Aurkibidea
LEHEN PARTEA
BIGARREN PARTEA
HIRUGARREN PARTEA
Aurkibidea
LEHEN PARTEA
BIGARREN PARTEA
HIRUGARREN PARTEA
Eta zu, hainbeste aldiz aipatua,
nor zaren pentsatzen ariko zara.
Zu agian polizia zara,
komisaria bateko mahai batean
nire asiloaz erabakitzen ari dena.
Zuk ikusiko duzu
nirekin zer egin.
Edo zu, agian, nire ama zara
Fatimatu Diallo
hitz batzuk ostu dizkizut,
barkatu,
hau dena ez dizut kontatu orain arte.
Edo zu zara Fatumata Binta
edo zu Rouguiatou
nahi nuke jakin dezazun
Ibrahima ez dela zutaz ahaztu.
Baina kontakizun honek zu gehiago ditu,
zu zara Ismail
edo zu zara Emi
galdetzen dizut gaur bizi ote zaren,
eta non zauzkan zoriak.
Edo zu zara beharbada
orain basamortua zeharkatzen ari zarena,
edo basoan zaudena programa baten zain,
zuretzat ere bada informazio hau guztia.
Edo zu zara honaino iristen lagundu didana,
Oranen edo Irunen,
zenbat zu.
Edo sinpleki
zu zara zu
orain poema hau irakurtzen ari dena.
Esango duzu
zu hori ni naiz?
Bai
nahi baduzu
zu hori zu zara,
baina ni ez,
ni Ibrahima naiz,
eta hau da nire bizitza.
Liburu hau Alhassane Balderi eskainia dago.