Aurkibidea
LEHEN PARTEA
BIGARREN PARTEA
HIRUGARREN PARTEA
Aurkibidea
LEHEN PARTEA
BIGARREN PARTEA
HIRUGARREN PARTEA
XII
Nik, aukeran, nahiagoko nuen seme zaharrena ez izan. Beharbada bigarrena, edo azkena, baina zaharrena ez. Horrek gauzak pixka bat aldatuko zituen. Baina hori jainkoak erabaki du, eta nik ezin dut ezer esan. Gure etxera ni lehen posizioan iritsi nintzen, eta bigarren posizioan Alhassane.
Liberiatik itzuli nintzenean Alhassane haurra zen artean, baina gauzak ulertzen hasia. Falta izan nintzen denboran asko handitu zela iruditu zitzaidan. Etxeko zaharrena zarenean askotan gertatzen da hori, ardurak gorputza luzatzen du. Gainera bere irakasle denek esaten zuten, “haur honek gauzak azkar ulertzen ditu”.
Ama ospitalera eraman genuen egunean, “koto, zuk zer egingo duzu orain?” galdetu zidan. Koto, gure hizkuntzan, anaia handia da. “Ama gaixo dagoen artean ni etxean geratuko naiz”, erantzun nion, “ez naiz Liberiara joango”. Alhassanek ez zuen ezer esan, baina oso pozik jarri zen. Irri egin zuen, ezpainekin. Eta begiekin.
Alhassane goizean goiz abiatzen zen eskolara, etxetik hara bide luzea zuelako. Gutxi gorabehera bederatzi kilo. Eta bere pausoak laburrak zirelako. Hamaika urte zituen. Egun batean bizikleta zahar bat ekarri nion, eta harekin azkarrago egiten zuen joan-etorria. Etxera itzultzen zenean, putzuan arropak garbitzen nengoela jakiten bazuen, nire ondora etortzen zen eta ezer galdetu gabe hasten zen laguntzen.
Alhassanek bazekien gure etxeko ahalen heina zein zen. Eta ez zuen inoiz ezer eskatzen. Ni ohartzen nintzen zerbait nahi zuela, agian oinetako berri batzuk, edo jantzi politak, berak ere ikusten zituelako bere lagunak halakoekin. Baina ez zuen inoiz ezer eskatzen, bazekien ezin genuela. Nik bere begietan ikusten nuen dena, eta ahal nuena ematen saiatzen nintzen. Batez ere eskolara pozik joan zedin. Aitak enkargu hori utzi zidan, “Ibrahima, zu saiatu ahal duzun guztia egiten Alhassanek ikasten segi dezan”.
Esaldi horrekin askotan oroitzen naiz orain.