Aurkibidea
LEHEN PARTEA
BIGARREN PARTEA
HIRUGARREN PARTEA
Aurkibidea
LEHEN PARTEA
BIGARREN PARTEA
HIRUGARREN PARTEA
IX
Ikusten duzu mutiko hori, hor eserita dagoena, egurrezko aulkian?
Hori Ousmane da, orain dela bi hilabete iritsi zen Iruna. Aterpetxean beti liskarrak sortzen ditu, ez da sekula baretzen. Egun guztian ez du hitzik egiten, salbu zigarro bat eskatzeko, hori bakarrik, beste guztiak ahaztu zaizkio. Denek esaten dute erotuta dagoela. Bai, erotuta. Hitza erraza da. Baina nik ulertzen dut.
Nik ere badakidalako zer den izpiritua itzulika ibiltzea, eta abiatzen denean ez da erraza berriz ekartzea. Jende asko dago hola, nik ikusi dut. Libian, Aljerian, Marokon, jendea galduta, etsita, nahiago hilda, baina bizi. Bizi, jakin gabe norako, jakin gabe zertarako. Hemen ere berdin da.
Begira, hor dago Ousmane, gaur ere, bere egurrezko aulkian, ikusten duzu? Zer ari ote da pentsatzen? Lortuko ote du oroitzen duen guztia ahaztea?
Guk gorpu asko ikusi dugu bidean. Batzuk basamortuan, besteak itsasoan. Hilotzak han daude, guk mugitzen segitzen dugu. Hori da diferentzia. Baina gure mugimenduak beste norbaitek antolatzen ditu. “Zoaz hara”, esaten digute, eta gu hara goaz. “Zatoz hona”, esaten digute, eta gu hona gatoz. Galderarik egin gabe. Egunak pasatu. Aulkian eseri eta zigarro bat erre. Norbaitek beste bat eskaini arte.
Orekaren haria mehea da, eta zaila da ez etetea. Horregatik, gaur, Ousmaneren ondoan eseri naiz, eta esan diot, “ez askatu, Ousmane, eutsi”. Sentsibilizatzen saiatu naiz, jarrera alda dezan. Baina erantzun dit, “koto, honezkero nire bizitza ez da konponduko”. Eta isilik geratu naiz, zeren eta nik ulertzen dut Ousmane. Bere hitzak, eta bere hitzik eza. Sufrimendu hori ez da pertsona batentzat egina.
Hola sufritzen baduzu zu ere gaixotuko zara. Zure buruak egurrezko aulki batean utziko zaitu, eta joango da. Agian, betiko. Jendea zure ondotik pasatuko da eta esango du eroa zarela. Bai, ero hitza erabiliko dute, beste hitz bat bailitzan. Hori erraza da.