Aurkibidea
LEHEN PARTEA
BIGARREN PARTEA
HIRUGARREN PARTEA
Aurkibidea
LEHEN PARTEA
BIGARREN PARTEA
HIRUGARREN PARTEA
II
Aitak zapatak saltzen zituen. Kalean saltzen zituen baina zapatak etxekoak ziren, des repose-pieds. Etxea ez da korrika ibiltzeko lekua. Salmenta postutxoa gure etxetik bostehun metrora zegoen, mahai txiki bat bide bazterrean. Han egoten zen aita egun osoan. Noizbehinka norbait etortzen zitzaion eta hitz egiten hasten ziren, lehenik etxeko zapatez eta gero diruaz. Orduan aita oso pozik jartzen zen. Baina poza ez da gauza luzea. Eta diruaz hitz egin eta gero, bi banbu zati ateratzen zituen mahaipetik eta zulo txiki bana egiten zion bakoitzari. Zati bat aitak gordetzen zuen eta bestea erosleak eramaten. Zorra zuloaren lodieraren araberakoa izaten zen. Holako banbu asko zeuzkan aitak bere mahaiaren azpian. Esaten zuen egun batean zapatak utzi eta txirula jotzen hasiko zela, baina zapatak saltzen segitzen zuen.
Tarteka otoitz egitera joaten zen eta ni bakarrik gelditzen nintzen mahaitxoan. Jendea inguratu eta gure zapatei begira egoten zen. Baina nik, “ezin dizut saldu”, esaten nien, “zaharra ez dago hemen, haren zain egon behar dut”. Nik ez nuen diruaren tonalitatea ongi ezagutzen, eta ez nekien paper bakoitzak zenbat balio zuen. Oso txikia nintzen. Orduan, zaharraren zain egoten ginen. Zaharra nire aita da, Mamadou Bobo Balde du izena.
Bost urtetik hamahiru urtera bizi izan nintzen aitarekin, Konakryn. Bostetik hamahirura zortzi zenbaki daude, baina Konakrytik gure herrixkara pixka bat gehiago, gutxi gorabehera laurehun eta hogeita hamar. Bakarrik abiatzeko gehiegi. Etxeko zapatekin ezin da hainbeste ibili. Hori esaten zidan aitak, ez nintzela iritsiko. Beraz haren ondoan egoten nintzen gure bide bazterreko mahaitxoan, ama ikusi gabe.
Baina banuen lagun bat, ni baino zaharragoa, ni asko maite ninduena. Behar nuen guztia eskatzeko esaten zidan. Batzuetan zapatak eskatzen nizkion, eta ematen zizkidan. Besteetan jateko zerbait eskatzen nion, eta ekartzen zidan. Anaia txiki baten gisan zaintzen ninduen. Lagun horrek Muhtar zuen izena. Behin, amari gutun bat idazteko eskatu nion, eta idatzi zuen. Biak batera joan ginen Konakryko geltokira eta han beste norbaiti eman genion herrixkaraino eraman zezan. Ez dakit bizikletaz joan zen edo autobusean, baina badakit iritsi zela. Distantzia ez da arazoa gutun batentzat.
Asko gogoratzen naiz ni amarekin. Nire ama Fatimatu Diallo da, eta hilabeteak dira ez dudala harekin hitz egin. Ez daki Europara iritsi naizenik ere.