NIRI ERE BAI
Nik banekien, eta hala ere egin zidaten.
Nahia Alkorta
Azpil bete guraize,
bentosak eta odola,
lausotan.
Terrorezko film bat,
bbvaren spot sonatua,
arnasten ahaztu zitzaidan eguna.
Bere izenik ere aipatu ez zidan
ginekologoaren aurpegia
—musuko batek erditik bi egina—,
emagin gazteari hatzak goratuta bota zion
“ponme crema” hura.
“Este parto lo voy a dirigir yo”.
Azalpenik gabeko presa.
Eta hatzak baginan.
Hatzak sabelaren goialdean.
Saihetsetan. Eztarrian.
Egin al daiteke
garrasi
barrurantz?
Beste modu batera
hitz egin ziezadala erregutzeko
zorian egon nintzen.
Irentsi egin nituen hitzok
eta eskerrak —edo ez, ez dakit—.
Mamurtu ahala irentsi
erditze-plana bera ere.
Amore eman nuen;
zabalik behar nuenean
neure baitara oskoldu.
Utzi egin nintzen, nion;
egin nirekin nahi duzuna.
Arindua baizik ez nuen sentitu
nire gainean jarri zintuztenean
—ezin nezake gogoratu nork
jarri zintuen ere—.
Nago, sarri irakurri izan dudala bortxaz
urruneko zerbait balitz bezala,
besteri bai baina norberari
gerta ez dakiokeen zerbait.
Erditze normala.
Hala ageri zaigu paperetan.