EDINBURGO ESKALA
Hilabete eta erdiz izan dut sobrea
frutaontziaren azpian
—aspaldian ezer ez dago
behar lukeen tokian—.
Ez dut zabaldu agindu zidatenera arte.
Bi begi zoli niri beha.
Ea azken astean barre egiteko gai izan naizen.
Gauzei ilusioz begiratu diedan.
Betiko antzera.
Nigan ohikoa dena baino gutxixeago.
Dezente gutxiago.
Lehen baino askoz gutxiago.
Urduri edo arduratuta sentitu izan naizen.
Urduri edo arduratuta
inolako arrazoirik gabe.
Beldurrik izan dudan.
Estutu ote naizen.
Azpimarrak boligrafo urdinez.
Ez naiz hamar galderatan kabitzen.
Itxi dut gutun-azala.
Bi begi zoli niri beha
sukaldeko horman.