Miñan
Miñan
2019, nobela
152 orrialde
978-84-17051-34-1
Azala eta mapak: Yanaita Araguas
Amets Arzallus Antia
1983, Hendaia
 
 

 

III

 

 

Kamioira laurogeita hamalau pertsona igo ginen, ehun ken sei. Kidalen, denak jaitsi eta banan-banan berriz kontatu gintuzten. “Berrogei, hirurogei, laurogei, gehi hamalau, laurogeita hamalau, c’est oke”. Eta berriz abiatu ginen, basamortu zabalean.

 

 

Zuek hemen itsasoa duzue baina guk han basamortua dugu. Zure begiek ez badute inoiz basamorturik ikusi ezin duzu ongi ulertu hori zer den. Basamortua beste mundu bat da, sartzen zara hara eta pentsatzen duzu, “ez naiz inoiz hemendik aterako”.

      Han, denek dute elkarren antza. Arabieraz hitz egiten dute, edo tuaregez, edo tuaregak direla diote baina arabieraz hitz egiten dute. Nik ez dut ezagutzen haien arteko desberdintasuna. Nik denak Boko Haramekoak kontsideratzen ditut, edo Estatu Islamikokoak. Baina ez dakit ongi.

 

 

Bost egunez ibili gintuzten kamioian, jatekorik gabe. Edateko ura, bidoi txiki bat, besterik ez. Batzuek botaka egin zuten, besteek dena galtzetan. Han, txizalarriak jotzen bazaitu galtzetan egin beharko duzu, ez duzu beste aukerarik. Kamioia ez da geldituko.

      Nik Aljeriara gindoazela uste nuen, hala esan zidaten Gaon. Beste batzuek “Italia” esan zuten, eta Italiarako kamioian sartu zituzten. Gehienek “Espainia” hautatu zuten, eta Espainiarako kamioira igoarazi zituzten. Baina hori dena gezurra da, dirua harrapatzeko joko bat.