Aurkibidea
EZ LEHEN BEZAIN SUHAR
Zeres, Eris, Haumea,
Makemake, Orko,
Sedna, Varuna, Hi’iaka,
Namaka eta Quaoar
ezagunago eta minago
ditut 2006ko abuztuan,
nirekin kontsultatu gabe,
aurretik abisatzeke,
planeta handien multzotik
erauzi nindutenetik,
ni, Pluton, beti
haien artekoa izan nintzena,
zerrenda guztietan azkena
baina horrexegatik beragatik
bereziki gogoan hartua,
bereziki maitea.
Zeres, Eris, Haumea...
Haiei esker jarraitzen dut,
lehertu eta mila puskatan
desegin eta zatitu beharrean,
espazioan biraka,
ez lehen bezain suhar
baina etenik gabe,
arnasari arnasa emanez,
zaputzean bizirik,
ttirriki-ttarraka.
Eskolan, behiala, aspaldi,
planeta bat naizela ikasi
eta oraindik ere,
ezjakinean edo elkartasunez,
nostalgia hutsez bestela,
planetatzat, eta ez planetoidetzat,
nauzuen gehienonaren adinako
ttirriki-ttarrakan.