Aurkibidea
LEHEN PARTEA
BIGARREN PARTEA
HIRUGARREN PARTEA
Aurkibidea
LEHEN PARTEA
BIGARREN PARTEA
HIRUGARREN PARTEA
X
“Zuk maitasun pixka bat behar duzu, Ibrahima”, esan zidan lagun batek, “pertsona bat aurkitu eta eskutik heldu, horrek lotuko zaitu bizitzara”. “Badakit”, erantzun nion, “nik ere nahiko nuke hori, eta egun batean familia bat eraiki, nire ilusio handiena da. Baina orain ezin dut, kezka gehiegi daukat gorputzean”.
Eta hala da, hemengo jendeak ez du sinisten, baina nik ez dut nire herritik abiatu nintzenetik maitasun harremanik izan. Ez dut bilatu. Eta ez naute bilatu. Tout simplement. Basoan nengoenean, batzuetan, emakume bat hurbiltzen zitzaidan eta galdetzen zidan, “Ibrahima, joango zara guretzat ur bila?”. Nik, “noski”, erantzuten nion, eta joaten nintzen. Ahal nuen guztian hari laguntzen saiatzen nintzen, baina zerbait ezin nuenean, “ez, hori ez da posible”, esaten nuen.
Zuk buruan asmo bat duzunean zure bihotzak hori landuko du, eta horren bila abiatuko da, baina ez baduzu pentsatzen bihotza mutu egongo da, eta gogoa ez da abiatuko. Beraz, egia da, nik ez dut bidean holako esperientziarik izan, baina horrek ez nau kezkatzen, rien du tout. Ni kezkatzen nauen bakarra nire bizitza da. Noiz eta non ikusiko dut ama? Eta zer pentsatuko ote du hark ni ikustean?
Buruan dudan bakarra hori da.