Miñan
Miñan
2019, nobela
152 orrialde
978-84-17051-34-1
Azala eta mapak: Yanaita Araguas
Amets Arzallus Antia
1983, Hendaia
 
 

 

XXIV

 

 

Bi egunez ibili nintzen Zawiyan, hango campo guztietan galdezka. Argazki txikia erakutsi, “bai, miñan, Alhassane, ez?”. “Ez”. Alferrik. Han ere ez zen haurraren arrastorik, eta Sabrathara itzuli nintzen, gauez.

      Bi ginearrek lagundu zidaten. Menditik egin genuen bidea, zaharra ez ikusteko. “Bestela eliminatuko nau”, pentsatzen nuen, “bai, ez du zalantzarik egingo”.

      Sabrathara itzultzean hango campo denak begiratu nituen, Baba Hassanen biak eta beste zazpi. Haietan ere stock handia zegoen, dena immigrazio, denak abenturaren zain. Baina ez nuen Alhassane aurkitu. “Zoaz Sirtera”, esan zidaten, “agian han egongo da, edo Tripolin bestela, zoaz hara eta begiratu”. Baina ez nintzen joan, ez neukan dirurik. Jatekoa ere lagunek ematen zidaten, eskua luzatu eta kuskus pixka bat.

 

 

Bi hilabetez ibili nintzen Sabrathan. Bi hilabetez, bila. Higatu arte. Higatzean aldatzen hasi nintzen, hiltzeko ikara galtzeraino. Gau batean, esnatu, eta pentsatu nuen, “dagoeneko bizitza ez zait interesatzen, nahiago heriotza. Edo bestela miñan, Alhassane, baina ez aurkitzekotan, nahiago hilda”.