Aurkibidea
ASTIRO
Astiro, esan dio
amonak bilobari
etxe atariko aulkian
duen egoitza finkotik,
neska koxkorra baratzean,
bizitzan estreinakoz,
artajorran ikusi duenean,
edo, ondoan eserita,
hariak txirikordan,
eskumuturreko bat egiten.
Astiro hitza darabil buruan
orduan neska koxkorrak,
pentsatzen ari dela
ohartu ere egin gabe.
Amonari baino
entzun ez dion hitza da.
Poliki, esaten dute besteek,
xuabe, lasai, mantsoago,
no hay prisa, despacio,
doucement, patience...
Neska koxkorrak ez daki,
une hau ahaztu arren,
astiro hitzetik abiatuta
tesi zorrotz bikaina idatziko duela
hogeitaka urte barru,
edo izenburu Astiro
duen poema liburu
kritikariek nekatu arte laudatua,
zahartzen hasten denean.
Neska koxkorrak ez daki
etxe atariko aulkian eseri
eta dena astiro joan dadin
desiratzea, opatzea eta eskatzea
dela funtsean bizitza
—are etxe atariko aulkitik urrun
itsasorantz hippy biluzik
lasterka egitean ere,
edo pogoa dantzatzean punk
auskalo nongo londonzulo argi-peituan—,
eta ez du jakingo,
—beharrik ere ez, astiro hobe—
tesiarekin cum laudea
eskuratutakoan
edo poema liburuari esker
Euskadi Saria jasotakoan ere.