Aurkibidea
LEHEN PARTEA
BIGARREN PARTEA
HIRUGARREN PARTEA
Aurkibidea
LEHEN PARTEA
BIGARREN PARTEA
HIRUGARREN PARTEA
XVIII
Basoan bizi zarenean, Tangerren, edo Nadorren, berdin dio non, bada beti beste baso bat, ikusten ez dena, bakoitzak bere baitan daramana. Jendea isilik dago, inork ez du ezer kontatzen, baina begiratzen diozu begietara, eta sumatzen duzu baduela zerbait, ihes egin ezin diona. Polizia erraza baita driblatzen, baina beste hori ez.
Beste hori esaten dudanean esan nahi dut bakoitzaren historia.
Nik ez bainuen abenturara abiatzeko intentziorik. Ni kamioiak gidatzen ikasten ari nintzen, eta pentsatzen dut pixka bat segitu banu laster lanean hasiko nintzela. Ofizio horrekin nire familia mantentzeko modua izango nuen Gineatik atera gabe. Hori zen nire helburua. Baina anaia txikiak alde egin zuen eta nire destinoa aldatu zen.
Aljertik, amari deitu nion. Ostirala zen. Esplikatu nion ez zuela Alhassane berriz ikusiko, eta garrasika hasi zen, negarrez. Momentu hartan negar asko egin zuen amak. Gerokorik ez dakit. Telefonoaren kreditua agortu zen, eta ezin izan genuen elkarrizketa bukatu. Deia moztu zenean nik ere egin nuen negar, maite nuelako haur hura.
Horregatik, beste hori esaten dudanean esan nahi dut bakoitzaren historia. Norberaren ametsak eta erruak. Baina alferrik da, basoan zaudenean, atzea urrunegi dago, eta aurrea ez dakizu existitzen den. Basamortuaren eta itsasoaren artean harrapatuta zaude, erdi-erdian, animalia bat bezala. Eta hori da, Tangerren edo Nadorren, gutako bakoitzak isil-isilik daramana, bere hesteetan.
Hemen ere, beste horrek egunero atakatzen nau ni, eta beldur naiz. Beldur, nire arreba txikiak ere galduko ote ditudan. Rouguiatou eta Binta. Etxetik joan baino lehen bazen gure artean hitzez esplikatzen erraza ez den mugimendu bat. Esaten nien guztia entzuten zuten, eta beti ados zeuden nirekin. Baina etxetik abiatu nintzenetik denbora asko joan da, eta denborak dena aldatzen du.
Horregatik, ahal dudanean, nire amari deitzen diot, eta galdetzen, “ama, arreba txikiak ongi daude?”. Orduan amak arreba txikiei ematen die telefonoa, eta galdetzen didate, “Ibrahima, oroitzen zara gurekin?”.