NIRE GELA
Poza zen gailen
alokairuko etxe berrira aldatu ginenean.
Kartoizko kaxazko gaztelu bat:
sukalde-sala zabala, komuna eta hiru gela.
Handiena ametsentzat,
tartekoa etor zitezkeenentzat
eta hiruretan argitsuena
niretzat.
Lanerako gela bat, bizitzan estreinakoz:
apalategi bete liburu
aurreko etxeari ebatsitako mahaia
lore sikatuzko leihate bat,
itsasotik ez hain urrun.
Norberarena behar zuena, baina,
beste norbaitena da orain.
Sehaska arantzaduna,
airez husten ari den pilateseko baloi urdina
eta esekitoki tolesgarri bat,
arropa txiki-txikiz josia.