Aurkibidea
LEHEN PARTEA
BIGARREN PARTEA
HIRUGARREN PARTEA
Aurkibidea
LEHEN PARTEA
BIGARREN PARTEA
HIRUGARREN PARTEA
IV
Emi kamerundar bat da, Sabrathan ezagutu nuen, Baba Hassanen trankilo-an. Orain ez dakit non dagoen, ez dakit bizirik dagoen ere. Agian bai, inshallah. Ni hark atera ninduen Libiako itsaso zikin horretatik.
“Ibrahima, zu mamuekin borrokan ari zara”, esan zidan.
Emik beste taktika bat zerabilen hitzekin, batzuetan zaila zen hari segitzea. “Ibrahima, zuk bilatzen duzuna ez duzu sekula aurkituko”, esplikatu zidan, “edo agian, orain, beste zerbaiten bila zabiltza”. “Ez dizut ulertzen, Emi”, erantzun nion. “Zu zigor baten bila zabiltza”, jarraitu zuen, “norbaitek jo egin behar zaitu, edo preso hartu, eta torturatu”. “Ah bon?”. “Bai, zuk erruaren zama daramazu, eta norbaitek hil arte zigortzea behar duzu. Orduan, zure buruarekin ados egongo zara, ados eta bakean”. Eta isildu zen, hiru segundo, edo lau, eta segitu zuen. “Bizitzen saiatu behar duzu, Ibrahima, zure barruko itsaso zikin horretatik atera, eta lurrean ibiltzen hasi, beldurra sentitu, min hartu, besteok bezala”. “Zuk nire mina ez dakizu zer den, Emi”, erantzun nion, “zuk ez duzu anaia txikia galdu Ibrahimak bezala”. “Hala da”, onartu zuen, “arrazoi duzu, eta Emirentzat hitzak zailak dira orain. Beste gisa batera esango dizut: nahi duzu bihar goizean nirekin lanera etorri?”.
Sabratha ondoan, Zintanen, chantier txiki bat ezagutzen zuela kontatu zidan. Nagusiak arabiarrak zirela, baina ez nik ezagutzen nituenak bezalakoak. Esplikatuko ziela ni bere laguna nintzela eta agian lana emango zidatela. “Pentsatu behar dut, Emi”, erantzun nion.
Nire zain egon zen.
“Pentsatu duzu?”. “Bai. Ni ez noa chantier horretara, Emi, badakit nondik ihes egin nuen eta beldurra ematen dit berriz jende hori ikusteak”. “Ibrahima, han ez duzu beldurrik eduki behar, han ez zaitu inork joko, han lan egingo duzu eta ordainduko dizute”. “Zuk bermatzen didazu hori?”. “Bai”. “Oke”, etsi nuen.
Biharamun goizean Emirekin joan nintzen lanera. Egun osoa adreiluak lekuz aldatzen pasatu genuen. Adreiluak hartu eta adreiluak utzi, adreiluak hartu eta utzi. Hori zen lana. Hori eta Alhassane. Alhassane esaten dudanean esan nahi dut nire errua, nire utzikeria, faute de négligence.
Gau batean, Emirengana hurbildu, eta, “Emi, nekatu naiz hemen, Aljeriara itzuli nahi dut”, esan nion. “Lagunduko didazu garraioa aurkitzen?”. “Oke”, erantzun zidan.