Leuropa
Leuropa
2002, nobela
196 orrialde
84-95511-51-7
azala: Anthony Russo
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2006, nobela
2004, nobela
2000, nobela
1996, ipuinak
1992, ipuinak
1990, ipuinak
1986, nobela
1984, nobela
 

 

Handik zuzenian Tetuango karreteran Tanjako poligonoa jo genuen, horrek izena du Mogoga, eta bada hor industria dexente, orain ez pentsa, hau ezta hura inondik ere! Egingo nuke, Andoainen bakarrik, Mogoga guztian baino fabrika gehiago ez ote dagoen. Han dago behintzat Jacob Delafon, horrek banatzen omen ditu Magreb osorako erretretiak eta lababoak eta horiek, eta guk, ba, lehenago esan dizut, horiexek genekarzkiela kamionian.

        Enpresa horretan mutil sinpatiko batek hartu gintuen ofizinan, esan zigun jendia ya joana zela eta kamiona barrenera sartu eta astelehenian deskargatuko zutela. Eta, nahi balin bagenuen taxi bati deituko ziola, baina Sakik esan zion oraindik goiz zela eta pasio pasioan abiatuko ginela.

        Beraz kamiona han utzi eta abiatu ginen eta lehenbiziko gauza, han paretsuan zegoen telebutik batera joan ginen. Telebutikak dira hemengo telefono kabinak, soloke jendia atenditzeko neska bat izaten da.

        Handik egin zituen Sakik dei batzuk, hemengo kontaktua bilatzen ari zen, baina hura etzegoen edo telefonoa aldatu zuen, eztakit zer problema zen, eta Sakik ere etzuen bere mobila ibili nahi! Zergatik mobilak oso peligrosoak omen dira horrelako zeretan, eta hori oso garbi ikusi nuen lehengo batian telebisionian pelikula amerikano batian, bertan gizon mafioso batek hogeita lau orduoro hogeita lau orduoro aldatzen baitzuen bere mobila, zergatik oso erraza izan behar du poliziak horiek kontrolatzen.

        Nik bitartian han ondoko denda txiki batian errefresko bat eskatu nuen, baineukan krixton egarria, eta harritu nintzen, harek zerbait, enaiz gogoratzen zer, arabez esan zidalako eta nik berriz ere ulertu nion! Eta gero hemengo maneran: Xhal? galdetu nion, esan nahi duena: zenbat? eta ya numeroekin enintzen aklaratzen eta billetia eman nion eta ondo edo gaizki kobratu zidan hori ya enuke hain seguru esango zergatik diru klase hori ikusten nuen lehenbiziko aldia zen.

        Han egondu nintzen petrilian jarri eta makila bat lurrian sartu nahi zuen bi bat urteko haur mukizu bati begira, harriarekin jo ta jo ari zen, a ze puttiko bizkorra! harekin pixka bat flipatu nuen eta Saki azkenian atera egin zen, hitz egin zuen baten batekin eta gabian gelditu ginen, eta bera ere seko egarrituta zegoen baina berak «beria» nahi zuen, eta han halakorik etzen, hortaz joan ginen bidian aurreraxiago aber taxiren bat ikusten ote genuen, hango panorama etzen oso ederra egia esateko, baziren malda batian deposito haundi batzuk, eztakit gasarenak edo petrolioarenak edo zerenak ziren, eta ondo ondoan barrio bezalako bat, handik behera ur txirripa zetorren, krixton kiretsa zuena, eta tartian umiak korrika eta artalde txiki batzuk eta moko luzeekiko txori kurioso batzuk, zertzetak omen ziren haiek, Sakik esan zuen, eta bai baitzuen kostunbria berak, edo aldian aldian esaten zuena zen, berak zerbait esan eta entenditzen ez balin bazenuen eta: Zer? galdetzen balin bazenion, berak esaten zuen: Zertzeta, burduntzin puntan erreta, hori bere etxian eta baserrian esaten omen da, baina hori nik berari bakarrik aditu diot, benpein hala zirela, ba, han ziren txori haiek.

        Bueno, azkenian taxi bat pasatu da eta gelditu dugu eta barrura joan gara, eta gurekin emakume txiki bat ere sartu da, hura aurrian jarri da eta gero laster plaza batian gelditu da hura.

        Hotel aurrian gelditu gara eta taxistak veinte eskatu digu eta Sakik hamar eman dio eta atera egin gara, eta taxistak hitz batzuk marmarikatu ditu eta Sakik hari begiratu ere ez eta neri: Zer esaten du horrek?

