Aurkibidea
LEHEN PARTEA
BIGARREN PARTEA
HIRUGARREN PARTEA
Aurkibidea
LEHEN PARTEA
BIGARREN PARTEA
HIRUGARREN PARTEA
XV
Nzerekore Gineako eskualde baten izena da, Konakrytik hara gutxi gorabehera mila eta hirurehun kilo daude. Ni han ibili nintzen hiru edo lau urtez, kamioi batean, gidari batek aprendiz bezala onartu ninduelako. Aste batean Konakrytik Nzerekorera joaten ginen, eta hurrengo astean Nzerekoretik Konakryra itzuli. Gizon hark asko egin zuen nire alde, ofizioa erakutsi zidan.
Gogoratzen naiz gau batez nola gindoazen Banankoro aldera, mendian gora. Kamioia oso kargatuta generaman eta sufritzen ari zen. Ni konturatzen nintzen horretaz baina isilik nengoen, kamioiari pixka bat laguntzen saiatzen nintzen. Halako batean ka-ka-ka-ka-ka... harrabotsa entzuten hasi ginen. Nagusiak behera jaisteko esan zidan eta zarata hori nondik zetorren begiratzeko. Jauzi egin nuen kanpora. “Sartu lehen abiadura eta egin poliki aurrera”, agindu nion. Hala egin zuen. Baina, ka-ka-ka-ka-ka... berriro karranka. “Zarata hori zubiaren azpiko aldetik dator”, esan nion, eta hark, “le roulement”, erantzun zidan, “le roulement est gâté”.
Kamioia baztertu eta bide erdian jarri ginen, ea norbait pasatzen zen. Hogei minutu, berrogei minutu, ordubete. Han pasatzen zen bakarra denbora zen. Azkenean moto bat igaro zen gauaren erditik eta hura geldiarazi genuen. Nagusia Banankororaino joan zen errodamendu berri baten bila. Ni kamioia zaintzen gelditu nintzen, bide bazterrean.
Handik bi egunera itzuli zen nagusia.
Orain badakit arazoa noiz dagoen motorrean eta noiz zubian. Motorraren ahotsa ongi ezagutzen dut, eta ahotsaren aldaketak ere bai. Baina arazoa elektrikoa bada, ez dakit zer egin behar den. Gidatzen bai, badakit pixka bat, batzuetan uzten zidan nagusiak. Hiru edo lau kilo, kamioia hutsik zihoanean, eta bihurgunerik ez zetorrenean. “Ibrahima, ekarri bidoia”, esaten zidan, eta nik hamar litroko bidoia ematen nion eskura. Gidariaren eserlekuan kokatzen zuen, eta, “zatoz”, agintzen zidan. Ni bidoi haren gainean esertzen nintzen, eskuak bolantean.
Hola ikasi nuen gidatzen.