Aurkibidea
DENA TAMAINAN
Ondo zaude.
Sustoa baino ez da izan.
Autoaren kolpea ere, txikia.
Lanean dena mendean duzu.
Kezkatzen zintuzten min arraroak
ez dira ezer, medikuak esan zizun.
Etxean ere dena ondo,
ez arazorik gabe
baina betiko martxan.
Hildakoak ere neurrian,
neurrian ahaztuak
neurrian gogoratuak.
Munduan albiste onak gutxi.
Baina ez gaude gerran ere.
Dena tamainan.
Eta adina ere, tira, azken batean,
zer nahi duzu ba,
zeurea, duzuna, dagokizuna.
Hil beharra ere egongo da,
baina oraindik ez da tokatzen.
Ondo zaude.
Baina zeure buruari
ondo zaudela esan
eta erakutsi behar izan diozu.
Gaixorik egon gabe ere,
a zer sendatzeko gogoa!
Hala izango ote da beti
hemendik aurrera?
Ondo zaude, bai.
Zeure buruari ondo zaudela
esan behar hori kenduta.