Hezur berriak
Hezur berriak
2025, poesia
80 orrialde
978-84-19570-41-3
Azala: Aitane Goņi Landa
Ane Labaka Mayoz
1992, Lasarte-Oria
 
2022, antzerkia
2021, saiakera
 

 

JENDAURRERA

 

 

Akorduan dut

noiz egin zintudan

publiko.

 

Udaberriak

erantzi ninduen,

soineko loreduna

propio

azalari itsatsita.

 

Ez soineko eta ez lore,

beltzak narabil

azkenaldian.

Bularrak lehergai,

sabelaldea puxika huts,

“ez zaizu nabari” diostanari

oihu ala hozka egin

erabaki ezinik.

 

Goizegi da fokuperako.

 

Negar itoan

egin duzu honako bidaia

—ehun bat aldiz

eskatuko nizun barkatu— .

 

Lurpeko parking ospel batean

eskaini dizut titia;

gose zara,

logaleak erreta zaude, baina.

Eta ni erlojuari beha.

 

Ohartzerako,

taula gainean nago.

Norbaitek mikrofono bat jarri dit aurrean

 

—arren, ez dakidala ezer nabaritu—.

 

Hitza hartu dut,

azken ordu eta erdian

gorputz hau dardaratu duen oro

mututzeko ahalezinez.