Aurkibidea
ERRETENA GAINEZKA
Euri sarriak etxe aurreko
errepide koxkorraren
bazterreko erretenari
gainezka eginarazten zionean,
aitzurrarekin ttirriki-ttarraka
bidea irekitzen zion urari.
Inork ordaindu gabe,
inoren mehatxurik gabe,
auzolanaren zentzurik gabe,
alegia deus ez hutsaren truke.
Ez zen inor baino hobea,
ezta bereziki eskuzabala ere,
antipatikoa zen, ezer izatekotan.
Baina erreten gainezkatuak
aitzurra eskatzen zionean
ez zuen inoiz hutsik egiten.
Euria, erretena, aitzurra
eta norberaren eskuak
munduari zentzua ematen.
Zikoitzik zikoitzenarentzat ere,
paradisu infinitu baten miniatura.