Aurkibidea
HEZURREN MINTZOA
Utzi egin behar diozu
laster egiteari, gizona!
Ba ez dakizu ba,
medikuak esan gabe ere,
mesedegarriagoa dela,
adibidez, igeri egitea,
guretzat batik bat,
kalte egiten digulako
asfaltoaren aurkako
talka bortitz bortxatuak.
Zer uste duzu garela?
Zer uste duzu zarela?
Utzi egin behar diozu
laster egiteari, gizona!
Gure mintzik barnekoetaraino
daukazu sartua
ohartuki zein oharkabean
bizi izan duzun oro,
beteta gauzkazu, enpo,
eta ez gaude jada
zure apeta txoroen
mende bizitzeko.
Ez zara jabetzen zu garela?
Ez zara jabetzen gu zarela?
Utzi egin behar diozu
laster egiteari, gizona!
Harrapatu behar zaituena
aspaldidanik da bidean,
horretaz jabetua egoteko
nahikoa behar zenuke
guri kasu pixka bat egitea,
baina laster egitera irteten zara,
zer eta erlojuari begira gainera.
Noiz ikasiko duzu
hezurretan, hezurrekin,
hezurretatik ulertzen?