        Esan behar da Saki etzela diruarekin batere gordia edo nola esaten da, baina bazekien prezioen berri gutxi gorabehera eta etzuen regateoa maite, hemen batzuetan dirham oxtia bategatik krixton erretolikak izaten baitira, baina Sakik erretolika gutxi, berak jartzen zuen bere prezioa eta jeneralian jendia konforme uzten zuen, orain gero ikusiko denez kantidade haundiak izaten baziren gauzak etziren hain errazak izango...

        Portuko abenidan dagoen hotel batera joan ginen, Saki ezaguna zen han, mutilak irriparre ederrarekin hartu gintuen, neri ere bizkarreko batzuk, ni nere artian: kontuz honekin. Gora gela polit batera eraman gintuen, bista ederra zuela esatia asko izango da baina, handik benpein itsasoa eta ikusten genituen, bertan dutxatu eta egonian egondu ginen, eta Sakik eskatuta mutil harek, izena Hassan, botila bat ur eta zerbeza pare bat ekarri zituen eta Sakik bat zurrut batian edan zuen.

        Atera gineneko kanpoan ya iluna zegoen, baina Saki egunez bezalaxe antioju beltzak jarrita zijoan, herrian etzuen halakorik ibiltzen eta nik esan nion egia, pasmakoa ematen zuela, eta Sakik: egun haietan, izan bazena baino, hobia zuela askoz putaseme bat ematia!

        Kontaktuarekin hamaikak aldian gelditu ginen eta bitartian bagenuen denbora puxka bat paseo bat egin eta zerbait jateko, esan behar da gau hartan begiak xuri xuri eginda ibili nintzela, kale batian gora sartu ginen eta alde batera gizon pila bat arraina saltzen ari ziren eta beste aldera beste gizon batzuk espezieak saltzen ari ziren, gizon bat ixkina batian bere makinarekin taka taka taka arropa josten ari zen eta harekin zegoen mutiko bat etorri zitzaigun aber zapatetako lokarriak behar al genituen!

        Sakik barrio hura, medina, pixka bat ezagutzen zuen eta eskerrak! Hala ere esatekoa da jendia etzela sartzen gurekin, eta nik uste nuen Sakiren itxuragatik zela baina gero Sakik berak esan zidan hori neregatik zela, alegia jendiak pentsatzen baitzuen ni bertakoa nintzela eta horregatik etzirela brasa ematera etortzen, eta aber zertako uste nuen ekarri ninduela!

        Jatetxe kutre batian afaldu genuen, entsalada eta kefta, Sakik hori ezagutzen zuen zergatik beti gauza bera eskatzen zuen, badaezpada esaten zuen. Berak tenedoriarekin eta nik bertakoak bezala xarparekin ekin nion, etxian Momorekin bezala, Momok esaten zuen eskuekin hartuta janak beste sabore bat duela, eta nik eztakit hori zergatik den baina egia da!

        Gero denbora bagenuela eta tea eskatu genuen, Sakik esan zuen: Oraintxe txupito bat... baina tea ere gustora edaten zuen, nik bezalaxe, egia esateko ni segituan kostunbratu nintzen, teak badu sabore bat azkar eta gozoa eta tenple bat oso ona ematen dit.

        Han ginela tipo zahar bat etorri zitzaigun, ustez bertako nagusia, espainol zaharra izan behar zuen eta esan zigun: Qué tal, paisanos? Eta, aber nongoak ginen. Euskaldunak ginela, eta: Vascos? Sereis de la Eta. Eta Sakik: Hombre, claro. Gizonak etzion inportantziarik eman, eta: bazuela, esan zuen, Donostian iloba bat berak, gris batekin ezkondua... Grisa, esan zuen, eta nik enion entenditu, baina gero Sakik esplikatu zidan, orain dela urte pila bat maderoak grisez jantzita ibiltzen zirela eta horregatik deitzen zitzaiela grisak. Eta, ilobaren izena ere esan zigun: Asun, Asunción. Eta Sakik: Seguru ez dudala ezagutzen. Eta bestiak: Vais a ver? Hoy juega el Madrid... Eta Sakik: A ver si pierde. Eta bestiak: Qué dices, hombre, baina orduko ohartuko zen ez ginela espainolak behar bezalakoak, eta retirada egin zuen.