Miñan
Miñan
2019, nobela
152 orrialde
978-84-17051-34-1
Azala eta mapak: Yanaita Araguas
Amets Arzallus Antia
1983, Hendaia
 
 

 

XXII

 

 

Gau osoa igaro genuen itsasoan, noraezean. Jendea negarrez hasi zen, batez ere emakumeak, baina ez emakumeak bakarrik, kapitaina ere bai. Senegaldarra zen. Nik ez dakit nork izendatu zuen espedizio-buru. Itsasoa ezagutzen zuela esan zuen, baina kapitain batek bihotzean indar gehiago behar du, ausartena dela erakutsi, eta hark haur batek bezala egiten zuen negar. Hola zaila da Europara iristea.

      Ni nire izpirituaren hegalak lotzen saiatu nintzen, ez gehiago pentsatzen, baina ez zen erraza. Amaren aurpegia ikusten nuen begien aurrean. Eta pentsatzen nuen, “Alhassane holako gau batez abiatuko zen”.

 

 

Itsasoa oso zabala da, gaua bezala. Baina gauak, pixka bat itxaroten baduzu, ertz batean uzten zaitu, eta orduan eguna da, argia sortzen da. Itsasoaren luzera berriro bistaratzen da, eta pentsatzen duzu, impossible.

 

 

Halako batean zodiaka haizea galtzen hasi zen. Kapitainak jende guztia alde batera mugiarazi zuen, eta zodiaka ia uzkaili zen. Denek egin zuten oihu, eta gero negar. Nik ere bai. Beldurra hezurretaraino sartua nuen. Han, azkenekoz, lau aldeetara begiratu eta denetan gauza bera ikusi nuen: impossible.

      Batzuek trapuzko guba bat zeramaten soinean, beste batzuek bizikleten kautxua bizkarra inguratuz, une chambre à air. Nik ez neraman ezer, eta hori karga bat gehiago zen nire kontzientzian. Nik haiek baino esperantza gutxiago neukala kalkulatu nuen.

 

 

Hamaikak zero zero. Dena berdin.

 

 

Hamabiak zero zero, eta heriotzaren zain gelditu nintzen. Batez ere atzamarrez zodiaka zanpatu eta ohartu nintzenean ez zuela haize gehiagorik, hertzen ari zela erabat.

 

 

Hamahiruak zero zero, eta dena berdin. Heriotzaren zain segitzen nuen.