eta hirurak atera ziren.

        Bitartian eta bazijoazela beltzak ni ikusi ninduen, baina etzuen ezagutu ninduen eta etzuen ezeren seinalerik egin.

        Eta, orduan neri, amonak esaten duen bezala buruan idea bat ernatu zitzaidan. Pentsatu nuen: hauek uste balin badute moroa naizela, eta... jendia trafikatziagatik halako zigor haundi baten arriskuan balin banago... igual posible izango dut hauen jokua segitzia eta... igual komeni zait nor naizen ez esatia. Nik banekien gurekin joandako besteek, batzuek behintzat, etzutela paperik, eta igual bat gehiago bezala pasatzia neukan...

        Ordia, nintzena ez balin banintzen, zein esango nuen nintzela? Hori pentsatu nueneko ya begiaren ertzarekin ordenadorian ari zen zakur zaharra bijilatu eta ya mahai gainetik paper muturra hartu nuen. Hura letu, eta papera zapatillan gorde nuen.

        Hori dena izandu zen batere pentsatu gabe eta oso bapatian. Zergatik, bestalde, beltza han ikusi nuenian, pentsatu nuen: hau eztuk bakarra izango, seguru bestiak ere harrapatu dituztela: beste batzuk edo denak, eta baita: aber Brahim ekartzen duten orain. Poliziak esan zuelako: Ekarri beste beltza. Eta, Brahimek, edo gero beste edozeinek ni han ezagutu eta ni nor nintzen eta zer nintzen esaten bazuen, neretzako akabo eta bukatu zen dena!

        Hala behintzat, polizia luziak beste beltza ekarri zuenian, lasaitu nintzen. Honek behintzat eztit larrua kenduko, pentsatu nuen. Hura etzelako Brahim. Orduan pentsatu nuen: igual Brahim eta libratu dira. Igual Saki ere libratu da...

        Luziak ekarri zuena behintzat beltz txiki eta sendo bat zen, eskuak aurrian burniekin lotu zizkioten eta, sudurrian odol arrastoa zeukan.

        Polizia luziak esan zuen: Honek esaten du bera etzetorrela kamionian, ospitalian paper honekin aurkitu dute. Beltzak esaten zuen: Nik tripako mina, ni ez gaiztoa, nik lana... Zakur zaharrak, paperari begira: Paper honek ez du balio, esan zuen. Baina beltzak: Paperak bai balio, ni Liberiakoa, nik problema asko buruan, nik tripako mina. Baina zakur zaharrak: Ixilik egon, agindu zion eta, telefonoa hartu zuen.

        Bitartian bestia, luzia neregana jiratu zen eta: Zu kamionian ekarri zaituzte, ezta?

        Nik: E?

        Harek: Igual dio. Nola duzu izena? galdetu zidan. Izena.

        Nik: Izena? Abderrahim.

        Harek: Abizena?

        Nik: E? Eztakit...

        Harek: Nom de famille.

        Nik: Chami. Chami.

        Harek: Nola idazten da? Badakizu idazten? Idatzi hemen.

        Idatzi egin nion eta: Natural de...? galdetu zidan. Herria. Nongoa.

        Sussuren herriaren izena jarri nuen.

        Gero: Noiz jaio zinen?

        Ni nere artian: Oraintxe harrapatu natxok. Eta, paper hartan nere eguna jarri nuen baina ditudanak baino hiru urte gehiago neuzkala jarri nuen. Eta, Sussuk hamar gehiago ere izango zituen baina, ezin esango nuen hogeita hamar urte nituela!

        Azkena, eskua hartu zidan eta, tintaren kajan beratuta nere hatzaren marka paperian jarri zuen, berak paper berian zerbait gehiago idatzi zuen.

        Bitartian zakur zaharrak luziari galdetu zion: Aizak, honek, telefonoan, kablez beste aldian ari zenak, esaten du Cadizen Liberiak ez daukala konsuladorik, zer egiten dugu?

        Luziak esan zion: Bidali Los Canutosera besteekin.

        Los Canutos izen hori gero gehiagotan aditu izan dut eta Fati eta Brahim eta beren umia ere ospitaletik aterata hara bidali omen zituzten eta han beltzak eta behintzat magrebiarrak ez direnak sartzen omen dituzte, eta gero gehienetan libre uzten omen dituzte paper bat emanda.

        Gero luze harek diruak hartzeko esan zidan eta, atia irekiz, han zen poliziari: Hau ere Barriadara, Sanchez. Sanchez horrekin gogoratzen naiz, berak eraman ninduelako Barriadara, eta han ere: Hola, Sanchez, eta: Qué tal, Sanchez, denek ezagutzen baitzuten. Eta, Sanchez horrek, luziari: Ya bagoaz? Eta luziak: Bai, esan zuen. Neskak hemen utzi, esan zuen.

        Nik orduan: neskak? Noski Lila eta Zineb harrapatu dituzte.

        Eta baita: Barriada... nora bidali behar ote naute?

        Eta: zer atera ote du txakur horrek egin dizkidan galdera horietatik? Esan ditudanak, bat gehiago ere ez baitzidan egin.

        Ni eta normala denez oso akojonatuta nengoen baina, uste dut teatroa ondo egin nuela, bai? Eta, suertia ere galanta, Lilak eta momentuan ez ikustia. Behintzat Barriadara bidali ninduten.