Aurkibidea
LEHEN PARTEA
BIGARREN PARTEA
HIRUGARREN PARTEA
Aurkibidea
LEHEN PARTEA
BIGARREN PARTEA
HIRUGARREN PARTEA
X
Malitik datorrenarentzat Bordj Aljeriako bigarren herria da. Batzuek Bordj Mokhtar esaten dute, baina niri gauzak motz esatea gustatzen zait. Timiauinetik Bordjera ehun eta berrogeita hamabost kilo dira. Nik kilo esaten dudanean, jendeak, kilometro, zuzentzen dit. Hori hemen gertatzen zait, baina Afrikan ez da hola, han gauzak motz esatea gustatzen zaigu. Kilometro esaten baduzu bidea luzeagoa da.
Bordj ehun eta berrogeita hamabost kilo. Baina Timiauinetik Bordjera ez da Taalandatik Timiauinera bezala. Hondarra berdina da, eta haizea ere bai, baina bidea gudroizkoa da, eta hola errazagoa da, azkarrago ibiltzen zara. Bordj ehun eta hogei kilo. Hiru lagun ginen, ni, Ismail txikia, eta Maliko bat. Tarteka beste norbait ikusten genuen, hondarretan, gorpu, postura arraroan. Aurpegian egarria, egarri handia. Basamortua hola da. Bordj laurogeita hamar kilo. Maliarrak ezin zuen gehiago, eta bide ertzean gelditu zen. Guk aurrera egin genuen, zer egingo genuen bestela? Bordj hirurogei kilo. Ismail txikiak suge luze bat ikusi zuen, bidea zeharkatzen. Zain egon ginen, erdi ezkutuan, sugea desagertu arte. Gure herrian sugeari zerbait eginez gero zorte txarrari deitzen diozu, beraz, bidean zoazenean sugeak du lehentasuna. Bordj berrogei kilo. Gauez lo egiten genuen, hondarretan etzan, eta lo. Loa garrantzitsua da, indarra hartzeko, eta pixka bat ahazteko. Ahazten duzunean zure gorputza arinagoa da, eta errazago ibiltzen zara. Bordj hogeita bost kilo. Lau egun egin genituen bidean, eta bosgarrenean Bordjera iritsi ginen.
Bordjen bi hilabetez aritu ginen lanean, zimenta nahasten. Lo ere zimentaren ondoan egiten genuen, eta izerditan esnatzen ginen. Lana goizeko seietan hasten zen eta ez zen sekula bukatzen. Etxe batzuk teilaturaino handitzen zirenean ondoan beste batzuk jaiotzen ziren, eta zimenta gehiago zegoen nahasteko.
Azkenean, pentsatzen hasi, eta, “hemen etxeak oso handiak dira, eta gu txikiak gara”, kalkulatu nuen. Gu txikiak garela diodanean esan nahi dut diru gutxi irabazten genuela. Beraz, Ismail txikiarengana hurbildu, eta, “zergatik ez gara beste herri batera mugitzen?” galdetu nion. “Oke”, erantzun zidan.
Regganera abiatu ginen, pick-up baten atzeko partean ezkutatuta. Hamazazpi mila dinar ordainarazi ziguten bidaia, eta bi ahuntz kabitzen diren lekuan hamasei pertsona sartu gintuzten. “Koto, hurrengoan autobusa hartuko dugu”, esan zidan Ismailek, eta Regganetik Adrarrerakoa autobusez egin genuen.