Aurkibidea
LEHEN PARTEA
BIGARREN PARTEA
HIRUGARREN PARTEA
Aurkibidea
LEHEN PARTEA
BIGARREN PARTEA
HIRUGARREN PARTEA
VII
Hemeretzi orduz ibili nintzen, goizeko seiak arte. Hondarrezko mendiak, hondarrezko haranak, hondarrezkoa dena. Han, zure pausoa berehala desagertzen da, eta inork ezin du esan, “bai, hemendik norbait pasa da”.
“Beste pixka bat segituko dut”, erabaki nuen, eta egun osoan ibili nintzen, oinez. Galtzak ere erantzi nituen, eta buru gainean lotu, eguzkiak ez jotzeko. Hola sei ordu, edo zazpi, ez dakit. Azkenean, “hemen utziko ditut” pentsatu, eta han utzi nituen, astunagatik, botata, galtzak. Eta aurrera segitu nuen. Galtzontzillo hutsik, eta oinetakorik gabe, hondar errearen gainean. Pauso gero eta txikiagoan.
Hemeretziak zero zerotan urik gabe gelditu nintzen, eta, “gizon hau laster hilko da”, kalkulatu nuen. “Gizon hau” esaten dudanean, gizon hori ni naiz. Ni, eta basamortua. Eta basamortua amaierarik gabea da.
Baina tarteka zerbait azaltzen da. “Bai, zerbait dago hor”. Hasieran pentsatu nuen autoak zirela, bi auto, bat hemen eta beste bat hor. “Polizia da”, ikaratu nintzen, baina ez neukan beste aukerarik, eta aurrera segitu nuen, harantz. Azkenean, ohartu nintzen ez zirela autoak. Bi kif ziren, bi kif, han.
Kif-ak plastikozko bidoi erraldoiak dira eta barruan ura dute, batzuetan. Besteetan, gasolina. Tuaregek uzten dituzte hor, badakitelako jendea oinez ibiliko dela, eta basamortuan oinez ibiltzea ez dela erraza. Bero handia egiten du, eta egarri itoa. Tuaregek badakite hori, eta horregatik egiten dute.
Bi kif, beraz. “Hurbilduko naiz”, erabaki nuen, eta ibili nintzen. Voilà. Bi kif-ak beteta zeuden, baina ez nekien zer zuten barruan, gasolina ala ura. Taparen bila hasi nintzen, eta bi kautxu luze zeuzkatela ohartu nintzen, haizez betetzen diren horietakoak, bizikletenak bezalakoak. Korapiloak askatu, eta ura ateratzen hasi zen, indarka, kif-a zulatuz. Ura, nire gainera burrustan. Bai, ura.
Ahoa zabaldu eta edan nuen. Asko edan nuen. Gero kautxu luze bati heldu, eta ura barrura sartzen saiatu nintzen. Baina kautxua zulatuta zegoen, lau lekutan. Orduan, kamiseta erantzi, eta kautxuari lotu nion, urak zuloa ez ikusteko gisan. Hola lortu nuen biderako ur pixka bat hartzea. “Orain abia ninteke”, pentsatu nuen. Eta abiatu nintzen.
Basamortuan zoazenean, batzuetan, haize handiak jotzen du. Ezin zara ibili ere egin. Gelditu egin behar duzu, eta babestu, hondarrak minik ez emateko. Han egongo zara ordubetez. Edo bi orduz. Haizea nekatzen bada zuk zure bideari segituko diozu.
Hiru egun egin nituen oinez. Hirurogeita hamabi ordu. Ura edanez bakarrik. Beti bideari ihesi. Batzuetan izutzen nintzen, “hor zerbait dago”, pentsatzen nuen, eta makurtzen nintzen. Gero, “hor ez dago ezer”, ikusten nuen, eta berriz abiatzen nintzen, nekatu arte. Begiak ixten nituen, ireki arte. Eta berriz abiatzen nintzen, nekatu arte. Azkenean argi batzuk ikusi nituen. “Hori Timiauine da”, pentsatu nuen. Eta hala zen.
Timiauine, Aljeria.