LANBROA
Ideiak deritzon talde bat daukat
neure buruarekin.
Ipuin posibleen hasiera posibleak pilan
balizko nobeletarako hari lokabeak
dirulaguntza deialdi iraungiak
lehiaketa biren oinarriak
inoiz neuretu nahi nituzkeen esamoldeak
inoren liburu gomendioak
inori ostutako aipuak.
Beldurra diot
produktibo ez izateari
ez-produktibo izateari
panikoa.
Nola gal lezake
denbora
faltan duenak?
Zirriborro lanbro bat daukat
burmuinean
egin nahi nituzkeen guztiak loopean
gosaritako ontziak oraindik harraskan
eta izarak eta komuna eta ilea garbitzeke.