BESTE AMEK
Lasterka heltzen naiz,
presaka alde egin.
Bizpahiru orduz biziraun dezakezu,
gehienera, ni gabe.
Ezin dut ekidin amatasuna
lehiaketa bat dela
ohartarazi zidan lagunaz
maiz-maiz oroitzea.
Beste amek zoriontsuak dirudite
paseo goiztiarrenetan.
Egiaz ez ote dute ezer
bestela egiten saiatzeko
premiarik sentitzen?
Beste amek liluraz dihardute
erdiondoko saioetan.
Kokots dardartiz ni, biluzi,
neurez kafe bat ere
hartuko ez nukeenekin mintzo.
Beste amek badakite
apnean bizitzen;
ez dute gogoan Sylvia Plath,
ez dute aditzen erre usainik.
Pertzentiletik kanpora ni,
besteek homologatzea nahi eta
izan behar zuenaren eta denaren
izan beharko nukeenaren eta
izatera iristen naizenaren
arteko tarte honetantxe
labainka.