Miñan
Miñan
2019, nobela
152 orrialde
978-84-17051-34-1
Azala eta mapak: Yanaita Araguas
Amets Arzallus Antia
1983, Hendaia
 
 

 

III

 

 

Hiru egunez ez nuen ezer jan, ez edan. Ezin nuen. Lagunek eskaintzen zidaten baina nik, “ez”. Nire gorputza zen, edo nire burua. Ez dakit. Oreka galtzen nuen. Eta pausoa. Esertzen nintzen lurrean, eta pentsatzen nuen, “non nago?”, eta ez nengoen han. Galdetzen nuen, “norekin ari naiz hizketan?”, eta ez nintzen ari inorekin. Jendea arraroa zen. Arraroa ni. Hankak. Eskuak. Gorputza. Dena arraroa.

      Jaarama buy. Hori gure hizkuntzan mila esker da. Esan dizut lehenago? Barkatu, erotzen ari naiz. Zerbait eskaintzen zidatenei hori esaten nien, “jaarama buy”, eta eskaintzen ez zidatenei ere bai, “jaarama buy”. Hitzak arraroak, arraroa ni, arraroa dena. Hola hiru egun.

      Laugarrenean Alhassaneren bila abiatu nintzen.

      “Naufrage” esan zidaten, eta “naufrage” entzun nuen. Baina ni ezin nintzen ziur egon, eta haren bila segitu nuen. Leku beretan, jende beraren artean. Hurbildu eta argazkia erakusten nien, “bai, miñan, anaia txikia, ikusi duzu?”. Eta gero galdetzen nien, “zuk uste duzu ehun eta berrogeita lau lagun zodiak batean posible dela?”. Batzuek ezetz erantzuten zidaten.

      Aste oso bat, hamar egun. Bi aste. Hiru. Hola. Itsasoari tragoka.

 

 

Beste pertsona bat bilakatu nintzen.

      Kalera atera, eta, “ez daukat bizitzeko intentziorik”, esaten nuen, “nahiago dut hil”. Bizitzari begira jartzen nintzen eta nazka ematen zidan. Ero bihurtu nintzen. Bai, ero bat, Sabrathako kale hutsetan, oinez. Tiroak entzunez, tiroak ikusiz, nondik zetozen kasurik egin gabe. Beste kale bat. Stop. Kalaxnikovek ez ninduten ikaratzen. Hiltzeko gogoak ikara jaten du.

      Baina ez osorik. Adibidez, ez nuen oiloen nagusi zaharra gurutzatu nahi, zeren eta akabatuko ninduen, berehala. Taf. Libian heriotza gauza banala da. Eta nik ez nion zahar hari plazer hori eman nahi. Baina hiltzeko gogoa nuen. Edo ez. Ez dakit.

      Ez nekien zer nahi nuen. Zaila da esplikatzea, batez ere zuri, zuk hori bizi izan gabe, eta Libia ezagutu gabe. Baina beste pertsona bat bihurtu nintzen, nire buruari ez nion nire antzik hartzen. Arabiar batek zerbait esaten bazidan, nik pentsatzen nuena erantzuten nion, eta gero erantsi, “orain zuk erabaki nirekin zer egin, nahi baduzu hil”. Baina ez ninduten hiltzen, beraz nire anaia txikiaren argazkia erakusten nien: “No?”. “No”. “Oke”.

      Eta bila segitu nuen.