KOREOGRAFIA
Maddiri, eta Pauleri.
Dantzari bat
oholtza gainean
erditze bat antzezten.
Uzkurtze orok
irudi du egiazkoa
sekula halakorik
bizi izan ez dugunontzat.
Dantzan ari dela
zu erditze-gela batean.
Ni hamasei asteko.
Bion ama urduri dago.
Mugikorrari begiratu diot
antzokiko ilunpean.
Amaren lau dei galdu,
zuen berririk ez.
Luze joango da gaua.
Goizaldeko ordu bietan, argazki bat;
larru gorria izara zurietan bil-bil.
Negar egin nahi baina
ez zait malkorik atera.
Zuk ibilitako bidean noa
narrasean.
Nekeza zait sinistea
nik aurrez urratuak zuk bezala
zureari txiki geratuak nireak
jantziko dituela
noizbait.