Aurkibidea
ZORTZI ABIZEN EUSKALDUN
Zortzi ez,
hamasei,
hirurogeita lau,
lau mila eta laurogeita hamasei
abizen euskaldun
dauzkadala uste dut.
Nahi edo behar dituzuen adina.
Ikertu itzazue beldurrik gabe.
Neu ere iker nazakezue,
miatu kanpo eta barru
zokondorik gordeenetaraino.
Nahi edo behar dituzuen
ondorioak oro ateratzeko
erraztasunak emango dizkizuet,
antropologia garaikidearen
garapen zuzenaren mesede.
Ezer ondorioztatzekotan, baina,
zeuen abizenei egotzi epaia.