Aurkibidea
LEHEN PARTEA
BIGARREN PARTEA
HIRUGARREN PARTEA
Aurkibidea
LEHEN PARTEA
BIGARREN PARTEA
HIRUGARREN PARTEA
XVI
Sabrathara iritsi nintzenean nire trazako bat hurbildu zitzaidan. Esan zidan Europarako programa bat nahi banuen segitzeko hari, “nik ezagutzen dut horiek saltzen dituzten lekua”. Nik, “Baba Hassan?”, galdetu nion, eta hark baietz egin zidan buruaz, “haraxe goaz”.
Baba Hassan campo handi bat da, zabal-zabala. Han, nahi duzun tokian etzan zintezke, lurra hondarrezkoa da. Begiak gorantz itzultzen dituzu eta ez du teilaturik, dena da zeru. Begiak ezkerrera itzuli eta dena immigrazio. Eskuinera, eta gauza bera. Han, seiehun lagun baino gehiago ginen, asko ginearrak.
Lo hartu aurretik izena galdetu zidaten. “Balde Ibrahima”. Eta adina. “Hamazazpi”. Apuntatzen ari zena gizon bizarluze bat zen, eta zalantza egin zuen. Atzera galdetu zidan, “zein urtetan sortu zinen?”. “Le 4, 8, 1999”, zehaztu nion, “à Conakry”. “Oke”, erantzun zidan, eta hala idatzi zuen. Egun hartatik aurrera nire egiazko adina baino bost urte gutxiago ditut.
Truko hori Aljerian erakutsi zidaten. “Libian inportantea da hemezortzi urte baino gutxiago dituzula esatea. Hola ez zaituzte kartzelara igorriko eta kartzelara ez bazoaz, bizirik segituko duzu”. Beraz, gizon bizarluze haren aurrean berriz jaio nintzen, baina 1999an. Eguna ez nuen aldatu, le quatre du huit, abuztuaren laua.
Gero beste zenbait datu hartu zizkidan, baina ni logaleak nengoen, eta orain ez naiz ongi gogoratzen. Oroitzen naizena da zer esan zidan. “Hemendik aurrera zu Baba Hassanekoa zara, eta Europarako programa bat bilatzeko ezin duzu beste konpainia batera jo. Zure prezioa Baba Hassanek erabakiko du, eta ordaintzen diozunean esango dizu noiz abiatzen zaren”. “Oke”, erantzun nion. Ez nion esplikatu Libiara zertara joan nintzen, bestela kanpora bidaliko ninduen, edo makila bat hartu eta hezur bat hautsiko.
Sabrathako ohitura hola da, migratzaileak stockatzen dituen eremu bakoitzak bere trafikoa antolatzen du. Eta zu campo batera sartzen bazara harrapatuta zaude, ezin duzu beste konpainia batekin enbarkatu.
Lehengoan, hemengo batek esan zidan europarrek diru asko ematen diotela Libiari migranteak han blokeatzeko, eta horregatik daudela Libian ni bezalakoez betetako kartzelak. Nik ez dakit hori egia den, ez dut politika ongi ulertzen, baina badakit Libia zer den.
Libia kartzela handi bat da, eta zaila da handik bizirik ateratzea.