NUKLEAR
Bat-batean gertatu da.
Egun batetik bestera,
jendeak “agur, familia”
esaten digu kalean.
Ez dakit, arraroa da, ez naiz ohitzen
agiri ofizialetan zure izena
gure bi abizenen ondoan
irakurtzera.
Ama naiz. Amatu nintzen
behin
eta ikusezina naiz ordutik,
titiburuak haragi bizitan
badaramatzat ere.
Aita da. Aitatzen dute —bi adieretan—
behin
eta berriro,
fularrean bilduta aldean
zaramatzalako.
Koloreak inertziak patroiak
irauli asmo genituen baina
honezkero ez ote zara ohartu
autoa nork gidatzen duen?
Biotako nor doan atzean
zure aldamenean kantari.